gizartea
Azken Kilometro erraldoia
Maite Asensio Lozano
Aspalditik zetorren kezka jaia hartzen ari zen tamainarekin eta bilakaerarekin. Artolaren aurretik, Arantza Manterola izan zen Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari, eta azaldu du orain hamar urte jada bazegoela auziaz hausnartzeko beharra eta gogoa: «Kilometroak amaitzean egiten den memorian, urtero kezka berak errepikatu izan dira: jaia handiegia dela, eskuetatik joan zaigula, gaztetxoekin arazo bat dugula alkohol kontsumoari dagokionez, festa kontsumitzeko pentsatuta dagoela, parte hartzea jaisten ari dela... Azken batean, beste jai baten modukoa dela, eta eredu kontsumista horrek ez dituela islatzen ikastolen eredua eta balioak».
Moldaketak eta doikuntzak egin dituzte urteetan, baina, 2015ean, gogoeta sakon bat abiatzea erabaki zuten. Kilometroak jaia zertarako nahi zuten aztertu zuten, Mikel Egibar festaren koordinatzaileak gogoratu duenez: «Jaiak misio guztiz soziala du, baina ez genuen argi ikusten egun misio hori betetzen denik; nolabait ere, ludikotasunaren gizarteak desbideratu egin du festak jatorrian zeukan aldarrikatzeko premia. Eta, egun, euskal hezkuntza sistemak eta euskarak oraindik eskatzen dute aldarrikapen hori». Diagnostiko horretan bat etorri dira ikastola guztiak, Artolaren arabera: «Egun, jai masiboak hobesten dira, kontzertuak... Baina horrek festaren zentzua desbideratzen du. Hori jaso dugu ikastoletatik, adostasun handiz, eta berme hori dugu aldaketa martxan jartzeko; orain, gure ardura da zentroei aldaketa hori eskaintzea».
Jaia txikitzera
Funtsean, 2020tik aurrera —Villabona-Amasa eta Zizurkilgo Zubimuxu ikastolak antolatuko du festa nagusia—, egungo jaia txikitzera joko dute. Batetik, jende asko erakartzen duelako. 2015ean, 60.000 lagun baino gehiago bildu ziren Usurbilen; iaz, eguraldi txarra izan arren, 20.000tik gora joan ziren Urretxu-Zumarragara. Segurtasunaren ikuspegitik ere «arazo» bihurtu da jendetza hori, Artolaren hitzetan: «Araudia ikaragarri zorrozten ari da». Beraz, kopuru horiek murriztu nahi dituztela esan du Egibarrek: «Gure helburua izango da 10.000-15.000 pertsonako jai bat egitea, kalitatea hobetuz eta parte hartze aktibo eta kontzientea bultzatuz».
Bestetik, jai erraldoi bat egiteak antolakuntza erraldoia eskatzen die. Egibarrek onartu du «instituzionalizatu» egin dela jaia: «Antolakuntza handituz joan da, instituzionalizatuz, burokratizatuz... Orain hamasei batzorde dauzkagu, urtean zehar 300 pertsona aritzen dira, eta Kilometroen egunean bertan, 1.500-2.000 pertsona. Beti beharrezkoa da? Agian ez, baina hala ezarrita dago». Ikuspegi ekonomikoaz ere mintzatu da Manterola: «Askotan pentsatzen dugu gauza handiak eginez diru gehiago lortuko dela, baina ez da beti hala; eta ikusi dugu galerak ere handiagoak izan daitezkeela».
Era berean, tamainak lan zama handia dakar. Manterola askotan izan da horren lekuko: «Kilometroak antolatzen duen ikastolak izugarrizko ilusioarekin hartzen du, baina oso nekatuta bukatzen du. Eta, amaitzean, mahai gainean jartzen dute hausnarketa beharra, baina haiek jada ez daude lantaldeetan». Ardura hori banatu egin behar dela uste du Artolak: «Orain arte, jaia antolatu behar zuen ikastola buru-belarri aritzen zen, eta besteek ez genuen ardurarik hartzen... Asmoa da ikastola guztiei ematea parte hartzeko aukera hori».
Helburu hori izango dute ikasturte osoan zehar antolatuko dituzten jaialdi txikiek, Artolak esplikatu duenez. Batetik, partaidetza zabaltzea, eta antolakuntza prozesuan sortutako egiturak eta erlazioak neurri batean mantentzea: «Kilometroak antolatzeak ikastoletan sortzen du halako kohesio bat, indarra, ilusioa... Baina, aldi berean, oso intentsoa da, eta gero horri eustea oso zaila da: taldeak desegin egiten dira. Eta ez badira elikatzen, galdu egiten dira auzolanerako ohiturak, harremanak... Jaialdi txikien bidez, jarraitutasun bat eman nahi diogu horri». Bestetik, kanpora begirako lana sendotu nahi dute halakoen bidez: «Ideia da komunitatea astintzea. Oraindik ez dugu zehaztu formatu bat; pixkanaka joango gara forma emanez, baina asmoa da ikastolatik kanpo egitea, eragile kultural gisa berriro plazara ateratzeko, herrira edo auzoetara, inguruko eragileekiko elkarlanean aritzeko».
Misioarekin lotuta
Horrela, gainera, «harrobi kulturala» lantzeko aukera izango dutela erantsi du Egibarrek. Ikastolen eta jaiaren beraren misioarekin lotu du: «Ikastolen behar materialei erantzuteko antolatzen bada ere, ikastolen mugimenduak herritarren eskutik jasotzen duen kultura berriro hezkuntzaren bidetik jendarteari itzultzen dio jaiak, euskal kultura indartuz eta elikatuz. Inguruarekiko elkarrekintza hori sortzeko tresnak behar ditugu». Uste du horrek etengabeko hausnarketa bat ekarriko duela, aldi berean: «Zer da ikastola? Zer funtzio betetzen du egungo jendartean? Zer ematen dio herriari?».
Inguruari hurbilduz, parte hartzea ere bultzatu nahi dute. Batetik, festa egiteko moduan. «Jaiaren kontsumo estatiko eta aldebakarrekoaren aurrean, beste aukera batzuk eman nahi ditugu», azaldu du koordinatzaileak. Horrek ekarriko du guneen egitura aldatzea: «Zirkuitua desagertu egingo da, jendeak ez duelako ia betetzen ibilaldi osoa. Beraz, guneak tematikoak izango dira: zerbait emateko eta jasotzeko eta ludikotasun aktiboagoa jorratzeko».
Planteamendu berri horren bidez, buelta eman nahi diote egun ikastolen festek duten kezka handienetako bati: gazteen alkohol kontsumoa. Egibar: «Gune gehienetako egitura antzekoa da: oholtza, txosna, kontzertua; hiru elementu horiek dakarten laugarrena da mozkorraldia. Beste modu batera antolatu behar dugu hori». Kontzertu handirik ez da izango, beraz? Ezetz erantzun du koordinatzaileak: «Ez ditugu kontzertuak baztertuko, baina ordu jakin batzuetan izango dira, ez egun osoan zehar, etengabe eta toki guztietan».
Giro berezia herrietan
Baina, partaidetzaz mintzatzean, jaiaren antolakuntzari ere erreparatu diote. Jakitun daude ez dela erraza, eta ez dela soilik Kilometroak eta antzeko festen arazoa. «Gero eta gehiago kostatzen da urte osoko lanean konpromisoa mantentzea», aitortu du Artolak. Hala ere, festaren eguna hurbildu ahala ilusio handia pizten dela nabarmendu dute hirurek. Artola: «Beti ematen du jendea faltako zaigula, baina, bi asteren faltan, bat-batean mundu guztia etortzen da». Egibar: «Sentsazioa da hor egon beharra dagoela». Manterola: «Giro berezia sortzen da herrian, eta zaila da ihes egitea».