astekaria 2019/10/04
arrowItzuli

gizartea

Pederastiaren itzala, argitara

Ion Orzaiz

Pederastiaren itzala, argitara

Izan da nonahi: Iruñeko maristetan, Garesko Erreparaziokoetan, Lizarrako El Puy ikastetxean, salestarretan, jesuitetan... Izan da noiznahi: 1950, 1960, 1970 edota 1980ko hamarkadetan. Izan da nolanahi, zelda baten intimitate itogarrian, nahiz ikasgelan, dozenaka haurren begiradapean. Azken hamarkadetan ehunka haurrez abusatu dutenak, ordea, ez dira izan nornahi. Izan dira eskola katolikoetako irakasle eta arduradunak: apaizak, fraileak, bikarioak eta, kasu batzuetan, baita mojak ere. Izan dira ikasleen gainean botere ia mugagabea zutenak, eurena baitzen egiaren, moralaren eta indarraren monopolioa. Horren gainean eraiki zuten isiltasun konplizearen harresia. Azken urteetan, baina, harresi hori hasi da erortzen. Pixkanaka, harriz harri, testigantzaz testigantza.

Hainbat biktimak aurrera urratsa egin dute, eta Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen elkartea sortu dute Nafarroan, egia osoa azaleratzeko xedez. Jesus Zudaire da elkarteko lehendakaria. Lizarrako El Puy eskolan ikasi zuen 1960ko hamarkadan, eta sexu abusuak pairatu zituen hainbat urtez. Aurten, 50 urtean lehen aldiz, bere amesgaiztoei izen-deiturak jartzeko eta publikoki kontatzeko gai izan da: «Eskolako zuzendaria izan zen nitaz abusatu zuena: Jose San Julian apaiza».

Zudaireren esanetan, arbelera hurbiltzen zen bakoitzean egiten zizkion ukituak: «Edozein ariketa egiteko aitzakiarekin deitzen ninduen, eta egoera baliatzen zuen izterrak laztantzeko, eta, pixkanaka, gorago ere ukitzen ninduen: ipurdi masailetan, barrabiletan... Hatzak uzkitik sartzera ere iritsi zen».

Sexu abusuak 1962. eta 1968. urteen artean pairatu zituen Zudairek. «Lehen abusuen aurrean, ez nekien zer nahi zuen maisuak: 'Ipurdia eta zakila ukitu dizkit? Zergatik?'. 8 urteko haurra nintzen, eta gorputz atal horiek txizarekin eta kakarekin lotzen nituen, besterik ez». Denboran aurrera egin ahala, baina, argiago antzeman zuen ukituen izaera sexuala: «12 urterekin argi izan nuen hori ez zegoela ongi, eta ez nuela nahi. Ezetz esaten hasi nintzen, eta ukituei izkin egiten».

Erasoen izaera aldatu zen ordutik aurrera: sexu abusuak murriztuta, ugaritu egin ziren jipoiak eta tratu txar fisikoak: «Ezetz esatearekin batera heldu ziren lehen kolpeak. Belarrietatik heldu, eta gorantz egiten zuen tira, ni hanka puntetan jartzeraino; eta mina jasangaitza zenean, malkoak masailetan behera jausten zitzaizkidanean, askatu eta lurrera botatzen ninduen belarrondoko batez». Zudairek ez zien etxekoei ezer esan, «lotsagatik, batez ere, baina baita gurasoak oso katolikoak zirelako ere, eta errudun sentitzen nintzelako». Hurrengo bost hamarkadetan, psikologoari bakarrik eman zion sexu abusuen eta tratu txarren berri, 2019an Nafarroako ikastetxe erlijiosoetako pederastia kasuen auziak eztanda egin duen arte.

Lehen harria, Garesen

Otsailean azaleratu zen testigantzarik lazgarrienetako bat: Garesko Erreparaziokoen ikastetxean sufritutako sexu abusuen berri eman zuen Guillermo ezizeneko ikasle ohi batek, Ser irrati katean. «Ikasleak gaixo jartzen ginenean, erizaindegira eramaten gintuzten; eta han, apaiz batek kloroformoarekin edo pilulekin drogatu eta, erdi lo geundela, sexu gehiegikeria basatiak egiten zizkigun», azaldu zuen. Guillermoren anaiak ere pairatu zituen sexu erasoak: bere buruaz beste egin zuen, eta gertatutakoa aitortu zuen suizidio ohar batean.

Testigantza hura entzun zuen Jesus Zudairek. «Kirioak dantzan jarri zizkidan irratian entzundakoak, neure burua islatuta ikusi nuelako. Ordura arte, nik psikologoari bakarrik kontatu nion nire esperientzia, eta berak animatu ninduen gertatutakoa publiko egitera: 'Salaketa jartzeko adorea baldin baduzu, oso aberasgarria izan daiteke, baita terapia gisara ere'».

Guardia Zibilaren kuartelean aurkeztu zuen salaketa, iragan martxoan. Handik aste gutxira, gauza bera egin zuten Zudaireren ikaskide izandako beste batzuek ere. Bata bestearen atzetik erortzen diren domino piezen antzera hasi zen isiltasun errezela birrintzen ikastetxe erlijiosoetako pederastia kasuen inguruan.

Gares eta Lizarrako salaketen ostean, kasu gehiago atera dira argitara Iruñeko maristen, salestarren, ursulinen eta jesuiten ikastetxeetan. Hogei bat biktimak jarri dute salaketa, baina horiek «izozmendiaren tontorra» besterik ez direla uste du Zudairek. Biktimak «ehunka» izan daitezke: «Abusuak oso ohikoak ziren garai hartan, inpunitatea erabatekoa zelako. Azken hilabeteetan, antzeko pasadizoak aditu ditugu ikastetxe erlijioso gehienetako ikasle ohien ahotik. Protagonisten izenak aldatzen dira, baina praktikak bertsuak ziren toki gehienetan».

Salaketa horiek abiarazitako peskizen ondorioz, besteak beste, maristen fraile bat akusatu zuten, 1970eko hamarkadan gertatutako sexu abusuengatik. «80 bat urte ditu orain, eta Burgosen bizi da. Haren kontrako lau salaketa eta hamabi lekukoren testigantzak pilatu zirela ikusita, Elizak erabaki zuen frailea erretiro batera bidaltzea eta zurrunbilotik ateratzea».

Izan ere, Espainiako Gobernuak eta Vatikanoak 1953., 1976. eta 1979. urteetan sinatutako konkordatoaren arabera, zuzenbide kanonikoa aplikatzen da kasu horietan. «Poliziak ezin du erregistro bat egin kongregazio erlijioso batean, adibidez».

Horrek prozesu osoa zaildu duela aitortu dute elkarteko kideek. «Oso zaila da Elizaren barruko pederastia kasuak auzibidean jartzea», dio Zudairek: «Zuzenbide kanonikoaren arazoaz gain, erantzule gehienak hilda daude honezkero, eta, gainera, abusuak gertatu zirenetik hamarkadak igarota, delituak preskribatuta daude. Abokatuekin lanean ari gara, bide juridiko berriak zabaltzeko, baina oraingoz, zigor zuzenbidearen aldeko apustuak ez du fruiturik eman».

Zudairek Jose San Julian apaizaren kontra jarritako salaketa, adibidez, bertan behera gelditu zen, El Puy ikastetxeko zuzendari ohia 1994an zendu baitzen. Beste kasu batzuetan, ordea, ikastetxeek aitortu dute gertatutakoa, eta ordaina eskaini diete biktimei.

Uztailean, esate baterako, maristek onartu zuten 1960ko hamarkadan sexu abusuak gertatu zirela kongregazioak Iruñean eta Tuteran dituen ikastetxeetan, eta kalte-ordaina eskaini zien biktimei. Elkarteko kideek, baina, uko egin zioten diruari. «Ez dugu konpentsazio ekonomikorik nahi. Aitortza nahi dugu: egia azaleratu eta, ahal den heinean, errudunak identifikatu eta zigor ditzatela». Horretarako, harremanetan jarri dira Nafarroako talde politiko eta erakunde publiko gehienekin, auzia «agenda politikoan txertatze aldera». Irailean, esaterako, legebiltzarreko talde politiko guztiekin batzartu dira, baita Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilariarekin ere.

«Harrituta gaude talde politikoek egin diguten harrera onarekin, aho batez azaldu baitigute sostengua, EH Bildutik hasita Navarra Sumaraino», nabarmendu du elkarteko lehendakariak. Bilera sorta horren ostean, lan saioa eginen dute parlamentuan datorren asteazkenean, ateak itxita, «parlamentariek aukera izan dezaten biktimen testigantzak bertatik bertara entzuteko».

Horrez gain, elkarlanerako prestutasuna adierazi die Nafarroako Gobernuak ere: «Maria Txibite lehendakariak berak eskaini du bere burua Artzapezpikutzarekin hitz egiteko, eta Eduardo Santos Justizia kontseilariak esan digu formulak aztertuko dituztela biktimen aitortza eta ordaina bermatzeko».

Artzapezpikuarekin haserre

Orain arte eginiko lanarekin eta jasotako babesarekin «oso pozik» azaldu dira Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen elkarteko arduradunak. Iruñeko Artzapezpikutzak, berriz, bizkarra eman diela salatu dute. «Entzungor egin digute hainbat hilabetez. Maiatzean, kasuen ikerketan laguntzeko eskatu genien idatziz. Irailaren azken egunetan erantzun zuten, isiltasun susmagarri hori hedabideetan salatzen hasi ginen unean».

Juan Antonio Aznarez Cobo Iruñeko artzapezpikuorde eta bikario nagusiaren izenean sinatua dago Elizaren gutuna. Idazkian, sexu abusuen aurkako «konpromisoa» agertzen du Nafarroako artzapezpikuordeak, «gaitz triste hori Elizaren esparrutik behingoz egozteko xedez». Konpromiso generikoaz harago, baina, neurri zehatzik ez du iragarri Aznarezek: Espainiako gotzainek 2020ko ekainaren 1etik aurrera indarrean jarri nahi dituzten neurriak aipatzen dira gutunean, baina ez ditu bere gain hartzen biktimen elkarteak azken hilabeteetan salatutako kasuak, «kongregazio erlijioso bakoitzak argitu beharreko auziak» direlakoan.

Zudairek, bestalde, ez du ontzat jo Artzapezpikutzaren jarrera: «Opakutasunez jokatu dute beti, eta badirudi ez dutela aldatzeko asmorik batere».

BERRIAn argitaratua (2019/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA