astekaria 2019/10/04
arrowItzuli

ekonomia

<p>Elkartasunez betetako bidean</p>

Lander Muñagorri Garmendia

<p>Elkartasunez betetako bidean</p>

Erritmo onean, eta apenas geldialdirik egin gabe, Burgosko lur lehorrak zeharkatu zituen atzo pentsiodunen martxak. E-5 autobiatik paraleloan doan bidexka hartua zuten 90 pertsona inguruk Valdorros eta Lerma (Espainia) arteko tartea egiteko. 22 kilometro denera. Elkartasun keinu gisa, haiek ikustean, errepidetik igarotzen ziren automobil eta kamioiek bozina jotzen zieten jaka horidun pentsiodunei, eta martxatik ukabila altxatuz erantzuten zieten haiek. Horrela behin eta berriro, goiz osoan. «Egia esan, Gaztela eta Leonen sartu ginenean, lehen egunetan jende askok ez gintuen ezagutu ere egiten, baina hedabideetan agertzen hasi gara, eta orain etengabe jotzen digute bozina». Javi Martinez martxan doazen kideetako bat da, eta gustura azaldu da jendeak erakutsi dien elkartasunagatik.

Aste eta erdi igaro da 36 pentsiodun Bilbotik Madrilera abiatu zirenetik. Lerman igaro dute bart gaua, eta dagoeneko bidearen erdia egina daukate: 193 kilometro. 398 kilometroko ibilbideari ekin zioten irailaren 23an Arriaga plazatik abiatu zirenean. Bahabon de Esguevara bidean doaz gaur, eta Madrilera hilaren 15ean iritsiko dira. Egun horretan, Andaluziatik atera zen zutabearekin elkartuko dira, eta biharamunean manifestazioa egingo dute jarduneko Espainiako Gobernuari pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak eramateko. «Gure eskaerak ofizialki entregatzea interesatzen zaigu, horrela etorkizunean egongo den gobernuak zer eskatzen dugun jakingo baitu; apurka neurri horiek martxan jartzea espero dugu», zioen Luciano Gomez Luki pentsiodunak Lermara iritsi berritan.



Itxaropentsu dago, haren esanetan, martxa honekin helburuetako bat betetzen ari direlako: pentsioen arazoari buruz hitz egitea. «Astelehenero biltzen ari ginen herrietako plazetan, baina ikusten ari ginen gero eta oihartzun txikiagoa izaten ari ginela». Martxa egitea pentsatu, eta orain hedabideetan pentsiodunen martxaren berri ematen ari dira. Gustura dago horregatik Luki.

Are gusturago dago Martinez, bidean zehar jasotzen ari diren elkartasun keinu guztiekin. Iristen diren herrietan jendea zain izaten dute maiz: «Miranda Ebrora eta Burgosera iritsi ginenean zirraragarria izan zen; jendetza zegoen gure zain, eta eurekin batera manifestazio bat egin genuen».

Atzoko etaparen amaieran ere antzera egin zuten. Lermara iritsi, eta Erretiratu eta pentsiodunak pentsio duinen alde borrokan zioen pankarta zabaldu zuten. Manifestazioa egin zuten herriko kale nagusiak zeharkatuz, eta euren ohiko oihuak ozen zabaldu zituzten: «Borroka hau irabaziko dugu!», «Gobernatzen duenak gobernatuta ere, pentsioak defendatu!». Kalean jende gutxi zegoen, plaza nagusian asteroko azoka egiten ari ziren arren. Hala ere, gehienek irribarre batekin eta txalo artean hartu zituzten. «Eredugarriak zarete!», egin zien oihu bide bazterretik emakume batek. Udaletxeraino joan ziren, eta elkarretaratze batekin amaitu zuten eguneko etapa.

Egunero jende berria

Bilbotik eremu geografiko anitzeko 36 pentsiodun abiatu ziren. Tartean zeuden asturiarrak, kantabriarrak, aragoiarrak eta katalanak, besteak beste. Parte hartzaile zaharrenak 80 urte dauzka. Baina, atzo, horietatik 32 ari ziren Valdorros eta Lerma arteko etapa egiten. «Batzuek medikuaren txanda zuten, eta pare bat egunetarako martxa utzi dute, baina ondoren berriz elkartuko dira», azaldu zuen Lukik. Horietako bati ebakuntza egin berri diote bularrean zuen tumorea kentzeko, eta osasun azterketa egin ondoren berriz itzuliko da Madrilerako martxara. Horrek agerian uzten du bertan doazen pentsiodunen borrokarako grina. Eskubideen alde mobilizatu diren belaunaldi bateko ordezkari baitira, Antonio Virela pentsiodunaren hitzetan. «Iraganean eskubideen defentsan borrokatu ziren berberak gaude hemen pentsio duinak aldarrikatzen».

Dena den, atzokoa orain arteko etaparik jendetsuena izan zen. Egunero martxan parte hartzen duen jende berria batzen zaie, egun bateko etapa eurekin egiteko. Gaztela eta Leongo pentsiodun batzuk ibilaldia egiten ari ziren. Baina horiez aparte, Bizkaitik antolatutako autobus bat joan zen abiapuntura, Kantabriako etxe desjabetuen kolektiboko kideena. Egunero martxarekin bat egiten duten pertsona horien atxikimenduarekin pozik daude martxan doazen kideak. «Sekulakoa izaten ari da hau guztia; hori da Madrilera iristeko beharrezkoa izango dugun erregaia», zioen Lukik.

Baina elkartasun keinuak ez dira parte hartzaileengana bakarrik mugatzen. Ibilbide guztian egingo dituzten otordu guztiak lotuta dauzkate, eta baita lo egiteko lekuak ere. Egun bakoitzeko helmugako udalek edo herritar taldeen elkartasunak bideratuta hartzen dute atseden egunero. Orain arte, egun bakar batean bakarrik ordaindu behar izan dute lo egitearen truke. «Behin eta berriro diogu denon pentsioen alde ari garela borrokan, eta jendeak horrela erantzuten digu; zoragarria da». Atzo Lermara iritsi zirenerako bazkaria prestatuta zeukaten, baina udalak jatetxe batera gonbidatu zituen. «Eta, horrela, egunero».

BERRIAn argitaratua (2019/10/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA