iritzia
Abolitu
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Gauez ere gurutzatu izan ditut, baita goizez ere, nik ere edozein mementotan egiten baitut autoz Nafarroatik Gipuzkoara edo Lapurdira edo handik buelta, ez du anitz inporta zein den ordua; eta hantxe egoten dira, guk «putetxekoa» deitzen diogun biribilgunean izan zitekeen IATarena edo Guardia Zibilaren kontrolarena, horiek ere han baitaude beti, ez du anitz inporta zein den ordua. Eta ia pasatzen naizen aldiro ikusten ditut, baina ez naiz sekula hurbildu haiengana, ez ditut agurtzen ere buruarekin; aitzina begira segitzen dut normalean, ez dezaten pentsa (gaizki) begiratzen diedanik.
Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista aurkeztu duten egunean ere ikusi egin ditut, eta pentsatu dut, noski, nik ere nahiko nukeela prostituziorik ez existitzea. Nahiko nukeen bezala soldatapeko esklabotzarik ez egotea, herrialde batzuek bertzeak ez zapaltzea, eraso sexistarik ez jasan behar izatea herri guzietako bestetan, ez egotea aitortu gabeko zaintza lanik etxeetan, ez itotzea dozenaka pertsona itsasoan, eta abar luze bat. Nik ere uste dut, noski, patriarkatuaren eta kapitalismoaren produktu direla horiek guziak. Eta horiek direla, finean, eta, beraz, abolitu beharrekoak. Kontua da zer nahi dugun guziek dugula guti goitibeheiti argi; baina zailena da asmatzea nola.