astekaria 2019/10/04
arrowItzuli

iritzia

Potola

Onintza Enbeita

Potola Onintza Enbeita

Negarrez joaten da eskolatik etxera «potola» deitzen diotelako. Lekutik ateratzen nauen gauza bat da. Gure diskurso guaiek lodifobia izugarria ezkutatzen dute: «Oso guapa zara, baina...», «osasuna zaindu behar zenuke». Gezurra! Ez zaizue benetan lodion osasuna inporta. Esaten ari zaretena da irakatsi dizkiguten edertasun kanonek itsututa, deserosoa egiten zaizuela guri begiratzea, kosta egiten zaizuela gu bezalako jendearekin larrutan egitea.

Hartuko nuke ume hori eskutik eta eskolako patiora lagunduko nioke atzamarrez seinala diezazkidan burla egiten diotenak, eta barre egingo nieke: zuek nor zarete inoren itxura fisikoa epaitzeko zatarrok halakook? Bide batez, ea gurasoak espabilatzen diren, eta umeen aurrean komentario txatxuak egiteari uzten dioten. Haiek jendea ikusteko duten moduak umeak markatzen baititu.

Ume hori muxuka jango nuke. Kontatu nahi nioke nola deitu zidaten behin culona bertso eskolan, eta nola negar egin nuen gau oso batez. Orain, ordea, konturatu naiz haien buruak zein hutsik dauden, zein inkapazak diren azalaren barrukoa ikusteko, nola irentsi dituen kontra omen dauden munduak, eta, batez ere, ipurdi handiarekin iraultza egitea errazagoa dela. Ze haiek autobusean gure ondoan eseri nahi dutenean, nahita okupatu ditzakegu leku bi. Eta doazela infernura, ostia!

BERRIAn argitaratua (2019/10/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA