astekaria 2019/10/04
arrowItzuli

mundua

Errebolta arabiar berrien aurkia eta ifrentzua

Ricard Gonzalez

Errebolta arabiar berrien aurkia eta ifrentzua

Udaberri Arabiarra deiturikoan ez bezala, aurten Aljeria eta Sudan astindu dituzten herri matxinadetan ez du batak bestea ekarri. Aktibistek berek diotenez, biak aldi berean gertatu izana kasualitate hutsa izan zen. Edonola ere, bi matxinadetako protagonistek elkarri begiratu diote begi bazterrez, inspirazio edo irakaspen bila. Bi mugimenduek zenbait puntu komun dituzte: gazteak dira nagusi, mobilizazio baketsua egin dute sare sozialen bitartez, eta kargutik kendu dute boterean bi hamarkada baino gehiago zeramatzan diktadore militar bat. Hala ere, bakoitzak bere bideari jarraitu dio apirilaz geroztik: Aljerian, Buteflika erori ondoren; Sudanen, Omar al-Baxir erori ondoren.

Aljerian, egoera ez atzera ez aurrera dago duela zenbait hilabetetatik, eta beldur dira armadak errepresio gogorrago batera joko ote duen asteroko manifestazioak geldiarazteko. Sudanen, jada abian da militarren eta manifestarien arteko trantsizio adostua, boz libreak egin ostean bukatu beharko dena, hiru urteren buruan. Itun horretara iristeko bidea ez zen batere erraza izan, eta aktibistek sakrifizio handiak egin behar izan zituzten. Sudango Mediku Batzorde Zentralak erreboltak babestu zituen, eta adierazi du 2018ko abendutik errepresioaren ondorioz hil direnen kopurua gutxienez 250era igo dela, eta 1.350 pertsona zauritu daudela.

Bitxia bada ere, armadak al-Baxirren kontrako estatu kolpea eman ondorengo garaia izan zen odoltsuena. Junta militarrak iraultza bahituko zuen beldurrez, milaka gaztek Indar Armatuen kuartel nagusiaren pareko plaza okupatu zuten, Khartumen. Armadaren mehatxuek eta kontzesio txikiek ez zuten lortu manifestariek alde batera uztea beren eskaera nagusia: boterea autoritate zibil batera eskualdatzea. Plaza okupatzeaz gain, hainbat greba ere egin zituzten, eta Sudan paralizatu zuten. Ekainaren 3an, plaza indarrean sakabanatzeko agindua eman zuen juntak, eta ordu gutxian ehun pertsona baino gehiago hil ziren; gehienak, tiroz.

Nazioarteak erantzun egin zion sarraski horri, eta modu zuzenagoan inplikatu zen krisian. Afrikako Batasunak bertan behera utzi zuen Sudanen kidegoa, eta Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministro karismatikoari eman zion bitartekari lanak egiteko ardura. Zenbait astez negoziatzen aritu ziren, eta ez zen tentsiorik falta izan. Azkenean, junta militarrak eta Askatasun eta Aldaketa Indarrak plataformak, oposizioko sindikatu eta alderdiak biltzen zituenak, itun bat egin zuten trantsizioaren oinarriak zehazteko.

Akordio hori trantsizioan aginduko duen deklarazio konstituzional batean bildu zen gero, eta Kontseilu Subirano bat osatzea ezartzen du. Kontseilu horretan 11 kide egongo dira: bost militar, oposizioak hautatutako bost lagun eta bi aldeek adostutako zibil bat. Lehen 21 hilabeteetan, militar bat izango da Kontseiluaren buru, eta beste hemezortzi hilabeteetan, zibil bat. Haien egitekoa izango da ziurtatzea teknokratek osatutako gobernu zibil bat izendatuko dela eta oposizioaren ordezkaritza izango duen parlamentu bat sortuko dela. Barne eta Defentsa ministroak izendatzeko eskumena armadak izango du.

Herritarrek, errepresioa bukatzeko eta normaltasunera itzultzeko gogoz, ongi hartu dute akordioa. Nolanahi ere, aktibista batzuk kritiko agertu dira: «Errepresioa egitea agindu zuten jeneral horiek berak boterean daude oraindik. Aztertuko al dituzte haien krimenak? Beldur gara azkenean erregimenak berak ez ote dituen hautatuko oposizioko ordezkariak», esan du Hussam Halili aktibista sudandarrak, posta elektroniko bidez. Al-Baxir, ordea, eseri da akusatuen aulkian, baina, oraingoz, ustelkeria karguak bakarrik egotzi dizkiote.

Irailaren 8an, Al-Baxirren ondorengo lehen gobernua inbestitu zuten. Abdalah Hamdok lehen ministroa da burua, ekonomialari beterano bat, NBEn zenbait kargu izandakoa. Gobernuan lau emakume egongo dira, tartean Asmaa Abdalah. Ahmad-al-Badawi, Munduko Bankuko ekonomialari bat, Finantza arduraduna izango da, eta herrialdea krisi ekonomiko larritik ateratzeko ardura izango du. Hau esan du: «Programa bat dugu datozen berrehun egunetarako; horren bidez, ekonomia indartu nahi dugu, biztanleriarentzat bizitzaren kostua jaits dadin».

Asmaa Abdalahren arabera, gobernu berriaren lehen helburuetako bat izango da AEBek Sudan kentzea terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendatik; izan ere, horrek eragotzi egiten dio Afrikako herrialde horri nazioarteko laguntza finantzarioa jasotzea, eta nazioarteko inbestitzaileak uxatzen ditu. Gobernuaren beste erronka handia izango da bake prozesu bat abiatzea Darfur, Hego Kurdufan eta Nilo Urdina eskualdeekin.

Aljeria, iraultza trabatu bat

Bero itogarriak —abuztuan 40ºC-tik gora izan ziren—, ramadanaren ondorengo oporrek eta autoritateen disuasio neurriek, hala nola kale itxiek eta atxiloketa arbitrarioek ez dute lortu herri matxinada akabatzea Aljerian. Joan den ostiralean, berriro manifestazio jendetsuak egin zituzten herrialde osoko hainbat hiri eta herritan, benetako trantsizio demokratiko bat eskatzeko. Azken deialdi hori kontuan hartuta, 31 egin dituzte jada jarraian. Zazpi hilabete baino gehiago. Udan mobilizazioak makaldu egin ziren arren, ikasturtea hastearekin bat indartu egin dira. Armadaren eta hirak deiturikoaren (mugimendua, arabieraz) arteko borroka luzatzen ari da, eta ez dirudi gatazka amaituko denik.

Sudanekin alderatuta, bai oposizioak bai armadak zuhurrago jokatu dute Aljerian, aurrez aurre talka egitea saihesteko. Poliziak negar gasak erabili ditu manifestariak sakabanatzeko, baina ez da tiroka hasi. Aktibistek ez dute greben bidez herrialdea paralizatu. Bi aldeek asteak daramatzate beren posizioetan finko, besteak noiz amore emango zain, eta hori ez da gertatu oraindik. Kale itsu batean daude, baina badago gatazka gordinduko den zantzurik.

Azken protesta baino ordu batzuk lehenago, autoritate militarrek agindu zuten Aljerreko sarbideak ixtea, eta beste probintzietako manifestariek garraiatzen zituzten ibilgailuak konfiskatzea. Aurrez, oposizioko hiru kide garrantzitsu atxilotu zituzten «batasun nazionalaren aurka joateagatik»; Fudil Bumala kazetaria eta Karim Tabu eta Samir Benlarbi aktibistak ziren atxilotuak. «Ez dakit gatazka gordinduko den. Ez da atxiloketak dauden lehen aldia. Ez dirudi armadak negoziatu nahi duenik, baina ez dut indarkeria handirik sumatzen. Hirak-a grebak egiten hastea eztabaidatzen ari da», azaldu du Ghalia Djellul Lovainako Unibertsitate Katolikoko ikertzaileak.

Orain arte, manifestariek ez dute lortu beren iritzia inposatzea, baina lortu dute beste zerbait: botere faktikoek krisi politikoa gainditzeko proposatutako irtenbideak bertan behera geratzea. Krisi politiko hori otsailean piztu zen, iragarri zenean Buteflika presidentea, egoera katatonikoan egon arren, berriro aurkeztuko zela lehendakaritzarako. Estatu nagusiko buru Gaith Salahren bitartez, apirilean, armadak esku hartu zuen raïs-a dimisioa ematera behartzeko, eta, uztailaren 4an bere kontrolpeko hauteskundeak ezartzen saiatu zen. Herritarren eta oposizioko alderdi politikoen boikotak, ordea, galarazi egin zuen hori. Ez zen aurkeztu herri babesa zuen hautagairik, eta dozenaka epailek eta, are, alkate batzuek uko egin zioten antolaketan parte hartzeari.

Lau hilabete geroago, Gaith Salah jenerala, herrialdeko benetako gizon boteretsuena bihurtuta, berriro saiatu zen. Abdelkader Bensalah jarduneko presidenteari agindu zion lehendakaritzarako bozak antolatzeko urtea bukatu aurretik, eta, hala, Bensalahk abenduaren 12rako ezarri zuen bozen deialdia. Otman Lahiani analista politiko aljeriarrak azaldu duenez, «armada hauteskundeak egiten tematu da, uste baitu bere hautagaiak irabaz dezakeela eta, hala, trantsizioa kontrolatuko dutela». 1962an independentzia lortu zutenetik, bolada batzuetan armadak modu zuzenean agindu du, eta, beste batzuetan, itzalean geratu da haren boterea. Eta ez dio uko egin nahi pribilegio horri.

Azken hilabeteetan, manifestari oldeen konfiantza lortzen saiatu da gobernua, eta, horretarako, lehengo erregimeneko kargudun garrantzitsuetako batzuk atxilotu eta auzipetu ditu, ustelkeriagatik. Horien artean daude, besteak beste, presidente ohiaren anaia Said Buteflika, lehen ministro ohi Ahmed Uyahia eta FLNko idazkari nagusi Mohamed Yemai. Hala ere, aktibistak ohartu dira azpijokoaz, eta atxiloketa eta epaiketa horiek sistemaren barneko kontu garbiketatzat jo dituzte, eta ez benetan aldaketak egiteko borondatetzat. Izan ere, bai Bensalah presidentea, bai egungo lehen ministro Nurredin Bedui bazeuden jada ardura postuetan Buteflikaren erregimenean protestak hasi baino lehen.

«Bai, guk ere nahi ditugu lehendakaritzarako hauteskundeak, baina ez lehenago adostasunezko gobernu bat eratu gabe eta trantsizio garai bat abiatu gabe. Hauteskunde batzorde independente bat hautatu ezean, ez da hauteskunde librerik izango», aldarrikatu du Masud Bubiba irakasleen sindikatuaren arduradunak; protestetan biziki parte hartzen du. Aljeriako hirak-a gizarte zibileko ehunka erakundek eta herritar independentek babesten dute, ez dute liderrik, eta oposizioko alderdiei tiraka ari zaizkie.

Analistek diotenez, egungo blokeo egoera arriskutsua da, eta jasangaitza. Izan ere, krisi ekonomikoaren lainoak herrialdearen gainean zabaltzen ari dira, petrolio erreserbak azkar jaisten ari baitira. Egun, bidegabetzat jotzen den gobernu batek murrizketa politika bat ezartzeak dena leherraraz dezake. Aljeriak zeresana emango du datozen hilabeteetan.

BERRIAn argitaratua (2019/10/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA