gizartea
Euskararen dekretua edukiz hustu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak
Ion Orzaiz - Ainhoa Larretxea Agirre
Sententziak eragina izanen du hiru esparru nagusitan: bat, eremu misto eta ez-euskalduneko lan deialdietan; bi, zerbitzu zentralen jardunean; eta hiru, paisaia linguistikoan nahiz seinaletikan.
2017ko dekretuak agintzen zuen, besteak beste, euskara meritu gisa aintzat hartu behar zela eremu ez-euskaldunean eta mistoan. Aurrerantzean, berriz, euskara meritutzat jo edo ez deialdi bakoitzean erabaki beharko dela dio auzitegiak, «deialdiaren nolakotasunaren arabera». Derrigortasuna kenduta, beraz, magistratuek unean uneko nahiz tokian tokiko administrazioen esku utzi dute euskarak lan deialdietan izanen duen pisua.
Hala, Nafarroako Auzitegi Nagusiak bat egin du eskuinaren planteamendu historiko batekin: euskararen inposizioarenarekin. Eremu mistoko eta ez-euskalduneko lan deialdi publikoetan euskara meritu gisa hartzea -puntuazio osoaren %7- «baztertzailea» eta «neurrigabea» dela diote magistratuek. Irizpide linguistiko horiek «justifikaziorik gabe» ezartzea ere egotzi diote Nafarroako Gobernuari.
Euskararen foru dekretuak zuen berritasun nabarmenetako bat ere urardotu du sententziak: zerbitzu zentralen sorrera. Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioaz gaindi, Nafarroako herritar guztientzako zerbitzu orokorrak zehaztu zituen araudiak, eta horietarako hizkuntza irizpide komun batzuk ezarri.
Zerbitzu zentral horietan, euskarazko arretak bermatuta egon behar zuen legez. Orain, hori dena baliogabetu du auzitegiak: arretak «erabiltzaile bakoitzaren bizitokiaren araberakoa» izan beharko du, hizkuntzari dagokionez. Horren arabera, eremu euskalduneko herritarrek soilik izanen lukete arreta euskaraz jasotzeko eskubidea.
Euskararen presentzia handitzea ere oztopatu dezake Nafarroako auzitegiaren ebazpenak. Izan ere, dekretuak elebitasunaren alde egiten zuen, inprimakiak, bide seinaleak, publizitatea eta bestelako idazki ofizialak bi hizkuntzetan egitera behartuz. Betebehar hori ere ezabatu du orain auzitegiak. Epaiak ez du debekurik ezartzen, baina atea irekitzen die euskara Nafarroako paisaia linguistikotik desagerrarazteko neurriei, tokian tokiko administrazioek hala erabakiz gero. Adibidez, Iruñeko eta Tuterako alkatetzan den Navarra Sumak askotan adierazi du errotulazio, ohar eta bide seinaleetan euskararen presentzia murrizteko asmoa -edota, kasuan kasu, erabat erauztekoa-. Aurrerantzean, bidea zabalik izan dezake, berme juridikoa izanen baitu horretarako.
Kasazio helegitea aurkezteko aukera du orain Nafarroako Gobernuak, baina ez dago argi zeintzuk izanen diren gobernuaren hurrengo urratsak. Izan ere, irizpide kontrajarriak dituzte koalizio gobernuari eusten dioten taldeek: sententziarekin pozik azaldu da PSN; Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, berriz, ebazpena txarretsi dute.
«Euskara ez, alemana bai?»
Euskalerria Irratian atzo eginiko elkarrizketan, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok esan zuen albiste «tristea» dela, «euskaldunentzat eta nafar guztientzat, euskara baita guztion hizkuntza». Kasazio helegitea aurkeztearen alde agertu zen Ollo. Ohartarazi zuen, halere, auzia «gobernuak bere osoan» aztertu beharko duela, «eta analisi sakonago bat egin».
Sententziaren eraginari dagokionez, kontseilariak nabarmendu zuen epaiak baldintzatu eginen dituela Euskarabidearen hurrengo urratsak ere: «Hasiak ginen departamentuetako euskara planak martxan jartzen; epaiak ez ditu debekatzen, baina ez digu aukerarik ematen horiek garatzeko, horretarako langile euskaldunak behar baititugu».
Antzeko iritzia agertu du Geroa Baik, ohar batean: «Epai honek ez dio euskarari mesederik egiten, euskarari ematen baitio atzerriko hizkuntza baten tratua». Harridura agertu du koalizioak, «sententziak ez baitu aintzat hartu 55/2009 foru dekretua; horretan ere, gobernuak ebatzi zuen euskarari meritu izaera aitortuko zitzaiola, betekizun ez den lanpostu guztien baremazioan». Urte hartan, agintean zen UPN.
EH Bildurentzat ere «harrigarria» da euskara meritu gisa aintzat hartzeko betekizuna kendu izana: «Ingelesa eta alemana bai, horiek aintzat hartzen dira meritu gisa, baina gure hizkuntza ez». Bakartxo Ruiz parlamentariaren esanetan, ordea, horrek agerian utzi du «Euskararen Lege berri baten beharra, zonifikazioa indarrean den bitartean ezinezkoa izanen baita hizkuntza eskubideak bermatzea».
Sententziaren aurka kasazio helegitea aurkeztearen alde azaldu dira Ahal Dugu eta Ezkerra ere. Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezentzat, «burugabea» da euskara «beste hizkuntza batzuek duten mailaren azpitik jartzea». Ezkerrako Marisa de Simonek, berriz, helegitea jartzeko eskatu dio gobernuari, euskararen dekretua «arau neurritsua eta kontsentsu handikoa» dela iritzita.
PSNk, ordea, ez du ikuspegi horrekin bat egin: atzo, alderdiko antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek «poza» agertu zuen, Nafarroako auzitegiaren ebazpenak «PSNren jarrera berresten» duelakoan. Euskararen dekretua «baztertzailea» eta «Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren aurkakoa» dela adierazi zuen. Helegitea aurkezteko aukerarik ez dagoela gaineratu zuen Alzorrizek: «Sententzia argia eta sendoa da». Navarra Sumak ere poza agertu zuen atzo, epaiak arrazoia ematen diola iritzita, eta auzitegiaren aginduak betetzeko exijitu zion gobernuari.
Epaiak hautsak harrotu ditu gizarte eragileen artean ere. Kontseiluak, esaterako, kritika egin dio sententziari, baina nabarmendu du «egungo Euskararen Legeak atea zabaltzen diela horrelako ebazpenei». Paul Bilbao idazkari nagusiaren irudiko, «ez dago gizarte justua eta berdinzalea eraikitzerik legeak herritarrak diskriminatzen dituen bitartean». Gaineratu du, dena den, epaiak ez duela euskararen erabilera debekatzen: «Gobernuak borondatea izanez gero, ez du oztopo juridikorik euskararen presentzia bermatzeko».