kultura
PATXI ITURREGI
«Gure herriak ez du memoriarik»
Iñigo Astiz
Liburuaren bihotzean dago gerra, baina haren periferia deskribatzen duzu.
Rol hori tokatu zitzaien Bilbori eta inguruko herriei. Espainiak kolonia guztiak galdu berri zituen Amerikan eta Filipinetako uharteetan, eta oso ahul zegoen militarki eta ekonomikoki, eta neutral mantendu zen: gerran zebiltzanekin negozioa egiteko baliatu zuen aukera. Horregatik, liburuan aldirietatik begiratuta bezala ikusten da gerra, eta itsasoratzen direnentzat bakarrik da hurbila; haiek etengabe dutelako gainean minen eta urpekarien mehatxua.
Oroitzen dena baino biziago izan zen guda euskal kostan?
Euskal Herriko 70 itsasgizon baino gehiago hil ziren, eta ezin da zehatz jakin zenbat, marinel asko ibiltzen zelako kanpoko banderak zeramatzaten ontzietan, gerraren kontura eskaintzen ziren soldata gehigarriek erakarrita. Lehen lerroan sufritu zuten gerra haiek, eta gainontzekoek zeharka. Garestitu egin ziren hainbat elikagai, adibidez, gauza asko kanpora saltzen zirelako, baina bultzada ekonomiko handia ere eman zion Bizkai aldeari gerra hark, eta baita Gipuzkoari ere. Bultzada hartatik bizi gara oraindik ere.
Urpekariz eta espioiz beteta irudikatu duzu euskal kosta ipuinetan. Hala izan zen benetan ere?
Bai. Kostatik milia pare batera egoten ziren zain urpeko ontziak, eta itsasadarra beteta zegoen ontzien izenak eta kargamentuak apuntatzen zituzten espioiekin. Erandioko Axpe inguruan ere (Bizkaia) zazpi ontzi alemaniar harrapatuta gelditu ziren. Gerra hasi zenean, ingelesak ere bazeudelako han, eta ontzi horiek ezin atera geratu zirelako, eta nola guda alemanek galdu zuten, bada bahitu egin zizkieten ontzi horiek haiek hondoratutakoen konpentsazio modura.
Klase gatazka ere oso bizi deskribatzen duzu.
Baldintzak latzak ziren langileentzat. Hamabi orduko lanaldiak zituzten, esaterako, eta arautu gabe zegoen haurren eta emakumeen lana. Greba handi bat izan zen 1917an. Estatu guztian egin zen, eta eragin handia izan zuen hemen. Diotenez, 100.000 langilek egin zuten greba, eta hamalau hildako izan ziren.
Historiaren eta naturaren indarren artean ñimiñoa dirudi gizakiak liburuan.
Ezer gutxi da. Hori kontatzen dute marinelen ipuinek; beti borrokan ari dira itsasoarekin, indar ikaragarri batekin, eta ezer gutxi egin dezakete matxura baten edo ekaitz baten aurrean. Eta horri, kasu honetan, gerra gehitzen zaio.
Emakumeen kasuan, gerra eta naturaren indarrekin aski ez, eta gizonei ere aurre egin behar.
Emakumeen errealitatea nik liburuan deskribatutakoa baino are gordinagoa zen. Frankismoan baztertu zuten emakumea lan mundutik; lan handia egiten zuten lantegietan ordura arte. Adibidez, latorri lantegietan emakumezkoak ziren nagusi. Ontziak zamatzen eta deskargatzen ere aritzen ziren. Ahaztuta dago historia hori. Kontu hauek denak gure aitona-amonen garaikoak dira. Gure herriak ez dauka memoriarik. Kontu hauek denek presente egon behar lukete, fikziorik idatzi beharrik gabe ere.
Aurreko liburu batzuetan bezala, oraingoan ere, giro nagusi bakar baten ezpalak dira narrazio guztiak. Ez zaitu tentatu nobela bat idazteko ideiak?
Ez. Niri gustatzen zait ipuinei batasuna beti kanpotik ematea: giroarekin edo kokapenarekin edo garaiarekin, baina nobela ez da nire generoa. Niri ipuin solteak gustatzen zaizkit, eta liburu honetan ere independenteak dira guztiak. Artifizial xamarra iruditzen zait bestelako loturak bilatzea.
Itsas pilotu ere izan zinen.
Hiru urtez bakarrik aritu nintzen, beti petroliontzietan. Mediterraneo aldetik ateratzen ginen, eta golkora joaten ginen. Eta hori egiten genuen Afrikako muturretik eta Suezko kanaletik. Behetik, hilabeteko bidaia zen; eta goitik, hamabost egunekoa. Pantalan luze batean egoten ginen han, eta 24 orduan betetzen zen ontzia. Kargarik gabe, 100.000 tona zituzten ontzi haiek, 200 metro luze, eta zortzi solairu altu gilatik zubira. Sestaon egindakoak ziren.
Eta zer gertatu zen?
Krisia etorri zela. Sasoi batez itxita egon zen Suezko kanala, baina, urte batzuen buruan, behin betirako zabaldu zuten, eta orduan, itsasontzi handi haiek guztiak zereginik gabe geratu ziren, zeren eta kanala denbora luzez itxita egongo zela kalkulatuz eraiki baitziren ontziok, baina ez zen halakorik gertatu. Enpresek estatuak merke utzitako diruarekin egin zituzten, baina, lanik gabe geratzean, langileak kalera joan ziren, eta pentsatzen dut jabeak poltsikoak beteta geratuko zirela.
Inpresio handia egingo zizun ordukoak: bi ipuin liburu osorik eskaini dizkiozu itsas giroari.
Lehenagotik ere gustuko nituen itsas mundua eta literatura. Nire amaren familia Gorlizkoa zen, eta aitita maiordomoa izan zen itsasontzietan. Etxeko jangelan eskegiak zituen ezagututako itsasontzien argazkiak, eta, ume nintzela, bazkarietan entzuten nituen beren kontakizunak. Finkatuta geratu zitzaidan hori, eta bertatik bertara ikusi ahal izan nuen mundu hori itsasoratu nintzenean. Ordenamendu hierarkikoa, adibidez, oso nabarmena zen, eta hori ere agertzen da ipuinetan.
Badira bi etenaldi handi zure literatur ibilbidean. Beti sorpresa izatera kondenatuta zaude?
Munduko itsasbazterretan izaten dira zenbait irla, bolkanikoak izaten direnak, batzuetan agertu eta beste batzuetan desagertu egiten direnak; ba horrela ibiltzen naiz ni. Niri ere gustatuko litzaidake jarraian idaztea, baina orain arte ez dut horretarako aukerarik izan. Beti izan naiz amateurra, eta horrek esan nahi du beste lan bat izan behar duzula, eta horrela ez daukazu aukerarik gehiago idazteko. Bestalde, pozik nago horrekin, horri esker beti idatzi ahal izan dudalako nahi izan dudana.
Gehiago idatziko duzu, beraz?
Hori da ideia, baina idazleak ez daki. Nik behintzat bukatzen dut ipuin bat eta ez dut jakiten beste bat idazteko gai izango naizen. Zer edo zer idazteko bai, baina benetako ipuin bat ez dakit. Uste dut idazleak garela irrati hargailu baten pareko zerbait, eta bakarrik garela gai harrapatzeko frekuentzia banda batean agertzen diren istorioak, eta besteak ez ditut harrapatzen. Irakurtzen ditut besteen liburuetan, eta pentsatzen dut, «ui, ze polita!», eta hementxe zegoen, baina nik ez nuen ikusten.