kirola
Akabo Euskadi-Muriasen bidea
Imanol Magro Eizmendi
Urria zen Euskadi-Muriasek bere etorkizuna argitzeko zuen muga. Taldeek hurrengo urterako UCIn izena emateko duten epearen amaiera da. Aurrerago ere bete daiteke tramite burokratiko hori, baina zigor ekonomikoa dakar. Taldeak, baina, ez du egingo. Azken asteetan erlojupean ibili da lanean babesle baten bila, baina ez du lortu. Errepideetan urte arrakastatsua egin du, Espainiako Vueltako Urdazubiko (Nafarroa) etapa garaipen eta guzti, baina lorpen horiek ez dute islarik izan bulegoetan.
Jon Odriozolak argi esan zuen taldeak jarraitzen bazuen «hazteko» izango zela, beste pauso bat emateko, eta, taldeak atzo ohar bidez esan zuenez, pauso hori ezin emateak eragin du desagerpena. «Arrakastak behartu gaitu haztera, eta, gure baliabide propioekin haztea ezinezkoa denez, albo batera egitea beste biderik ez zaigu gelditzen». Taldeko zuzendariak azken egunera arte borrokatu du babesle hori lortzeko, baina denak kale egin du.
«Bizkarrekoa gogorra izan da. Azkenera arte itxaropena bizi mantendu dugu. Pentsa, joan den ostiralean 2020rako fitxaketa posibleak aztertzen aritu nintzen», onartu zuen atzo Ruben Perez taldeko kirol zuzendariak. Egia da, asteburu honetan bertan zapuztu baita azken aukera. Beste babeslerik ezean Murias eraikuntza enpresa diru gehiago jartzeko prest agertu zen —1,5 milioi euro jartzen zituen orain arte— betiere eraikuntza kontratu berri batzuk lortzen bazituen, eta ez da hala izan.
Txirrindulariek asteburuan jaso zuten baieztapena, baina bazekiten egoera kaskarra zela. Taldeko buruak «oso gardenak» izan direla nabarmendu zuen Perezek. Hainbat txirrindulari hasiak ziren beren etorkizuna argitzen, eta batek baino gehiagok izan dituzte eskaintzak. Litekeena da seik edo zazpik tokia izatea Euskadi Fundazioak abian jarriko duen Kontinental Profesional mailako egitasmoan —aurki espero da baieztapen ofiziala—. Beste hamarrek eta teknikari zein langileek zailagoa izango dute kokatzea. Langabeziara doanetako bat da Perez. «Talderik gabe dauden txirrindulariak lur jota daude. Baina, niri, batez ere laguntzaileak datozkit burura. Haiek gabe ezinezkoa da talde bat edukitzea».
Euskadi-Muriasen etorkizunaren bideragarritasunaren inguruko auzia duela urtebete hasi zen, Kontinental Profesional mailan —UCIren Bigarren Maila— eginiko lehen denboraldiaren amaieran. Iragan neguan bigarren babesle bat lortzen saiatu ziren taldeko buruak, eta, negoziazioak oso aurreratuta egon arren, ez zuten beste inor gehitu. Taldeak beste urtebetez jarraitzea erabaki zuen, Murias eraikuntza enpresa babesle bakar hartuta. Deituran Euskadi ere ageri zen, baina hori taldeak nahita jarritako izena da, inongo euskal erakunde publikok ez baitzuen publizitate hori ordaindu.
2019ko denboraldia ezusteko batekin hasi zen; izan ere, Euskal Herriko Itzuliko lehen etaparen aurretik, Euskadi-Muriasek jakinarazi zuen Euskadi Fundazioarekin bat egitea negoziatzen ari zela. Euskal erakunde publikoek oso begi onez ikusten zuten aukera hori. Negoziazioek, baina, ez zuten fruiturik eman. Mikel Landa Fundazioko presidenteak argudiatu zuen egitasmo bakoitzak «helburu ezberdinak» zituela.
Euskadi-Muriasen Kontinental Profesional mailako bigarren urtea ere oso ona izan da, baina horrekin ez da aski izan. Perez, dena den, harro dago. «Arazo asko izan ditugu, eta, hala ere, talde handien gauzak lortu ditugu baliabide txikiekin. Vueltan bi etapa irabazi ditugu; hori historikoa da. Baina badirudi hemen kirol lorpenekin ez dela nahikoa, eta bultzada hori falta izan zaigu». Muriasek diru gehiago jartzea zen azken aukera, baina kale egin zuen.
Odriozola, jarraitzeko prest
Jon Odriozolak gaur emango ditu azalpenak, eta ez dirudi txirrindularitza mundua utziko duenik. Ez, behintzat, Perezen arabera. «Odriozolak esan dit lanean jarraituko duela. Nekaezina da. Ez du amore emango. 2020rako ezinezkoa dirudi, baina babesleekin eginiko harremana mantendu egingo du 2021era begira».