astekaria 2019/10/04
arrowItzuli

ekonomia

Munizioa banatu du Rementeriak

Iker Aranburu

Munizioa banatu du Rementeriak Iker Aranburu

Pedro Sanchezen eta Boris Johnsonen izenak ia bezainbeste entzuten dira azkenaldian Ivan Redondo donostiarrarena eta Dominic Cummingsena. Modan daude buruzagi politikoen artean itzal handia (neurrigabea?) duten estrategak, spin doctor deitutakoak. Zorionez ala zoritxarrez, badirudi halakorik ez dagoela Bizkaiko Foru Aldundian. Bestela, nekez uler daiteke diputazio horrek bere buruari hain modu traketsean kalte egin izana errenta irregularrak dituzten herritarren zergekin. Eta hauteskundeak atarian daudenez (noiz ez?), munizio ederra eman dio EAJri tiro egin nahi dionari. Arerioen eta adiskideen presioaren ondoren, Unai Rementeriaren gobernuak atzera egin behar izanak ez du kontakizuna asko aldatuko: berez pribilegiatuak diren gutxi batzuei zerga opari bat eman nahi zien Bizkaiko EAJk, modu ezkutuan eta kontsultatu gabe bere ingurukoei. Estratega baten amesgaiztoa.

Agian, Rementeriak eta bere taldeak espero zuten inor gutxi jabetzea foru arauaren aldaketaz. Horrela iradokitzen du moldaketa Bilboko Aste Nagusiaren erdian egitea, 60 orrialdeko dekretu baten barruan, eta hizkera hieroglifikoa erabilita. Ez dira modurik onenak gero gardentasuna aldarrikatzen aritzeko.

Afera petit comité uzteko asmoak lau aste iraun du, eta deigarria da El Correo-k eman duela argitara. Egunkaria ez da EAJren sokakoa, baina ezin daiteke esan haserre dagoenik alderdi jeltzalearen oraingo ildoarekin. Eta are gutxiago esan daiteke zergak txikitzearen aurkako jarrera orokor bat duenik, batez ere enpresei buruz ari denean. Baina, neurri batean, egunkariaren planteamenduak berak eraman du proposamena hondoratzera, irakurlearen arreta erakartzeko gako egokia aukeratu baitzuen dekretuaren berri emateko: gaur egun, batez ere Athletici mesede egiten zion neurri bat zen, aldundiak 1995ean onartu baitzion bere jokalarien soldatak errenta irregular gisa tratatzea. Correo-ren kalkuluek diote hamabost milioi euro aurreztu zitzakeela errenta horien erdia soilik zergapetuta, baina izan da kalkulu horri buelta eman dionik: Athleticek hamabost milioi gehiago izango lituzke (euskal) futbolari gehiago fitxatzeko. Beste taldeak haserretu egin dira, sare sozialak aztoratu dira, eta oihartzun handiagoa lortu du aferak.

Funtsetako kudeatzaileen arrantza

Kontua jakinarazi egin zenetik, Rementeriaren gobernuak esan du ez zela Athleticeko jokalariak saritzeko neurri bat, baizik eta Londrestik ihesi doazen funtsetako kudeatzaileak erakartzeko baizik. Itsaso horretan arrantza egin nahian dabiltza asko, eta Gipuzkoak urte hasieran onartu zuen arau bat horiek erakartzeko, EAJren eta PSEren babesarekin. Irtenbidea? Errenta irregular gisa deklaratu beharrean, kapital irabazi gisa deklaratzea, gehienez %25eko tasa ordaintzen dutelako. Orain EAJk eta PSEk espresuki funtsen kudeatzaileentzat prestatuko duten araua ez da Gipuzkoarenaren urrun ibiliko.

Rementeriaren benetako helburua hori bazen, azkenean lortu egingo du. Baina horrek ez ditu bi gauza ezabatuko. Batetik, munizio gehiago eman die EAJren adar neoliberalean jartzen dutenei. Izan ere, funtsen kudeatzaile dirudunei erraztasunak ematea ez dator bat ogasunek aldarrikatzen duten progresibitatearekin, eta beste «talentudun» batzuk sartu nahiko duten zuloa sortzen du sisteman. «Paradisu fiskalaz» hitz egin du ELAk, eta ez da bakarra izango.

Bigarrenik, Rementeriak agerian utzi du EAJk bere bazkidea gutxiesten duela. Hauteskundeak joan eta hauteskundeak etorri lortzen dituzten emaitza bikainen ondorioz edo, batzuetan badirudi jeltzaleei ahaztu egiten zaiela koalizioan gobernatzen dutela. Ez zieten sozialistei aldaketaren berri eman, eta barregarri utzi zituzten, ulertzen ez zuten hieroglifo bat sinarazi zietenean. Ahotsa altxatuz erantzun du Idoia Mendia PSEko buruak, baina azken negoziazioak nekez ezkutatu dezake zerga kontuetan PSEk EAJren nahietara makurtzeko joera duela. Gogoratu besterik ez dago zer egin zuen sozietate zergaren erreformarekin edo Gipuzkoako aberastasunaren gaineko zergarekin. Eta EAJk badaki.

BERRIAn argitaratua (2019/09/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA