bizigiro
RAFA MUNTION
«Iritsiko da eguna non kazetariak lan egiteagatik ordaindu beharko duen»
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
Ia bi hilabete igaro dira erretiratu zinenetik. Zer moduz doakizu?
Prest nengoen momentu honetarako. Errelebo kontratuari esker erretiratu nintzen, berezko data baino lau urte lehenago. Aukera hori eman zidaten, baldintza batzuen barruan. Beraz, erretiratuta baino gehiago, oporretan nagoela dirudi, abuztura arte egon bainintzen lanean. Desordenatu xamarra naizen arren, nire bizitza ordenatzen hasi beharra daukat, arreta jartzen. Lehentasunak ezarri behar ditut.
Azken irratsaioa abuztuaren 16an egin zenuen. Nolakoa izan zen momentu hura?
Lasai egin nion aurre. Goizean iritsi nintzen estudiora, eta bertan zeuden lankideek esan zidaten azken orduak nituela irratian. Saioaren azken hiru minutuak gorde nituen ergelkeria batzuk esateko. Asko gustatu zitzaidan lankide gazteenak ere bertan egon izana. Uste dut talentu handia dagoela, eta haiek babestu beharra dagoela. Ziur nago irratira bisitan itzuliz gero bidelagun izan ditudan guztiak bertan egongo direla. Finean, 30 urte izan dira, eta oso garrantzitsuak izan dira nire ibilbidean. Baita entzuleak ere. Onena opa diet guztiei.
«Agur Baskonia, ez adiorik» izan ziren zuzeneko azken emankizuneko hitzak. Zer adierazi zuten hitz horiek zuretzako?
Ez naiz gogoratzen hitz horiek esan nituen ala ez, baina seguruenetik agur kutsuko zerbait izango zen. Zaragozan [Espainia] izan zen azken partida haren zuzenekoa. Kontu horietaz hobeto gogoratzen da Iñaki Garaialde. Beti diot nire anaia dela; 1990eko hamarkadatik izan dut alboan. Bagenekien Baskonia partida hura galtzen ari zela, eta horrekin gure azken zuzeneko emankizuna izango zela. Bat-bateko zerbait egin behar genuen, eta hunkigarria izan zen, hasi ziren hitzak ateratzen. Garaialdek ere bide bera hartzea erabaki zuen, esan zidan nirekin hasi zuen bidea nirekin amaitu nahi zuela. Elkarri begiratu genion momentu hartan, eta esan genuen: akabo zuzenekoak.
Zein da Garaialderekin duzun harremana?
Julio Ruiz de Ereña ordezkatu zuen, hasiera batean harekin batera hasi bainintzen zuzenekoak ematen, 1988an. Gazteak ginen eta momentu guztiak aprobetxatzen genituen. Pentsa, ez nuen ulertzen zergatik eskatzen ziren hoteletan gosariak ere. Garaialdek, ordea, eskuko frenoa jarri zidan. Kirol mundutik zetorren, saskibaloia utzi berri 11 urteren ostean. Biok oso ezberdinak gara. Beti diot Gasteizen biziko banintz, ez ginatekeela kuadrilla berekoak izango. Hala ere, elkarren osagarri izan gara, eta asko lagundu dit. Eduki dudan ibilbidea ezingo nuke bera gabe azaldu. Ehuneko berrogeita hamarra zor diot; berak osatzen du zuzenekoen erdia.
Baina irratiaren aurretik prentsan aritu zinen lanean. Nolatan eman zenuen jauzia?
Efe agentzian ibili nintzen, baita La Gaceta del Norte egunkarian ere, Gasteizen. Anekdota ugari ditut, baina nabarmenena zapata kaxarena da. Izugarria da. Egun, albiste bat idatzi eta posta elektroniko bidez bidal daiteke. Garai horietan bestelakoa zen egoera. Idazteko makinan albistea idatzi, eta zapata kaxa batean sartzen genuen. Autobus geltokira eramaten genuen, eta Bilbora zihoan autobusean sartu. Bilbon, berriz, norbaitek kaxa hartu, eta tailerrera eramaten zuen. Gerora hasi nintzen irratian lanean, Gasteizko Alaves futbol taldearen partiden zuzenekoak ematen. Hortik saskibaloira egin nuen jauzi, Jose Ramon Diaz de Unzueta irratiko zuzendariak eskaini zidanean.
Bata ala beste, zein nahiago?
Prentsa baino irratia gustukoago dut. Uste dut hedabiderik ederrena dela. Aktualitatean egoteko momentua ematen du, emozioak transmititzekoa. Irratirako dudan gaitasuna ez dakit zein den, baina idazteko, oso gutxi daukat. Asko miresten ditut idazten duten kazetariak. Are, haiek idatzitakoa hor gelditzen da.
Zein zen kazetaritzaren egoera?
Lan baldintzak prentsan betikoak ziren, ez dira asko aldatu. Gure jarduneko gai nagusia da, eta, sarritan, onartezinak diren lan baldintzak daude. Niri ez zait axola momentu batean debalde lan egitea, betiere ordaintzeko itxaropena edukiz gero, baina ez dago halakorik. Iritsiko da eguna non kazetariak lan egiteagatik ordaindu beharko duen. Kazetariok aukera daukagu enpresa zenbaiten jarduna kritikatzeko, baina inoiz ez dugu gure enpresa kritikatzen. Langileek %100 eskainiz gero, goikoek ere %100 eskaini behar dute. Horixe eskatzen dut.
Zer da zuzeneko emankizun batek eskain dezakeena?
Irratiak berehalakotasuna eskaintzen du, zuzeneko emankizun bat sortzeko aukera. Radio Vitoriari esker aukera eduki dut bidaiatu, eta entzuleei momentuan gertatzen zena kontatzeko, Baskoniarekin egoteko. Halako kasu batean ez zara azkartasunaren, kontakizun huts baten dimentsio batean sartzen. Kazetari bakoitzak zerbait sortzeko aukera ere badu. Imitaziotik harago, beti diot erreferente bat eduki arren, norberak estilo propio bat behar duela izan, zaindua.
Nolakoak izan ziren Baskoniarekin egindako bidaiak?
30 urteko ibilbidean asko aldatu da egoera. Hasieran, ACB ligako partidetara joateko autoa hartzen genuen. Baskoniak Europara salto egitean, berriz, 1990eko hamarkadan, kazetari ugari joaten ginen. Baina azken urteetan ni bakarrik joan izan naiz, taldearekin batera. Bidaiak beti dira politak; agian ezagutuko ez zenituzkeen lekuak bisitatzeko aukera ematen dute. Bitxikeria gisa, Greziako Partenoia 50 aldiz bisitatu dut. Ezin duzu aukera hori galdu, eta entzuleei kontatu behar diezu ikusten ari zaren guztia.
Eta taldekideekin harremanik izan al duzu?
Logikoki, taldeko kideak ezagutzen dituzu, haiekin bidaiatzen baita. Batzuek diote kazetaria ezin dela jokalarien alboan egon, hark azaldutakoa ez delako objektiboa izango. Baina nik betidanik esan izan dut inor ez dela objektiboa, agintzen duena subjektibotasuna da. Kazetaritza ikasketetan diote objektibotasuna dela garrantzitsuena, baina ez da existitzen. Esate baterako, harremana dut Pablo Prigioni jokalariarekin, eta esaten dit gaizki jokatzen dutenean egia kontatu behar dudala, era egokian azalduta. Zein hobe lagun bat baino zerbait gaizki egin dutela esateko?
Anekdotarik?
Haiekin bidaiatzen hasi ginenean harreman handiagoa geneukan jokalariekin. Orain, profesionalagoak dira, partida gehiago jokatzen dituzte. Garai horietan entrenatzailearekin azkar batean afaltzen zuten, protokoloa beteta. Ostean, Garaialde eta biokin etortzen ziren; esaterako, Galizian itsaskia jatera. Autoa ere utzi nion behin edo behin jokalariren bati. Esaten nien hurrengo egunean ibilgailua onik itzuliz gero ez zegoela arazorik.
Kazetaria leku eta momentu konkretuan egon behar al da?
Dudarik gabe. Kazetari batek lekuan bertan behar du egon, baina arazo ekonomikoek agintzen dute. Profesional bat leku batean egotea dirua da. Beraz, iritsiko da garaia bat non albisteak kontatuko ditugun kazetaria bertan egon gabe.
Garaiak ere aldatu dira, eta horrekin baita teknologia ere...
Hasieran lau hariko aparatu bat geneukan. Telefonica telefono konpainiak kudeatzen zuen, haren bitartez konektatu behar izaten genuen. Pentsa Baskoniak Lituanian jokatzen zuela, eta emisioa Gasteizeraino iritsi behar zela. Ibilbide luzea egin beharra zegoen, eta telefono konpainiak zituen mahai batzuei esker iristen zen konexioa. Gasteiztik Madrilera zihoan konexioa, hortik Frankfurtera [Alemania]; azkenik, Lituaniara. Geltokietako bakoitzean pertsona batek mahaia zabalduko ez balu konexioa galduko litzateke. Egun, saskibaloi pabiloietan kablea zuzenean sartu eta zuzeneko emankizuna egiteko aukera dago. Telefono digital batzuk ere badaude, eta edozein tokitatik zuzenekoak egiteko aukera ematen dute.
Eta zaleak zer dira zuretzat?
Guztia. Egia da jakin behar dela profesional ona izateaz gainera enpatia izaten. Niri ez zait axola izan entzuleekin egotea, haiekin hitz egitea, garagardo bat hartzea. Denbora hori ere urrea da. Gogoan dut Madrilgo partida batean, ustekabean, nire izena oihukatzen hasi zirela zale batzuk. Ez nintzen konturatu lankide batek abisatu zidan arte. Entzungailuak kendu eta zutitu egin nintzen. Oso gustura bizi izan nuen, eta konturatu nintzen 30 urtean akatsak egin arren zerbait ona ere egingo nuela. Zaleekin, jendearekin konektatzea ederra da.
Eta Baskonia?
Nire istorio txiki-handia ezin esplika daiteke Baskoniarik gabe. Ezta irratirik gabe ere. Radio Vitoriak eman zidan aukera Baskoniarekin egoteko, eta Baskoniak, berriz, jendearengana iristeko. Jardun profesionaletik begiratuta, eskaintzeko daukadan gutxi-asko Baskoniarentzako eta irratiarentzako da.
Zer da garrantzitsuena profesional batentzako?
Esperientzia oinarri hartuta, batetik, egiten ari zarena gustuko izatea, ahal izanez gero behintzat. Bestetik, talentua edukitzea, egiten ari zaren hori ongi egiteko. Baldintza egokiak edukitzea ere garrantzitsua da, baina hori sarri ez dago gure esku.
Ibilbidean, zein harreman izan duzu euskararekin?
Etxekoek euskaraz hitz egiten dute, eta harremana zuzena da. Ulertzeko gaitasun apur bat badut, baina ez hitz egiteko. Horri tira egitea falta zait. Denbora eskaini nahi diot euskara ikasteari, lagun artean praktikatzeari.
Eta hemendik aurrera zer egingo duzu?
Neure buruari bi filtro jarri dizkiot, familiarekin batera. Batetik, asteburuetan ez dut lanik egingo, eta, bestetik, ez dut bidaiatuko. Hortik aurrera zabalik nago zerbait erlaxatua egiteko. Argi dudan bakarra da ez naizela obretako hesi baten alboan eseriko. Azken irratsaioan esan bezala, behar dudan bakarra denbora da.