astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

bizigiro

Svastikak eta estatua biluziak

Edu Lartzanguren

Svastikak eta estatua biluziak

Zer gertatzen ari da azkenaldi honetan, berez garrantzirik ez duten sinbolo txikiek horrenbesteko garrantzia hartzeko? Izurri antzeko bat da: Japoniako mapetan, tenplu budistak non dauden markatzeko, svastikak erabili dituzte beti, budismoaren sinbolo baitira. Atzerritarrak, ordea, izutu egiten dira, svastikak nazismoarekin lotzen dituztelako. Japoniako agintariek svastika horiek pagoda baten siluetarekin ordezkatzea erabaki dute, atzerritarrak erosoago sentiarazteko. Neurriak, ordea, haserrea eragin du Japonian: jende askok ez du ulertzen zergatik moldatu behar diren hango ikurrak atzerritarren sentsibilitatera, haiei eskatu beharrean herrialdeko sinbologiaz ikastea.

Zeinu gatazkaren beste adibidea Italian gertatu zen duela hiru aste. Irango presidente Hasan Rouhani armak erosteko poltsa bete diruz bisitan joan zenean, Erromako Museo Kapitolinoetako estatua klasiko biluziak estali egin zituzten, agintari musulmana eroso senti zedin. Haserrea piztu zuen erabakiak: norbere kultura eta irudiei uko egin behar zaie, kanpotarrak gozotzeko? Non dago muga diplomaziaren, errespetuaren eta norbere buruaren ukazioaren artean?

«Diferentzia txikien nartzisismoa da», azaldu du Joseba Gabilondo irakasleak. Michigango Unibertsitatean dabil irakasle, eta azken boladan ikerketa bat egiten ari da Oxforden, euskal neokontserbadoreen inguruan «Jon Juaristi, Fernando Sabater, Mikel Azurmendi eta enparauak», azaldu du. «Nazionalismo espainiarra beti euskaldunek asmatu dute». Ordu aldaketaren ajea du, eta beste kafe bat eskatu du, zeinuen fenomenoa argitzeko.

«Homogeneizaziorako beti behar da kanpokoa, etsaia, exotikoa, bestea. Bestetasunak lortzen du homogeneizazio erabatekoa. Bestea gabe, ez dago gu-a», azaldu du.

Eskuin muturra dabil bestetasuna eta zeinu gatazka maisuki erabiltzen, Gabilondoren aburuz. Frantzian Fronte Nazionalak antolatu izan ditu janleku herrikoiak, txiroei jaten emateko, baina ezaugarri gaizto batekin: otordu guztietan zerrikia ematen dute, musulmanak apropos kanpoan uzteko. Txerrikia diferentziaren ikur bihurtu dute.

Freudek zabaldu zuen diferentzia txikien nartzisismoa kontzeptua. Taldeak oso berdintsuak direnean, euren nortasunari eutsi ahal izateko, gertuen dagoenari, antzekoena denari, eraso egiten diote, hain zuzen ere, diferentziak oso txikiak direlako. «Hor, edozein sinbolo txikik sekulako garrantzia hartzen du. Baina, atzean, berdintasun jasanezin bat dago», esan du irakasleak.

Frantzian izugarri erabiltzen dute hori: burka 2.000-3.000 andrek erabiltzen dute han: «66 milioko estatu batek eztabaida nazionala eratzen duenean talde txiki baten inguruan, seinalea da arazoa bestelakoa dela». Diferentzia txikien nartzisismoarekin azaltzen da.

«Sinbolo txiki horiek mobilizatzeko ahalmen handia dute», azaldu du Gabilondok. Zapi bat buruan edo CUPeko Anna Gabrielen orrazkera... «Nola sor dezake horrek halako eztabaida eta misoginia?». Kataluniako prozesua dagoelako atzean, eta halako detaile txikien bidez heltzen zaio.

«Denok kontsumo gizartean gaude sartuta, eta denok kapitalismoaren biktimak gara». Berdinak garen heinean, edozein diferentzia kultural eta etnikok lehen ez zuen garrantzia hartu du.

Rouhani Frantziara transakzio kapitalista baterako joan zen. Baina Frantziako presidentearekin egin behar zuen bazkaria bertan behera geratu zen, frantziarrek uko egin ziotelako ardoa menutik kentzeari. «Ez dago inongo alderik Frantziako eta Irango Gobernuen artean: batek armak saldu nahi ditu, besteak erosi. Orduan, ardoa diferentziaren sinbolo bihurtzen da».

Umberto Ecoren interpretazio aberrantea kontzeptua mahai-gainean jarri du Imanol Galfarsoro saiakeragileak. Kultura batetik beste kultura bateko zeinuak oker interpretatzean gertatzen da. Japoniako svastikak dira horren kasua. Globalizazioaren aroan, oso ohikoa bihurtu da interpretazio aberrantea. Lehen, komunikazio gehiena kultura bereko pertsonen artean gertatzen zen.

Diplomatikoa eta morroia

Svastika kentzea, estatua biluziak estaltzea... Kanpoko begiradaren aurrean amore ematea da. Nola egin, ordea, diplomatikoa izateko, morroia eman gabe?

«Kanpokoa integratzearen eta makurtzearen arteko desberdintasuna botere afera da. Tokikoak bertakoak duen boterearen eta kanpokoak duenaren artekoa», esan du Jule Goikoetxea politologo eta EHUko irakasleak. Haren arabera, galderak ez du «erantzun unibertsalik», ez baita gauza bera toki batean 50.000 mila atzerritar jasotzea momentu zehatz batean edo hamarkada batean. «Ez da berdin kanpokoak estatu aberats, indartsu eta handi batera iristen badira edo komunitate minorizatu, pobre edo fragmentatu batera». Diplomatiko eta morroi izatearen arteko desberdintasuna ere, «etika politikoaz gain, baliabide kontua da». Oso zaila da New Yorken jaiotako klase altuko gizon zuri amerikar batek morroi ematea kulturalki, «hegemonikoa delako».

Markos Zapiain pentsalariarentzat, eskuzabaltasuna onuragarria da, eta, ahal den heinean, «praktikatu beharreko balioa». Baina bere burua ziur sentitzen duena izan daiteke eskuzabala. «Aldiz, ahula baldin bada zure kultura, eta mehatxatua baldin badago, defentsako jarrerak hartzeko joera izango duzu, eta hori eskuzabala izatea baino desatseginagoa da». Zapiainek kontatzen duenez, antropologo batek idatzi zuen euskaldunak kanpotarrekin «oso irribarretsuak» izaten direla, eta hori ohikoa dela «desagertzera doazen herrietako kideengan».

Edonola ere, norberaren hauskortasunaren pertzepzioa «oso subjektiboa» izaten dela nabarmendu du pentsalariak. Frantzia jarri du adibide: «Guretzat hain indartsuak diren frantses askok eta askok agonia larrian sentitzen dute beren kultura, anglofonoek eta musulmanek itoa, eta defentsako arauak euskaldun askori paranoikoa zaigun kopururaino biderkatzen dituzte». Hamarkada luzeak daramatzate Frantzian «salbuespen kultural» deitzen dutenaren alde. Toubon legeak (1994), esaterako, frantsesez abesturiko kanten kuota bat ezartzen du irratietan.

Urtarrilaren amaieran, entzungailuak sinbolo bihurtu ziren Nafarroako Parlamentuan. PPko legebiltzarkide Javier Garciak «errespetuagatik» gaztelaniaz hitz egiteko eskatu zien euskaraz egin zuten sindikalistei, «parlamentari gehienok entzungailuak jarri beharrik izan ez dezagun».

Halako egoeratan euskaldunoi heldutasuna falta zaigula uste du Zapiainek. Kataluniako kasua kontrajarri du: Ines Arrimadas Andaluzian jaioa da, 26 urte bete arte ez zen Kataluniara joan, hedabideetan dio bere burua salamancar sentitzen duela eta «zentralismo jakobinorik agresiboenaren arietea» da Katalunian; eta, hala ere, abertzale independentista du bikotekidea. Antzekoa da Andrea Levyren kasua. «Gu oraindik ez gara konplikazio horien baitan atseginez elkarbizitzeko bezain helduak. Zaila da Laura Garrido eta Pernando Barrenaren eztei bidaia irudikatzea, Javier Maroto eta Andoni Ortuzarrena, Laura Mintegi eta Rodolfo Aresena».

Euskaldunok «eskarmentu luze eta sakona dugu kanpoko begirada horrekiko negoziazioetan eta amore emateetan», esan du Josu Bijuescak. Euskal Hizkuntza eta Kultura graduaren koordinatzailea da Deustuko Unibertsitatean. Bijuescaren aburuz, euskaldunen exotizazio prozesua aspaldi hasi zen. Vizcaino deritzon pertsonaia estereotipatua gaztelaniazko literaturak euskaldunak irudikatzeko modurik hedatuena izan zen XV. mendetik aurrera. «Erdeinuzko trataera horren ezaugarririk nabarmenena hizkuntz gabezia da, alegia gaztelaniaz ondo mintzatzeko gaitasunik eza». Euskararen apologistak hizkuntzaren balioa eta dotorezia azpimarratzen saiatu baziren ere, gaztelaniaz egin zuten; beraz, Euskal Herria poetarik gabeko herria zela zioten erasotzaileen salaketa inplizituki onartzen ari ziren. «Bere plazera baino bilatu ez duen» kanpokoen begiradak horrek «alteritate gisa» erabili ditu euskaldunak. Horrek ondorio larriak izan ditu euskal kulturan: «Emaitza batzuk indartu ditu: estropadak, zesta-punta, eta, horren haritik, turismoarekin zerikusia duten beste asko, horien artean sukaldaritza». Baina euskaldunok bestearen begirada estereotipatua onartzeak hizkuntza eta literatura oztopatu ditu.

Espainian eta Frantzian diferentzia agertzen denean Estatu osoa «histerizatu» egiten dela esan du Gabilondok. Garciaren entzungailuekin bezala, erreakzio histerikoak sortu ziren abenduan Frantzia jakobinoan, Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidenteak kargua hartzeko hitzaldia korsikeraz egin zuenean.

Unamuno saria irabazi zuen iaz Gabilondok Globalizazioak eta erdi aro berria: diferentzien itzuleraz saiakerarekin. Han azaldu zuenez, diferentzia txiki horiek gogorarazten dute oraindik ere badagoela kapitalismoari ihes egiten dion dimentsio bat. «Diferentzia txiki hauek gehitzeak eraman gaitzake kapitalismoa zalantzan jartzera, eta hura azken krisira eramatera. Diferentzia txiki hauek garrantzitsuak dira, nahiz eta nartzisismotik etorri, gogorarazten digutelako kapitalismoak oraindik ez duela irabazi». Euskara bera horrela ulertzen du Gabilondok. «Euskara ez da negozioa, traba egiten dio negozioari. Ekonomia bat sortzen du euskarak, bai, baina ez dago kapitalismoaren koordinatuen arabera muntatuta, baizik eta kontra».

Haatik, euskal politigintzako praktika, eta teoria ere orain, diferentziaren kontra doala dirudi. «Eskuin abertzaleak aspaldi utzi zion euskararen alde serio egiteari, EAEko Hezkuntza Sailaren funtzionamenduak erakusten duenez», esan du Zapiainek. Gaineratu duenez, ezker abertzaleko sektore gero eta zabalagoak euskara abandonau behar dela esaten ari dira orain, Euskal Estatua erdietsiko bada. «Hau da, eguneroko praktikan beti egin izan dena teorian ere ezartzen dabiltza».

Basque Exhibition Center, Urdaibai Bird Center, Culinary Basque Center... Euskara ezkutatzen duten izenak dira. Halere, Galfarsorok uste du inglesak ez duela euskara zapaltzen, «alderantziz, ingelesa soluzioa izan daiteke eztabaida multikultian, Euskal Herrian dauden migrari gehienek hitz egiten dutelako seguru asko». Pentsalariaren arabera, «ni eta zu horiek mundu berdinean bizi dira, eta hori beharko litzateke eztabaida honen guziaren abiapuntua». Esan duenez, kulturak ez dira bat, «barru-barrutik zatituta daude; baita euskal kultura ere». Aliantzak identitate zatikatu horietatik sortzen direla gaineratu du, «batzuen eta besteen arteko borroken aitormenaren bidez». Gabilondok ere uste du «etorkin nortasuna» landu beharko litzatekeela, «azken batean, denok garelako etorkinak».

Edonola ere, euskal ezaugarririk gabeko estatua aldarrikatzen dutenen antipodetan dago Gabilondo. Estatu etnikoaren alde agertuko da datorren liburuan. «Euskal proiektu politikoak daukan elementu etniko irrazionala erabat beharrezkoa da, horrek ematen diolako gozamena. Ezin dugu etnizitateaz hustu». Gozamena zentzu psikoanalitiko postmarxistan erabiltzen du.

«Estatu espainolak benetan disfrutatzen du bere etnizitateaz, eta guk uko egin diogu. Zertarako proiektu politiko bat ezin badugu gozatu?». Gabilondoren arabera, diferentziak areagotu egin behar dira kapitalismoari aurre egiteko. Esan duenez, Erdi Aro global batean gaude dagoeneko, baina ez dakigu zeinetarantz goazen, feudalismora, edo diferentzien Erdi Arora. «Azkena komeni zaigu».

BERRIAn argitaratua (2016/02/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA