astekaria 2019/10/04
arrowItzuli

gizartea

KIKE AMONARRIZ

«Aukera dugu urrats kualitatiboa egiteko»

Garikoitz Goikoetxea

«Aukera dugu urrats kualitatiboa egiteko»

Egunotan, paper zaharrak begiratzen aritu da Kike Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961), Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari izendatu osteko hitzaldia prestatzeko. 1994ko urriaren 3ko agiri bat ekarri du: ostegunean 25 urte beteko ditu. Tolosako Galtzaundi Euskara Taldearen gutun bat da, non Euskal Herrian sortzen ari diren euskara elkarteei dei egiten zaien topaketa baterako, euskara taldeen bilgunea eratzeko. Amonarriz bera aritu zen eskutitz hori prestatzen, besteak beste. Topagunea da euskara elkarteen bilgune hori, eta, mende laurden geroago, Amonarriz izango du lehendakari, Elena Lakaren ordez. Topaguneak batzar nagusia egin zuen atzo, eta bertan onartu zuten Amonarriz lehendakari izatea.

Euskaraldiarekin, mugimendu handia dago Topagunean. Garai polita da, baina ardura ere bai...

Biak. Inoizko garairik onenean dago Topagunea. Euskaraldiak bistaratu ditu Topagunearen asmoak, hausnarketen emaitzak. Erraztasun handia da orain hartzea lehendakaritza: hor daude egindakoaren emaitzak. Maila bat igo da lehendakari bakoitzarekin: Fernando Muniozgurenek hasiera eman zion; Joxe Mari Muxikak, sendotu; Karmen Irizarrek, lehen kongresua; Mikel Irizarrek, egituratzea; eta Elena Lakarekin etorri da Euskaraldiaren loraldia. Baina, noski, ilusio adina ardura da: aukera handiak ditugu, eta jakin behar da aukerak aprobetxatzen.

Beste lehendakariak aipatu dituzu. Zein izango da zure legatua?

Saiatu nahi nuke mugimendua hedatu, sendotu eta indartzen. Euskaraldiaren aukerarekin euskara eta euskaltzaleen mugimendua beste maila batera pasatzen.

Segituan eman zenuen baietza?

Ez. Uzkur egon nintzen hasieran. Nahiz eta ilusio handia egin zidan, pentsatu nuen beste norbaiten garaia zela agian: gazteagoa, emakumea, ez-gipuzkoarra... Ezetz esan nuen, jakinik inguruan segituko nuela. Baina, bigarren bueltan, berriz eskaini zidaten, eta aurrera egin dut. Oso ekosistema ilusionatua aurkitu dut Topagunean, ausardia eta kemena duena, eta oso abegikorra. Urteotan oso eroso sentitu naiz, eta horrek ere lagundu dit baiezkoa ematen.

Zenbat urterako asmoa duzu?

Hiru bat urte. Herri mugimenduetan inportantea da berrikuntza.

Azken urteetan Topagunearen bueltan ibili zara, baina ez orain soilik: sorreran ere jardun zinen.

Oso lotuta egon naiz euskara elkarteekin eta Topagunearekin. Lehenengo harremana 1980an izan nuen euskara elkarteekin, Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkartean. Hiru urte eta erdiz liberatua izan nintzen. Elkarte gutxi zegoen, eta Euskal Herrian Euskaraz-ekin koordinatzen ginen. Elkarte hura desagertzean, udaleko euskara zerbitzura joan nintzen. Aurki ohartu ginen hanka instituzionalak hanka soziala behar zuela. Galtzaundi Euskara Taldearen sorreran ibili nintzen [lehendakaria da]. Hainbat euskara elkarte ari ziren eratzen, eta kezka bat sortu zitzaigun: koordinatzea eta ikuspegi nazionala ematea. Orain 25 urte abiatu zen Topagunea sortzeko prozesua: biltzeko lehen deia Galtzaunditik egin genuen. Sorrera katramilatua izan zen, ilusionatua eta eztabaida handikoa. Gerora, urrutixeago ibili nintzen. Duela zortzi bat urte, Topaguneko gogoeta-ekintza taldean sartu nintzen, eta, hortik, Topalabea taldean. Azken bizpahiru urteetan gehiago sendotu da harremana, Euskaraldiaren bitartez.

Euskara elkarteak nola daude?

Indartzeko garai egokian. Era guztietako elkarteak dauzkagu: sortzen ari direnak eta desagertu direnak, indartsu dabiltzanak eta ahul daudenak... Erronka nagusietako bat da mugimenduak jauzi kualitatibo bat ematea: euskara elkarteak indartzea eta hedatzea. Jakin behar dugu Euskaraldiak sortutako energia bideratzen. Aukera ezin hobea daukagu: hurrengo Euskaraldia badator. Antolaketa irekiagoa jarri behar dugu, horizontalagoa, baina, betiere, sarea osatuz. Topagunearen eta elkarteen arteko harremana ere sendotu behar da, eta elkarteen artekoa. Mugimenduak zabaldu beharra du ahulago dagoen lekuetara ere: Iparraldea eta eremu erdaldunagoak dauzkat gogoan.

Euskalgintzak inbertsio handiagoa egin behar du eremu horietan? Bilbon, esate baterako.

Urrats berrietarako premia ikusten da. Zenbait tokitan ondo egituratuta gaude, baina beste batzuetan, atomizatuta. Euskalgintzak bideak lortu behar ditu horri gorputz bat eta eginkizun batzuk emateko, aktibazio sozialerako. Ez daukagu zertan egitura zurrun batzuekin joan: bilatu behar dugu kasu bakoitzean komeni den egitura era, planteamendu irekiekin.

Gazteen parte hartzea hizpide izan duzu sarrera hitzaldian. Badago kezka transmisioarekin?

Egin kontu 25 urteko erakundea dela Topagunea: bertan dabilen jendeak adinean aurrera egin du. Jakin behar da berritzen. Ahalegin handia egin da: teknikarietan gazte asko integratu da, zenbait elkartetan ere ari da belaunaldi aldaketa egiten. Baina indar berezia jarri behar dugu, eta protagonismoa gazteei eurei eman. Asmatu behar dugu gazteek beren ahotsa eta lekua izan dezaten mugimenduan. Etengabe zaindu behar da.

Zaindu beharreko beste aldagai batzuk ere hizpide izan dituzu.

Genero berdintasuna: askoz gizon bazkide gehiago ditugu, baina Euskaraldian emakumeen presentzia askoz handiagoa da. Orekatzera joan behar dugu aginte organoetan eta parte hartzean. Kanpotik heldu direnen ekarpena ere behar dugu. Eta lurraldetasuna: nazio osoko mugimendu sendo bihurtzeko urratsak egin.

Urteotan harreman hobea nabari da euskalgintzaren eta erakundeen artean. Zer aldatu da?

Batetik, testuinguru soziopolitikoa: asko lagundu du erlazio batzuk onbideratzen. Bestetik, diagnosi komun bat dugu: pauso handiak eman ditugu ezagutzan eta arlo batzuetako erabileran, baina ez aurrera ez atzera gaude beste esparru batzuetan (kaleko erabilera, irakaskuntzan haur eta gaztetxoen erabilera, jarreretan sortzen ari diren diskurtso batzuk...). Edo indarrak metatzen ditugu, edo nork bere aldetik ezingo diogu aurre egin erronka honi. Konfiantza ehunduz joan da: Korrikako kilometro sinbolikoak ireki zuen garai berri baten asmoa, eta bestelakoak etorri dira gero —adibidez, hedabideen inguruko ituna—. Lagundu dute Iparraldearen erakundetzeak eta Nafarroako aurreko gobernuak ere —eta oraingoan eskuina kanpoan egoteak—.

Elementu asko ditugu alde orain: ezagutzan aspaldiko kopururik onenak, euskararen aldeko inoizko giro sozialik onena, eta euskalgintza barruan eta eragile soziopolitikoen arteko harremanetan giro hobea. Badago elkarlanerako oinarri sendoa.

Egoera horretan iritsiko da bigarren Euskaraldia: herritarrei ez ezik, entitateei eragin nahi die.

Hurrengo bi Euskaraldiek asko marka dezakete euskalgintzaren hurrengo fasearen norabidea eta abiadura. Lortuko bagenu pauso sendoak ematea eta atxikimendu irmoak lortzea entitateen eta herritarren aldetik, beste fase batean jarriko ginateke hizkuntzaren biziberritzean. Gizarteak ikusten badu pauso serioak direla, sinetsita eman direla; urrats kualitatiboa izango da. Aukera daukagu.

Eta ez bada lortzen?

Ez badugu giro hori sozializatzen, entitateen urratsak ez badira sendoegiak eta jendearengan itxurakeriarako joera sumatzen bada, aukera galdua izan liteke. Badugu arriskua: euskararen aldeko jarrera sinboliko asko egon da; jende asko dago euskararen alde dagoena baina erabileran urrats zehatzik egiten ez duena, edo oso txikiak. Horretara ohitu da jende asko. Hurrengo bi Euskaraldiek erakutsiko dute zenbat lortzen dugun herritar eta entitateak aktibatzea.

Lehen Euskaraldiari buruzko ikerketa aurkeztu dute. Erabileran, esperotako joera: 11 egunetan, igoera; gero, jaitsiera, baina hasierako egoera baino hobea.

Sekulakoa da lortutakoa, baina hasiera besterik ez. Ikusi da proposamen balekoa dela, eraginkorra, baina jarraitutasuna behar du. Zer hobetua ere badago: diskurtso mailan, rolak hobeto azaltzea; eta identifikatu dira oztopo batzuk, egon da kritika bat erakunde handiekin, engaiamendu handiagoa eskatuz. Balorazioa ona da, baina ez triunfalista: bitarteko indartsua da, baina eska dakiokeena eskatu behar zaio. Euskaraldia ez da euskararen arazo guztiak sendatuko dituen edabea. Baina egokia da beste arlo batzuetan eragiteko: euskaltegietako matrikulazioan, euskarazko kultur produktuen kontsumoan...

Edabe izatearekin lotuta, badago arriskua dena hizkuntza ohituren gain uzteko? Alegia, uste izateko euskararen arazo bakarra dela dakitenek ez erabiltzea?

Ohiturena bada erronka nagusietako bat: edozein euskalduni galdetzean zergatik ez duen euskaraz egiten, ohitura aipatzen dute gehienek. Badakigu ohituraren atzean faktore asko daudela, makroak eta mikroak: hizkuntza politika orokorrak, aisialdi eskaintza, lan munduko egoera... Euskaraldian entitateetara pasatzeak aukera emango du maila makroagoetara joateko. Egia da diskurtso batzuetan hiztunarengan zentratu izan dela erantzukizun osoa. Baina hizkuntza ohiturak aldatzea askotan ez da bakarrik hiztunaren gain geratzen den hautu bat: baldintza sozial batzuk ere sortu behar zaizkio. Hori indar handiagoz landu behar dugu.

Orain lau urte, Berrikusi eta berrikasi agiria aurkeztu zenuten Topalabean. Kezka azaldu zenuten: euskara lehia politikorako erabiltzea, euskalgintzaren eta erakundeen arteko ika-mikak, «zoru komuna» sustatu beharra... Uxatu dira beldur horiek?

Pauso handiak eman dira ordutik. Zoru komuna aipatzen zen, eta urrats sendoak egiten ari gara. Euskararen inguruko giroa eta adostasuna askoz ere txikiagoa zen orain dela bost-sei urte. Ez gara helburura iritsi, baina giro hobean gaude. Begira: Korrikako argazkia, hitzarmen berriak eta Euskaraldia ez ziren posible orain dela hamar urte, eta orain, bai. Baina prozesu luzea da hau: asko dago egiteko. Laster argitaratuko dugu beste dokumentu bat: aztertu dugu normalizazio prozesuaren fase berrian zein izan beharko liratekeen erronka nagusiak.

Harremanak hobetu dira, baina agenda soziopolitikoan euskarak ez dauka pisu nabarmenik.

Ez. Euskaraldiak eta Korrikak lortu zuten euskararen gaia plazaratzea. Jon Sarasuak askotan aipatu du: gure errelatoa sortu beharra daukagu hurrengo belaunaldiari eta etapari begira. Agendan ez egotearen kezka nik neuk ere badaukat. Batzuetan, pentsatzen da euskararena egina dagoela, ez dagoela arazorik. Bestetik, sektore batzuetan atxikimendurik ez gisako bat sortu da. Batik bat erabileraren bidetik eraman behar da gaia erdigunera.

Badira diotenak euskalgintza otzandu egin dela, erakundeekiko exijentzia jaitsi egin duela.

Ez zait iruditzen. Urte asko eman ditugu elkarlana aldarrikatzen, konfrontazio handiko egoerak izan ditugu, eta iristen ari gara baldintza egokiagoak dituen egoera batera. Ni ez naiz joandako garaien nostalgikoa; uste dut batzuen artean badagoela hori ere. Inportantea da elkarlana —euskalgintzaren eta erakundeen artean, eta euskalgintza barruan—, eta horren osagarri izan behar du ikuspegi kritikoak, behar denean presio egiteak. Horrek lagundu behar digu aurrera egiten. Tentsio uneak saihetsezinak dira, erritmoak eta ikuspegiak ez direlako berdinak. Elkarlana bateragarria da aldarrikapen eta kritikarekin.

Egia da, hala ere, izan direla mobilizazio handiagoko garaiak...

Kezka hori, bai, egon daiteke, eta ados nago: desmobilizazio bat gertatu ote den. Horregatik aldarrikatzen dut aktibazio soziala. Badaukagu egitura tekniko sendo bat, baina batez ere mugimendu soziala elikatu behar da. Hor ikusten dut erronka handia. Klima aldaketaren aurkako mugimenduan, feminismoan edo pentsiodunetan badago aktibazio sozial bat, euskararen inguruan gutxiago ikusten dena, edo agian Euskaraldira mugatu dena. Kontzientzia hori ere zabaldu behar dugu, zenbait jenderengan egon daitekeelako hauxe uste izatea: «hau badoa», «erakundeek egingo dute», «badaude teknikariak»... Hori oso arriskutsua izan daiteke.

Erakundeekin hobetu da erlazioa. Eta euskalgintza barruan?

Oso modu egokian nabari ditut, nahiz eta batzuetan tentsioak izan. Normala da ikuspegi desberdinak izatea, tentsioa eta, sektore batzuetan, lehia egotea. Baina, oro har, nahiko ondo dago. Denok dugu elkarren beharra, eta kontzientzia hori gero eta garbiagoa da: gure indarrak mugatuak dira. Aurrekoan, BERRIAn, Kataluniako ikus-entzunezkoen partzuergoko lehendakari ohiak argi esan zuen: plataforma handiekin negoziatzeko indar handia behar da. Erakundeei buruz ari zen, baina hedabideei buruz ere bai. Euskaraz gero eta hedabide indartsuagoak izatea onuragarria izango da denentzat; Topagunea zenbat eta indartsuagoa, orduan eta Kontseilu indartsuagoa. Sinergiak bilatu behar ditugu: ez gara txiki-txikiak, baina ez gara handiak. Testuinguru gero eta globalago batean gaude, eta erronka handiak dauzkagu. Txokokerietatik irteteko garaia da. Ari gara.

Gai horiek hizpide izango dituzu liburu batean: Euskararen bidegurutzetik. Aurki kaleratuko da.

Urteotan han-hemen esandakoak, idatzitakoak eta irakurritakoak bildu ditut, bateratu, eta forma eman. Era xehatuan emango dut, baina kaleko euskaltzale arrunta daukat buruan, ez espezialistak. Saiatu naiz momentuaren garrantzia esplikatzen, eta nire ilusio, kezka eta bizipenak ematen.

BERRIAn argitaratua (2019/09/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA