kirola
Neurrira eginikoa
Julen Etxeberria
Ezohikoa. Halakoxea izango da gaurtik urriaren 6ra Dohan jokatuko den Munduko Atletismo Txapelketa. IAAF Nazioarteko Atletismo Federazioak hala erabakita izango da ezohikoa. Duela bost urte erakunde horrek 2019ko ekitaldia antolatzeko Bartzelona eta Eugene (AEB) baztertu eta Qatarko hiriburuaren alde egin zuenetik, jakina zen Munduko Txapelketaren hamazazpigarren aldiak ez zuela inolako antzik izango 1983tik hona jokatutako bakar batekin. Zergatik? Bada, txapelketa jokatu ohi den garaian, abuztuan, bero jasanezina egiten duelako Qatarren: 45 gradu inguru eta %50etik gorako hezetasuna. Ezin daiteke lehiatu baldintza horietan atleten osasuna arrisku bizian jarri gabe. Bazekien hori IAAFek, baina ez zegoen prest Qatarren ahalmen ekonomikoari uko egiteko. Bazuen eredurik ez ikusiarena egiten, zeren FIFAk, Nazioarteko Futbol Federazioak, beste horrenbeste egin baitzuen 2022ko Munduko Kopa herrialde horri eman zionean. Ekitaldi hori ere ezohiko egunetan jokatuko da, azaroaren 21etik abenduaren 18ra.
Qatarrek eskatu, eta IAAFek prestatu. Sebastian Coe buru duen erakundeak herrialde horren neurrira egindako txapelketa bat atondu du. Hasteko, inoiz baino beranduago jokatuko da. Orain arte, 1987an, Erroman jokatutako ekitaldian lehiatu ziren beranduen atletak: abuztuaren 28tik irailaren 6ra. Bada, hilabete geroago ariko dira Dohan, jada udazkenean. Horri esker, atletak abuztuan baino bero gutxiagorekin ariko dira. Gutxiagorekin bai, baina ez gutxirekin, bero eta hezetasun handia egingo baitu lehiatzeko orduan: 30 gradu pasatxo eta %60ko hezetasuna.
Hala, eta Kalifa estadioak punta-puntako aire-egokitze sistema duen arren, IAAFek lehiatzeko ordutegiak aldatu ditu. Lehen aldiz, ez da lehiarik izango goizetan. Arratsaldean jokatuko dira proba guztiak. 16:15ean hasiko dira goizenera jota -15:15ean Euskal Herrian-, eta, hiru egunetan, arratsaldeko zazpiak pasata hasiko dira lehiatzen. Txapelketak iraungo duen hamar egunetatik zazpitan amaituko da jardunaldia goizaldean. Proba luzeenak jokatuko dira ordu horietan: ibilketakoak hango 23:30ean hasiko dira, eta maratoia, 23:59an. Heptatloiaren eta dekatloiaren azken probak ere goizaldean jokatuko dira: 800 metrokoa, hango 00:05ean, eta 1.500 metrokoa, 00:15ean. Dohan, lehen aldiz ariko dira aldi berean heptatletak eta dekatletak. Horri lotuta,bada beste berritasun bat probei dagokienez, estreinakoz gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrekin ariko baitira, 4x400 metroko txandakatze mistoan.
Maratoilariek eta 50 kilometrokoan ariko diren ibiltariek sufrituko dute gehien Dohako muturreko klima. Euts daitekeenaren mugan lehiatuko dira. Bada, muga gaindi ez dezaten, une oro kontrolatuko dituzte. Nola? Pilula bat hartu beharko dute, pilula handia, 17,7 bider 8,9 milimetrokoa, termometro digital txiki bat izango baitu barruan, baita bateria bat ere. Termometro horrek datuak bidaliko ditu gehienez metro batera egongo den monitore batera, eta han, mediku eta fisiologo batzuek kontrolatuko dituzte datu guztiak. Halaber, kamera termiko bat jarriko dute helmugan, korrikalarien gorputzaren eta azalaren tenperaturaren berri izateko. Hala ere, mediku eta fisiologo horiek ez dute izango inor gelditzeko eskumenik, baina momentuan ohartarazi ahalko dituzte atleta horien selekzioko arduradunak, beharrezko neurriak har ditzaten. Jada egin dituzte proba batzuk, eta balekoak izan dira.
Izar festa
Lehiari dagokionez, izar festa izango da. Izan ere, duela bi urte Londresen banakako probetan txapeldun izandako 48 kirolarietatik, zortzi baino ez dira faltako. Abiadurako lasterketatan, AEBak eta Karibeko herrialdeak ariko dira berriz ere nor baino nor gehiago: Chris Coleman, Noah Lyles, Grant Holloway, Michael Norman, Rai Benjamin eta Dalila Muhammad estatubatuarrak ariko dira batetik; eta Elaine Thompson, Shelly-Ann Fraser-Pryce, Danielle Williams jamaikarrak eta Shaunae Miller-Uibo bahamandarra bestetik. Ale bikainak ere izango dira: Divine Oduduru nigeriarra eta Dina Asher-Smith britainiarra 100 eta 200 metrokoetan, Karsten Warholm norvegiarra eta Abderrahman Samba qatartarra 400 metroko hesidunetan, eta Salwa Eid Nase bahraindarra 400 metrokoan, besteak beste.
Iraupen eta iraupen erdian, berriz, Etiopia eta Kenya ariko dira orpoz orpo. Biek eraman dituzte talde indartsuak: etiopiarrek, Telahun Haile, Selemon Barega, Hagos Gebrhiwt, Yomif Kejelcha eta Letesenbet Gidey, besteak beste; eta kenyarrek, Ferguson Rotich, Timothy Cheruyot, Benjamin Kigen, Hellen Obiri, Beatrice Chepkoech eta Ruth Chepngetich. Borroka horretatik kanpo ere badira atleta bikainak: adibidez, Nijel Amos botswanarra 800 metrokoan; eta Jakob Ingebrigtsen norvegiarra eta Sifan Hassan herbeheretarra 1.500 eta 5.000 metrokoetan. Jaurtiketetan ere ikuskizuna izango da. Beroaren eraginez, halere, garesti egongo dira munduko markak. Errusiarrak, berriz, neutral gisa ariko dira berriro.
Badira hutsune garrantzitsuak ere. Usain Bolt gabeko lehen txapelketa izango da, jamaikarrak Londresen esan baitzuen agur. Ez da ariko haren oinordekoa izan behar zuena ere, Wayde Van Niekerk hegoafrikarra, min hartuta baitago. Mo Farah britainiarrak ere uko egin dio, maratoian buru-belarri aritzeko. Beste horrenbeste egin du Tirunesh Dibabak, baina, etiopiarraren kasuan, bigarrenez haurra izateko. Oso bestelakoa da Caster Semenyaren kasua. Hegoafrikarrak duela bi urte 800 metrokoan lortutako urrea defenditu nahi zuen, baina IAAFek botikak hartzera behartu zuen, bere berezko testosterona maila jaisteko. Semenyak helegitea aurkeztu zuen TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegian, baina hark IAAFek ezarritako mugak babestu zituen. Onartu zuen «baztertzaileak» direla, baina baita «beharrezkoak, arrazoizkoak eta proportzionalak» ere, «emakumeen kirolean lehia garbia bermatzeko». Suitzako Auzitegi Federalak itxaropena eman zion atletari neurria behin-behinean baliorik gabe utzita, baina atzera egin zuen gero, eta Semenya ez da Dohan ariko.
«Ahal dudana egingo dut. Ez etortzekotan egon naiz»