astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

kirola

JOSE LUIS MENDILIBAR. EIBARREKO ENTRENATZAILEA

«Ea ikasi dudan klub batetik alde egiten bidali baino lehen»

Aitor Manterola

«Ea ikasi dudan klub batetik alde egiten bidali baino lehen»

Ordu eta laurden iraun du Eibarren entrenamenduak Arrasateko (Gipuzkoa) Atxabalpe futbol zelai lokaztu eta astunean. Ohi duen eran jardun du Jose Luis Mendilibarrek (Zaldibar, Bizkaia, 1961): oihuka, jokalarien lan txarrak salatuz, eta onak txalotuz. Zuzena da, eta pentsatzen duena azkar ateratzen zaio ahotik. Lana bukatutakoan, lasai ederrean, jokalariekin eta laguntzaileekin aritu da hizketan, egoera hau azalduz, mugimendu hura zuzenduz. Gero, bere bulegoan hartu du BERRIA.

Hiru partida segidan galduta dago Eibar. Kezkatuta zaude?

Galtzen denean kezkak azaltzen dira, eta bat da geldikako jokaldietan golak sartu dizkigutela azken partidetan. Lehen ez zizkiguten sartzen. Aurkariek badakite nola defenditzen dugun jokaldi horietan, eta min emateko bidea aurkitu dute, agian. Arazoa konpondu beharrean gaude. Gure okerrak larriak izan dira.

Eremuka egiten duzue zaintza kornerretan. Aldatu egingo duzue?

Jokalariekin hitz egin behar dugu. Ez dut aldatuko aldatzeagatik; beraiek aldaketa horretan sinestea nahi dut. Bestela, alferrik da aldaketak egitea. Erakutsi egingo dizkiegu egindako okerrak, eta ea denon artean asmatzen dugun konpontzen.

Beste kezkarik ez daukazu?

Azkeneko hiru partidetan, hegaletatik egindako erdiraketetan ere gol asko sartu dizkigute. Bestela, ez gaude gaizki. Erasoan ondo gaude, lau gol sartu baititugu azkeneko hiru partidetan.

Jokalariak sinetsi egin behar du gauza berrietan. Non dago muga jokalariaren nahiaren eta entrenatzailearen nahiaren artean?

Ni naiz taldeko entrenatzailea, eta nire ideiak dauzkat. Ideia horietan sinetsi egin behar dute jokalariek, eta hori nire lana da. Hogeitik gorako jokalari multzoan, beraiek ere ez dira ados jartzen. Gainera, jokalariak eroso bizi nahi izaten du, eta hori ere ez da egokia.

Jokalariari eskua emanez gero, besoa osorik hartzen du?

Batzuetan bai, baina ez beti. Gustatzen zait jokalariekin asko hitz egitea. Ez naiz berea inposatzen duen entrenatzaile bat, baina batzuetan beste aukerarik ez dut izaten, horrela behar duelako, eta jokalariak ez direlako ados jartzen beren artean.

Beti izan zara jokalariekin asko hitz egin zalea?

Baietz uste dut. Denboraren joanean, ikasi egiten da jokalariei entzuten edo norbere ideiak malgutzen. Begira sasoi honetakoa: niri 4-2-3-1 sistema erabiltzea gustatu izan zait beti, baina Eibarren oso gutxitan atera dugu; 4-3-3 erabiltzen hasi ginen, eta 4-4-2 sistemari ere askotan heldu diogu. Ez nuen uste hala izango zenik, baina horrek esan nahi du aukera guztietara irekiak gaudela. Hasi ginen aurrean hiru jokalari geneuzkala, eta gero Adrian lesionatu egin zen; orduan igaro behar izan genuen bi aurrelarirekin jokatzera, eta begira nolako emaitzak eman dizkigun. Talde honen onena da hiru sistemak erabiliz gai dela ondo jokatzeko.

Sistemak ala kontzeptuak dira garrantzitsuago?

Kontzeptuak [oso azkar eman du erantzuna]. Oso garbi eduki behar dira kontzeptuak, eta, nire ustez, kontzeptuak edozein sistemarekin erabil daitezke. Oinarrizkoak dira kontzeptuak.

Futbolean jokatzen jakitea dela funtsezkoa, hori esan nahi duzu?

Jakina! Zein da azkarragoa? Ehun metroko distantzia baloirik gabe azkarren egiten duena, ala espazio librea azkarren ikusten duena? Bigarrena, dudarik gabe.

Kontzeptu asko dituzu?

Gutxi. Baina oso garbiak. Defentsan, aurreratuta eta lerroak elkarren ondoan egotea gustatzen zait, baita presioa egitea ere; baloia lapurtu eta azkar jokatzea ere atsegin dut, hegalak bilatuz erdiraketak ateratzeko; errematera heltzea ere gustatzen zait, eta, aldaratzerik bada, horien jabe egitea, erasoan jarraitu ahal izateko.

Entrenatzaile hasi zinenetik ari zara erabiltzen kontzeptu horiek, ala bilakaera bat dago?

Beti erabili izan ditut kontzeptu horiek. Buelta batzuk eman dizkiet, baina aldatu ez.

Eibarrek fitxatu eta gutxira, esan zenuen jokalariek moldatu egin beharko zutela zure jokatzeko eredura edo, bestela, aldatu egin beharko zenuela eredua. Nabarmena da Eibar hau zure eredukoa dela.

Oso erraza izan da jokalariek eredua barneratzea. Denboraldi-aurrean, ez zuen ematen erraza izango zenik, baina azkar moldatu ziren. Lehen taldeko bederatzi jokalari bakarrik zeuden, eta Jon Errasti eta Dani Nieto joan egin ziren. Pixkanaka hasi ziren etortzen jokalari berriak, eta ezin izan genuen lana ondo egin. Valladoliden aurka jokatu genuen denboraldi-aurreko azkeneko partida, eta han ikusi nuen talde honekin gauza onak egin zitezkeela. Ligako lehen jardunaldian, Granadan, zalantzak nituen, baina beti izaten dira hasiera izanik. Hala ere, gauza onak egin zituen taldeak partida hartan, eta nire kontzeptuak segituan barneratu zituztela ikusi nuen. Nire ideietan ondo murgildu ziren.

Jokalari berriak ekartzerakoan, klubak kontuan izan al zuen zure jokatzeko eredura moldagarriak izatea?

Zerrenda bat eman nion klubari, eta klubak beste bat ere eman zidan niri. Jokalari batzuk ondo moldatuko zirela banekien, baina beste batzuena ezustea izan da. Taldearen gehiengoak entrenatzailearen ideiak barneratuak baditu, berrientzat errazagoa da moldatzea; bestela, oso-oso zaila.

Jakin al daiteke zein diren zuk propio eskatutako jokalariak?

Begira, Dani Garciaren kasua kontatuko dizut. Ni etorri arte, erdiko atzelarien artean jokatzen zuen, pixka bat aurretik. Esan nion ez nuela hori nahi. Euskarrietako batek aurrerago jokatu behar zuela, eta txandaka ibili bestearekin, baloiaren kokapenaren arabera: bat gora, bestea behera. Kosta egin zitzaion aldatzea, eta badakit ibili zela hortik hau esaten: «Entrenatzaileak ez al nau ezagutzen, edo?». Oso lan ona ari da egiten aldaketarekin.

Jokalaria konbentzitzeko, zelaiko lana nahikoa da, ala hitz egin ere egin behar da harekin bakarka?

Nik, zelaiko lana. Laguntzaileek beste lan bat egiten dute. Haiekin hartu-eman normalagoa dute jokalariek, baina nirekin ere ona dute. Laguntzaileak, ordea, beste era batera hartzen ditu jokalariak. Daniren [Dani Garcia] kasuan, Andonik [Andoni Azkargorta, hirugarren entrenatzailea] lan ona egin zuen harekin, elkarrekin autoan entrenatzera etortzen zirenean. Hitzez konbentzitu zuen hobea zela berarentzat nik esaten nion bezala jokatzea, eta begira nolako maila ari den ematen orain ere; pozik dago.

Errazagoa da Eibarren jokalariak konbentzitzea?

Agian bai. Levanten, aurreko sasoian, hamalau bat herrialdetako jokalariak izan nituen. Denek berdin pentsatzea zaila da. Gainera, etxekoak izan ziren txarrenak. Denboraldi mordo bat zeraman taldeak defentsako lanean oinarrituz, eta niri beste jokatzeko era bat gustatzen zait. Klubak sartu zuen hanka ni fitxatzen.

Eibarren bezain eroso moldatu zinen Valladoliden eta Osasunan?

Oso denboraldi onak egin genituen, baina, azkenean, joaten ez bazara, bota egiten zaituzte.

Eibarretik zu joango zara, ala bota egingo zaituzte?

Ea ikasi dudan, eta ni neu naizen joateko gai. Valladoliden eta Iruñean, hirugarren denboraldia bete eta gero, joateko esaten zidaten familiakoek, lagunek eta ordezkariak, garaia zela alde egiteko. Nola joango nintzen, bada! Oso gustura nengoen bi leku horietan. Ez dakizu beste toki batzuetan nola egongo zaren. Espero dut Eibarretik joaten banaiz nik erabaki dudalako joango naizela.

Kosta behar zaizu erabaki hori hartzea...

Seguru! Oso pozik nago, etxean ari naiz lanean. Kluba gorantz doa. Nork esan behar zuen Eibarrek bi zelai edukiko zituela Arrasaten entrenatzeko... Oso mugimendu onak egiten dabil kluba, Lehen Mailan urte askoan irauteko.

Klubak nahi du zuk hemen segitzea. Esan dizute zerbait?

Zerbait bai. Neguko fitxaketen epea ixteko zain egon gara gure artekoa negoziatzen hasteko.

Berrituko duzu beste denboraldi baterako gutxienez. Edo ez?

Nik bi denboraldiko kontratua egiteko eskatu nion klubari aurreko udan, eta klubak nahiago izan zuen denboraldi bat gehi bat delakoa eskaini. Erantzun nien ezetz: bi edo bat, baina bat gehi bat hori ez.

Orain ere antzera izango da?

Garbi daukat ez dudala bat gehi bat hori onartuko, eskaintzen badidate. Edo bi denboraldirako luzatu, edo baterako.

Beste talderen batek eskaintza egiten badizu, zer?

Oso pozik nago hemen. Ez naiz mugitzen diruagatik. Eibarri baiezkoa eman nion jakin gabe Lehen Mailan edo Bigarren Mailan ariko ginen, eta, Bigarrenean ari izan bagina, diru gutxiago kobratuko nuen. Deitzen badidate klub interesgarri bategatik, ikusi egin beharko da, baina, normalean, hemen segituko dut.

Txinako futbola indarrean azaldu berri da. Joango zinateke?

Ez. Kanpora joatekotan, Ingalaterrako Lehen edo Bigarren Mailara edo Frantziara joango nintzateke.

Ez zara zain egongo beste eskaintzaren bat jasotzeko, orduan. Eibarrekin laster itxi behar baduzu tratua, itxi egingo duzu.

Bai, dudarik gabe. Sinatu eta kito!

Eibar kontratuak berritzen ari da jokalariei, luzera begira. Zu ere lotu nahi zaitu. Zuk esana da jokalariak aldatu egin behar direla entrenatzaile batek talde batean hiru urte baino gehiago jarraitzeko. Klubaren nahia eta zurea uztar daitezke?

Geratzen banaiz, bigarren denboraldia izango da, eta mugimenduak, egotekotan, hirugarren denboraldiaren amaieran egon beharko luke. Azkenean, nahi edo ez nahi, jokalariak mugitu egin dira. Egia da zaila dela hamalau bat jokalari berberekin entrenatzaile batek hiru denboraldi baino gehiago irautea.

Muga zehatza da hiru denboraldiena?

Laugarren sasoia egiteko, jokalariak aldatu egin behar dira. Baina aldatzea arriskua izaten da, klubek ez dakitelako ondo aterako zaien edo ez.

Noiz arte jarraitu behar duzu entrenatzaile?

Esan nuen segituan hartuko nuela erretreta, baina hemen nabil oraindik. Lanik gabe egon izan naizenean, eguneroko lanaren falta sumatu izan dut , zelaian aritzea, entrenamenduak prestatzea... Partidak-eta ikus ditzakezu lanik gabe zaudenean ere, baina asteko lana falta zaizu.

Horretan gozatzen duzu?

Bai, asteko lanean.

Eta partidetan ez?

Sufritu egiten dut.

Kanpotik, ordea, lasaiago dirudizu.

Hauxe ari da izaten denboraldi lasaiena niretzat partidetan. Aurretik sufritzen dut gehien, egunean bertan. Bazkaltzeko elkartzen gara denok Ipuruan, eta hortik hasten dira sufrimenduak niretzat. Etxean nagoenean, gauza bat edo bestea egiten, lasaiago egoten naiz.

Etziko partidan azkenaldian baino gehixeago sufrituko duzu, taldea bolada txarrean delako?

Pentsamenduak txarrak izaten dira beti, eta, partida heldu aurreko orduetan, txarrena pentsatzen ibili naiz: «Eta laugarrena jarraian galtzen badugu, zer?».

Partidan bertan burura etortzen zaizkizu pentsamendu txar horiek?

Ez. Partida bizitzen egoten naiz.

Ematen du Eibarrek azkar lortuko duela helburu nagusia betetzea.

Hala ematen du. 40 punturekin nahikoa izango dela uste dut. Zazpi falta zaizkigu.

Gero zer?

Lasaitasuna. Ez gara hasiko pentsatzen Europan eta halakoetan. Helburua izango da 43 puntu batzea; gero, beste hiru gehiago; eta horrela, partidaz partida. Gutxi jokatu duten jokalariei aukera emateko ere ona izango da lehenbailehen helburua betetzea.

Taldean jokalari bat baino gehiago dira oso gutxi jokatu dutenak. Entrenatzailearentzat horien egoera eramatea da lanik zailenetakoa?

Bai. Beti esan izan dut egon naizen klubetan ez ekartzeko niri 25 jokalariko talde bat. Halakoetan, astero, zazpi jokalari utzi beharko lirateke deialditik kanpo. Nahikoa da 21-22 jokalariko taldea. Bigarren taldea ere hor daukagu, laguntzeko. Beti egoten dira gutxi jokatzen duten jokalariak. Jokalariari entrenatzeagatik ordaintzen zaio; entrenatzaileak erabaki behar du gero jokatzen duen edo ez.

Fitxaketa berriekin taldeak gosea ez duela galdu esan du Fran Garagarza taldeko kirol zuzendariak aurreko astean. Ados zaude harekin?

Simone Verdik ez zeukan goserik jokatzeko? Jakina bazuela. Baina aldaketak ondo etortzen dira.

Ligaren amaiera luzea egingo al zaio taldeari, pilatutako nekeagatik?

Izan daiteke, baina ari gara lanak banatzen. Gaur [atzo] eta aurreko bi egunetan gogor egin dugu lan, eta bihar [gaur], oso lan arina egingo dugu; batzuek jai izango dute. Gure lana ere bada lanak ondo banatzea, eta atsedenak ematen jakitea.

BERRIAn argitaratua (2016/02/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA