gizartea
JOSEBA ZALAKAIN
«Lan merkatuaren hobekuntza ez da era oso orekatuan banatu»
Arantxa Iraola
Pobrezia larria atzean utzi ezin duten herritar horien inguruan zer pentsatua badago...
Normalena zen pentsatzea egoera ekonomikoa hobetu den neurrian eta lan merkatuaren egoera hobetu den neurrian pertsona gutxiago egongo zirela pobrezian. Baina hori ez da gertatu. Egoera hori gertatu da Gipuzkoan, eta gertatzen da, oro har, [Espainiako] estatuan: ez da handitzen kopuru hori, baina ez da urritzen. Hori gertatu da, hein batean, lan merkatuaren hobekuntza ez delako era oso orekatuan banatu. Populazioak orokorrean hobera egin du, baina okerren daudenek, ez: hain justu, erritmo ezberdintasun bat dago hor.
Politika zehatzak bideratu behar dira pobreziatik irten ezinik dagoen populazio horrek izan ditzakeen beharrei begira?
Hor, batez ere, lan merkatuaren bilakaera dago. Izan ere, bada jendea jarraitutasun oso urriko lanak dituena: kontratu motzak ditu, eta oso noizean behin lan egiten du. Zenbait senditan gertatzen da, gainera, soilik familiako kide batek egiten duela lan. Bilatu beharko litzateke jendeak lan egitea zortzi orduz, eta urte osoan. Hori, ordea, gero eta zailagoa da. Soldaten gainean ere egin behar da gogoeta. Eta hirugarren hausnarketa prestazioei buruzkoa da: bai DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta, bai estatuak ematen dituen langabezia prestazioak, baita hainbat pentsio ere. Izan ere, prestazio horiek ez badira hobetzen, ez baditu jende gehiagok jasotzen, eta lan merkatuaren parte txarrenak, prekarioenak, ez badu urte osorako soldatarik bermatzen, bada, egoera horretara bideratu behar dira politikak. Landu beharreko urratsak, beraz, hiru esparru horietan daude: lan merkatuko soldatak, lanaldiak, eta prestazioak aztertu behar dira,.
Lan arlo prekarioaz ari zara. Askotan, lan egin arren, prestazioak jaso behar dituzte hor ari diren langileek, ezta? Oso soldata apalak jasotzen dituzte maiz...
Bai, horretarako aukera ematen du, adibidez, gaur egun, DSBEk. Baina, seguruenera, aukera hori hobetu egin beharko litzateke oraindik ere. Eta indartu. Izan ere, gero eta normalagoa izango da soldata txiki bat edukitzea, edo oso noizean behin jasotzen den soldata bat, eta kasu horiei begira pauso berriak eman beharko dira. Egin dira dagoeneko zenbait urrats eremu horretan, baina prestazio ekonomikoak eta lana uztartzeko bideak egin behar dira.
Nolabait ere, pertsona horiek urte osoan izan ditzaten bermatuta bizitzeko adinako diru iturriak, eta erraz egin ditzaten urratsak horiek lortzeko.
Hori da. Helburua litzateke urte osoan izatea behar bezalako lan bat, edo behar bezalako prestazio bat. Askotan ez gara konturatzen, baina jende asko ibiltzen da lan merkatutik sartu-atera etengabean. Zenbat kontratu izan ditzakeen pertsona batek urtebeteren buruan... Ondorioz, hainbat bolada pilatzen dituzte lanean, eta beste hainbat langabezian. Prestazio ekonomikoak egoera horietara bideratu beharko lirateke.
Malgutze aldera, ezta? Lan mundutik prestazioetarako bidea arinagoa izateko...
Bai. Eta lan merkatuak ere egokituta egon behar du: beste lan merkatu bat behar da, beste baldintza batzuk dituena, eta aztertu behar da, baita ere, nolako eredu produktiboa daukagun. Zerbitzu oso txarretan oinarrituta dagoen ekonomia batek ezin ditu soldata oso onak eman. Balio erantsia duen ekonomia baten alde egin behar da. Gainerakoan, oso zaila da soldata onak bermatzea.