gizartea
Beroago, altuago, arriskutsuago
Maite Asensio Lozano
Susmorik ezkorrenak ere berretsi ditu IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak: berotegi efektua eragiten duten gas emisioak planeta berotzen ari dira, eta, atmosferan ez ezik, ozeanoetan eta izoztutako eremuetan ere eragin nabarmena izaten ari da. Funtsean, poloetako, gune hotzetako eta goi mendietako izotza urtzen ari da, eta horren ondorioz itsasoaren maila etengabe igotzen ari da: are, berotzeak egungo joerari eusten badio, 2100. urterako metro bat baino gehiago igo liteke itsas maila, NBEren ikerketa taldearen arabera. Eta ohartarazi du horrek ekar lezakeela milioika pertsonak lekualdatu behar izatea. Bideoa: itsasoaren mailaren igoera (Europako Agentzia Espaziala).
Klima larrialdiak ozeanoetan eta kriosferan -izoztutako eremuan- duen inpaktuari buruz inoiz egindako txostenik mardulena aurkeztu zuen atzo IPCCk Monakon. Ia 7.000 argitalpen aztertu dituzte 36 herrialdetako 104 ikerlarik. Ondorioztatu dute gas emisioak «premiaz» murrizteak mugatu egingo lukeela «ozeanoetako eta kriosferako aldaketen tamaina», eta nabarmendu du ur eremu horiek «aukera iturri» izan daitezkeela «etorkizuneko aldaketetara egokitzeko».
Hartara, txosten egileek bat egin dute Parisko akordioen xedearekin, eta eskatu dute «berotzea ahalik eta mailarik baxuenean mantentzeko». Gogora ekartzekoa da 2015ean Parisen bi gradutan jarri zutela tenperatura igoeraren muga 2100erako, eta iazko urrian IPCCk argitaratutako beste txosten batek hobetsi zuela igoera hori 1,5 gradutara mugatzea, klima aldaketaren ondorioak «arindu» ahal izateko. Baina kontrako bidean doa gizakion jarduna: industrializazio aurreko garaiarekin alderatuta, honezkero gradu bat igo da planetaren tenperatura, eta gas emisioak areagotu egin dira azken urteotan.
Hain justu, isuriek eragindako bero hori «xurgatu» egiten dute ozeanoek eta izoztutako eremuek. Horren inpaktuak aztertu ditu IPCCren txostenak. Hona hemen aurreikuspen nagusiak:
IZOZTUTAKO EREMUAK
«Glaziarrak eta poloetako zein mendietako izotz geruzak masa galtzen ari dira, eta, horren ondorioz, itsasoaren mailaren igoera azkartzeaz gain, ozeanoetako ur epelak zabaltzen ari dira», laburtu du txostenak. Azken urteetan, Artikoa izan da adituen arretaguneetako bat: izotz geruza gero eta finagoa du. Halako azterlanetan ohikoa den bezala, agertoki bat baino gehiago marraztu dute ikerlariek datozen hamarkadetarako iragarpenak egiteko. Bada, txostenak agerian utzi du zein esanguratsua den gradu erdiko aldea Artikoan: «Berotze globala 1,5 gradura mugatuko balitz, Artikoko izotza irailean desagertuko litzateke soilik 100 urtean behin; bi graduko berotzearekin, hiru urtean behin gerta daiteke hori».
Urtzeak, beraz, ez du atzera bueltarik. Permafrost edo lurzoru izoztuari ere erreparatu dio txostenak: tenperatura bi gradu baino gutxiago igota ere, 3-4 metroko sakoneran dagoen lur izoztuaren laurdena urtu liteke 2100erako; agertoki ezkorragoetan %70era helduko litzateke izotz galera. IPCCko ikerlariek ohartarazi dute, gainera, eremu batzuetako permafrost-ak karbono asko gordetzen duela, eta urtuz gero atmosferara igorriko litzatekeela.
ITSASOAREN MAILA
XX. mendean itsasoaren maila hamabost zentimetro inguru igo zen; IPCCk azaldu du erritmoa «bikoiztu» egin dela, glaziarrak eta izotz eremu handiak urtzearen ondorioz, eta orain 3,6 milimetro igotzen dela urtean batez beste. Eta hala jarraituko du, txostenak dioenez. Tenperatura bi gradu baino gehiago igoko balitz, itsasoaren maila metro bat igotzera iritsi daiteke: 60 eta 110 zentimetro artean. Tenperatura igoera bi graduen «oso azpitik» mantenduta ere, 30 eta 60 zentimetro artean igoko litzateke uraren maila.
Itsasoaren eremua zabaltzeak kostaldeetako muturreko fenomenoei ere eragingo lieke. IPCCk berretsi du maizago gertatuko direla marea altuei edo ekaitzei lotuta: «Garai batean 100 urtean behin izaten ziren fenomeno bortitzak leku batzuetan urtero gertatuko dira mende erdialdera». Uholde arriskuez ere ohartarazi du, «egokitzeko inbertsio handiak egin ezean».
OZEANOEN EKOSISTEMA
Txostenak azaldu du planeta berotzeak ozeanoetako tenperaturan ere eragin duela: urak epelagoak dira egun. «Ozeanoetako kimikan aldaketak izaten ari dira, eta horrek jada alterazioak ekarri ditu ozeanoetako elikadura kateko maila guztietako espezieetan». Gizakien jardunak 1980ko hamarkadatik isuritako karbono dioxidoaren %20 eta %30 artean xurgatu dute ozeanoek; ondorioz, urak «azidotu» egin dira, eta haien «produktibitatea murriztu» da. Horrek eragina du itsasoetako biziaren «aniztasunean, oparotasunean eta banaketan», eta kalteak eragin ditzake hainbat jardun ekonomikotan: arrantza, nekazaritza, energia, turismoa...
GOI MENDIAK
Kostaldeetan eta ozeanoetako glaziarretan ez ezik, goi mendietan ere jarri du arreta IPCCk, bertako izotza ere azkar urtzen ari baita. Europan, Afrika ekialdean, Andeetan edota Indonesian dauden glaziar txikiak arriskuan daude: 2100erako masaren %80 gal dezaketela uste du IPCCk.
Halaber, mendi inguruetako biztanleek gero eta arrisku gehiagori egin beharko diete aurre, batez ere ur eta elur jauziekin eta uholdeekin lotuta. Txostenak ohartarazi du, gainera, ura ez dela hain eskuragarri egongo, «eremu altuetan ez ezik, beherago kilometro askotara dauden komunitateetan ere».
LEKUALDATZEAK
Adituak aspalditik mintzo dira klima aldaketak eragingo dituen migrazioez, eta IPCCk berretsi du soilik ozeanoetako gorabeherek milioika pertsonak lekualdatu behar izatea ekar lezaketela. Datu lazgarriak eman ditu txostenak: munduan 680 milioi pertsona bizi dira kostaldean garaiera baxuko eremuetan; 670 milioi goi mendietako guneetan; 65 milioi, irla txikietan; eta lau milioi Artikoan. Azken gune horretan, adibidez, hasiak dira egokitzen: ehiza eta lekualdatze ohiturak aldatzen ari dira indigenak, eta kostako komunitate batzuk ere joateko prestatzen ari dira.
NEURRIAK
Txostenaren egileek nabarmendu dute ozeanoetan eta kriosferan antzeman dituzten aldaketak «inoiz ez bezalakoak» direla, eta «premiaz jarduteko» eskatu dute: «Aldaketei aurre egiteko neurri egokiak, handinahiak eta koordinatuak lehenetsi behar dira». Gas emisioak «drastikoki» gutxitu beharra azpimarratu dute, baina ez aldaketa geldiarazteko, baizik eta inpaktuak arintzeko eta ondorioetara egokitu ahal izateko: «Erronka handia da, baina agian errazagoa izango da pertsona zaurgarrienentzat».
«Zaurgarria da Bizkaiko Golkoa: udako ur beroenak bertan izaten dira»