astekaria 2019/09/27
arrowItzuli

bizigiro

Magia, errealitatea iraultzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Magia, errealitatea iraultzeko

Artxila mortxila izan daitezke Euskal Herriko hitz magiko ezagunenetako batzuk. Bai, behintzat, belaunaldi jakin batentzat. Abrakadabra, berriz, munduko herri gehiagotan da ezagunagoa. Hitz horietatik harago ulertu behar da, ordea, magia. Magialdia festibala egin berri dute Gasteizen, eta Euskal Herriko eta nazioarteko mago ugarik parte hartu dute.

Jaialdian parte hartu dute Gisell Estrada, Maddalena Ricciardi, Mad Martin eta Santi Antero magoek, eta azaldu dute magia sentsazioekin, emozioekin lotu beharra dagoela, eta, batik bat, ikusleen emozioekin. Hala eta guztiz ere, uste dute magia ulertzeko era norbanako bakoitzaren arabera alda daitekeela, jatorriko herrialdea eta bizi ohiturak direla medio. Areago, adierazi dute gizartearen «etengabeko» eraldaketak eta teknologia berriek ere aldaketak ekarri dituztela azken urteetan. Dena dela, aldarrikatu dute magia oraindik errealitatetik deskonektatzeko erremintetako bat dela gaur egun ere.

Gisell Estrada perutarra da magia jaialdian parte hartu duten magoetako bat. Esan du magia ikuslearekin komunikatzeko era bat dela, haiekin konektatzeko modua: «Publikoari lilura sortzen zaion momentua dago, truko batetik harago; magia haien begiradak sortzen du». Maddalena Ricciardi mago italiarrak ere Magialdian parte hartu du; horrek ere komunikazioa izan du gogoan. Adierazi duenez, magiak bidaia bat eskain dezake, ikuslearekin «bat-batean» komunikatu, eta hari esperientzia bat eskaintzeko aukera.

Nazioarteko magoak ez ezik, euskal herritarrak ere izan dira jaialdian. Esate baterako, Santi Antero Txan Magoa bertan egon da ikuskizun bat egiten, eta magoaren jarduna sukaldariarenarekin alderatu du: «Sukaldariak osagaiak darabiltza magia sortzeko; magook ere osagaiekin ateratzen gara oholtzara». Nabarmendu du osagai horiek erabilita egiten dutela magia efektua, eta horrek sortzen duen bospasei segundoko erantzunik eza dela magikoa: «Momentuko sentsazio hori da magia».

Magoek azaldu dute gizarte eraldaketak ere izan lezakeela eragina magia ulertzerako moduan. Esate baterako, Anterok teknologiaren garrantzia azpimarratu du: «Egun, Internet jarri eta truko batzuk ikusteko aukera dago; teknologiak, ordea, ez du amatatu magiaren indarra». Eta gaineratu du ikusleren batek edo bestek esan ohi duela magia trukoa harrapatu duela, baina ikusi ondoren, «harrituta» gelditzen direla. Martinek ere esan du, batzuetan, eta batik bat kaleko ikuskizunetan, espero ez diren egoerak gertatzen direla, ikusle batzuen jarrera dela eta. Hala ere, nabarmendu du antzokietan «txota, zaldia, erregea» legeak agintzen duela; hau da, ia gehienetan magia truko berberak egitea.

Teknologiak ikusleengan eragina izateaz gainera, magoengan ere badu. Anterok azaldu du teknologiaren aurrerapena «positiboa» dela: «Mende batzuk atzera eginez gero, magoak izan ziren sorgailuak erosten lehenak, magia egiteko». Eta gaineratu du horrelako teknologiek harritzen zutela jendea. Gaur egun ere egoera errepikatzen da; teknologia berriek eskainitako baliabideak erabiltzen dituzte zenbaitek.

Mago bakoitzak objektu batzuk erabiltzen ditu magia egiteko. Estradak, esate baterako, txanponak eta kartak erabiltzen ditu «manipulazioaren» magia delakoa egiteko. Ricciardik, berriz, txotxongiloak ditu bidelagun: «Panpina mugitzen hastean, gizakia desagertu egiten da; haren mugimendu guztiak txotxongiloaren gain jartzen dira». Material horiek erabiliz egin ohi dituzte ikuskizunak.

Mad Martin mago argentinarrak, berriz, umorea darabil egiten dituen magia ikuskizunetan. Gainera, nabarmendu du Europako magia festibalik «onenetarikoa» dela Gasteizkoa, eta publikoak egindako harrera ere «sekulakoa» dela. Izan ere, gaineratu du herrialde batetik bestera aldatu egiten direla ikusleak.

Eguneroko ogia

«Magiari esker herrialde asko ezagutzeko aukera izan dut, jatorri anitzeko jendea eduki dut publikoan; oro har erantzuna ona izan arren, herrialde batzuetan hotzagoak dira», esan du Martinek. Anterok ere bat egiten du argentinarrak esandakoarekin. Azaldu duenez, magia efektuak sortzen duen harridura beti egon arren, hura adierazteko erak ezberdinak dira herrialde batean edo bestean. Ricciardik eta Estradak duten ikuspegia, ordea, bestelakoa da. «Magia ulertzeko era ez dago herrialde bati lotuta, baizik eta norbanako bakoitzaren historiari», esan du Ricciardik. Besteak beste, azaldu du kontuan hartu behar direla pertsona bakoitzaren familia, oroitzapenak... edota musikak sor dezakeen sentsazioa. Estradak ere esperientzia propioen garrantzia azpimarratu du.

Badira soilik mago jardunetik bizi diren magoak; eta, badira mago jardunetik ez ezik aparteko lanak ere egitetik bizi direnak. Martin magoa 13 urte zituenetik dabil magia munduan, eta ordutik lortutako diru sarrera guztiak magiari esker izan dira: «Niretzat, magia bizitza da; bertatik lortu dut egunerokoan aurrera egitea, diru iturri bakarra izan da». Egun, 55 urte ditu. Nabarmendu du magia eskolak ere ematen dituela, Ricciardik eta Estradak bezalaxe. Italiarrak azaldu duenez, eskola bat zabaldu zuen duela gutxi, haurrei magia eta antzerki eskolak emateko. «Magia eskolak ere ematen ditut aurrera egiteko, eta horrek aukera ematen dit irakatsi bitartean ikasteko». Estradak ere haurrak ditu ikasle, eta haien emozioei ematen die garrantzia. Anterok, ordea, gaineratu du Euskal Herriko magoen egoera bestelakoa dela. «Hutsuneak» daudela zehaztu du.

Batetik, mago euskaldunak adierazi du egoera nahiko «prekarioa» dela, eta hilabete batetik bestera soldata ere asko alda daitekeela. Bestetik, esan du egoera hori hobetzeko Euskal Herriko elkarte nazional baten hutsunea ere badagoela: «Elkarteak badaude, baina ez dago komunikaziorik haien artean, eta momentuko ekintzetarako antolatu ohi gara; esate baterako, haurrentzako astebeteko eskola bat egiteko». Areago, nabarmendu du magiak «akats» bat ere baduela: zenbait dira magia trukoak ikasi eta kalera irteten direnak, eta, ondorioz, lan gutxiago dago magia munduan.

Hala, Anterok esan du beharrezkoa dela mago batek «antzokiko legeak» ikastea; funtsean, antzezten jakitea eta komunikatzaile ona izatea. Estradak ere bat egiten du hark esandakoarekin. Are, antzezle profesionala ere bada, Ricciardi bezalaxe, eta adierazi du ikuslearekin komunikatzen jakinez gero «arrakasta» ziurtatuta dagoela. Martinek, berriz, pasioaren garrantzia azpimarratu du: «Oholtzara pasiorik gabe igoz gero, hiru egunen bueltan mago izateari utz diezaiokezu».

Magia, deskonektatzeko

Magia zer den azaltzen zaila da. Magoek, ordea, argi dute zertarako balio duen: errealitatetik deskonektatzeko, besteak beste. «Sentibera sentitzen garen garai hauetan, jendeak egunerokotik deskonektatzeko beharra dauka», esan du Estradak. Nabarmendu du magia «eraldatzailea» dela; azken finean, «ikusi, bizi eta sentitu» daitekeena. Ricciardik ere uste du magia egun inoiz baino biziago dagoela, eta haren presentzia behar dela inguruarekin komunikatu ahal izateko. Nabarmendu du oro har edozein arte diziplinak balio duela hitzez adierazi ezin daitekeena azaldu eta transmititzeko.

Anterok, berriz, inoiz ahaztuko ez duen momentu bat aipatu du magiaren indarra zenbaterainokoa den azaltzeko: Saharako basamortuan egon zen behin, eta bertakoen harridura izan du gogoan: «Magia efektu bakoitzeko saltoka eta oihuka egiten zuten alde geunden lekutik; bakarrik gelditzen nintzen, eta denbora bat igaro ostean itzultzen ziren». Besteak beste, hondarra ur bilakatzea lortu zuen bidaia horretan. Martinek ere leku zehatz zenbaitetan magiak izan dezakeen garrantzia aipatu du; esate baterako, ospitale bateko haurren onkologia sailean. «Irribarreak ikusi eta hunkitu egiten gara; konturatzen gara magia ilusioa dela, pertsonak alaitzen dituela», adierazi du argentinarrak. Eta gaineratu du halako momentuetan jasotako eskerrek, mago gisa gogobetetzeaz gain, aurrera egiteko gogoa ematen dutela.

Magoek, beraz, argi dute magiaren indarrak bizirik dirauela. Argi dute ikuslearen harridurak bizirik dirauela. Argi dute eszeptikoenek ere hark sor ditzakeen emozioak dituztela, ikusleetako bakoitzaren sentsazioak ez direla hiltzen. Bospasei segundoko suspenseak bizirik dirauela. Anterok dioen eran, beraz, jarraitu sukaldarien jarduna: «Osagaiak nahastu, ongi egosi, eta jauzi egin oholtzara; ikuslearen emozioak sor dezala magia».

BERRIAn argitaratua (2019/09/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA