kirola
SILVIA TRIGUEROS
«Datorren urtean gauza berriak egin eta ezagutu nahi ditut»
Unai Ugartemendia
Eskuetan bi poltsa dituela azaldu da, Tor des Geantsen parte hartu duen lau ekitaldietako sariekin. Egun gutxi dira etxera itzuli dela, eta aurpegian nabariak ditu nekea eta lo falta. Urtea amaitzerako beste lasterketa batean parte hartuko du oraindik.
Aurten Tor de Geantsera (356 kilometro, +25.000 metro) azken hilabeteetan hiru ultra handi irabazita iritsi zinen: Travesera (Asturias, Espainia, 74 kilometro), PICaPICA (Frantzia, 109 kilometro) eta Ronda del Cims (Andorra, 170 kilometro). Sasoiz puntu-puntuan al zinen irteeran? Ez al zenuen nekatuegi iristeko beldurrik?
Ez; ondo errekuperatzen dudala kontuan hartuta, ez nintzen joan beldur handiarekin. Adibide bat jarriko dizut: urte osoan behin bakarrik joan naiz fisioterapeutarengana. Senarrak bazuen kezka hori, agian sasoiz kanpo iritsiko nintzela. Kezkak uxatzeko, Kepa Larrea nire prestatzaile fisikoarekin hitz egin genuen, eta bolumena pixka bat jaistea erabaki. Irteeran sasoi puntu onean nengoen.
Eta buruz? Ba al zenuen beste kezkarik?
Aurten pixka bat akituta joan naiz. Izugarrizko maila zegoen emakumeen artean, agian gizonezkoetan baino gehiago, eta horrek kezka sortzen zigun. Lehen kilometroetan burua hotz izan behar nuela erabaki genuen, geure erritmoari jarraitu behar geniola, beste inori begiratu gabe. Agian ez nuen erabat bete prestatuta genuena, lehen anoa guneetara pentsatu baino lehenago iritsi bainintzen. Lehen atsedengunera [Valgrisenche, 49. kilometroa] batera iritsi ginen lehen hirurok. Pentsatua nuen baino denbora gutxiago pasatu nuen bertan, eta handik jada lehena atera nintzen. Hara iristerako, gauza itsusiak ikusten hasi nintzen.
Zer, esaterako?
Bigarren amaitu zuen korrikalariak, Jocelyne Paulik, nik egiten nuen gauza bera egin zuen sei kilometrotan: ni oinez banindoan, bera ere oinez hasten zen; ni korrika hasten banintzen, hura ere bai. Haren arnasa nire belarrietan entzuten nuen etengabe. Asko zapuztu ninduen. Eskerrak handik aurrera bakarrik joan nintzen!
Urdailarekin ere zenbait arazo izan omen zenituen.
Bai, eta ez dakit zergatik. Azken bi lasterketetan gauza bera pasatu zait. Ez dakit, baina susmoa daukat agian motxilarengatik dela. Urdailaren parean sokak dauzka, dena lotuago eramateko, eta, konturatzerako, urdaila itxi zitzaidan. Asko kostatzen zitzaidan jatea, baina egoskorra naiz, eta buruari gogor egiten nion. Edatea ere kostatzen hasi zitzaidan, baina gutxinaka bere onera etortzen hasi zen gorputza.
Nola kudeatu zenuen? Zer pentsatzen zenuen?
Gauza okerragoak bazirela pentsatzen hasi nintzen, eta iraun egin behar nuela. Banekien pasatuko zela, baina nik uste baino denbora gehiago iraun zuen. Senarra anoa guneetara iristen zenean, jan egin behar izaten nuen. Hala ere, erritmoari dagokionez, ez nuen ezertan nabaritu.
Zer jan zenuen?
Patata tortilla, arroz-esnea, urdaiazpiko sandwichen bat, menbrillo sandwichak, patata frijituak eta, edateko, baita Radler botila batzuk ere. Fullgas nire babeslearen gel batzuk ere hartu nituen.
Zenbat pisu galdu duzu?
Uste dut kilo bakarra galdu dudala. Etxean nagoenetik, harrapatutako guztiak jan ditut.
Urdailaren arazoez gain, erorketa batzuk ere izan zenituen.
Bai. Agian baldarra naizelako izan daiteke [barreak]. Lau aldiz erori nintzen gutxienez, baina ez ziren larriak izan. Erorketa baten ondorioz izandako zauri bat gaiztotu ere egin zait, baina minik ez nuen izan. Azken jaitsieran makila bat hautsi egin zitzaidan, eta, hura nola konpondu pentsatzen ari nintzela, erori egin nintzen. Orduan bai, orduan min handia sentitu nuen. Ezin nuen korrika egin. Azken kilometroetan, senarra eta lagun bat zain nituen, eta marka ere jokoan nuen. Herrian sartu nintzenean, parke bat igarotzen ari nintzela, azken erorketa bat izan nuen. Odoletan sartu nintzen helmugara.
Marka aipatuta, 85 ordutan eta 23 minutuan utzi duzu. Noiz jabetu zinen lor zenezakeela?
Hasieratik hobetu nituen nire denborak. Aurreikusita genituen denborak marka egitekoak ziren. Egia da bi marka daudela, eta biak hautsi ditut. Nik, egia esan, azken kilometroetara arte ez nekien oraindik markaren azpitik nindoanik. 285. kilometrora arte, bai, baina, azken kilometroetako ezbeharren ondorioz, ez nekien ziur. Azken erorketa eta gero, denbora asko galdu nuela uste nuen, eta azken jaitsiera oso luzea egiten da. Azken kilometroan ziurtatu nuen marka.
Zure senarrak zuk baino itxaropen gehiago zuen marka jartzeko.
Bai, berak bazekien gauza pare bat hobetuta lortzeko gai nintzela. Paregabea da antolatzen eta kontuak ateratzen. Gogoan dut ultratrail batean nire denborak idatzi zituela jokatu aurretik, eta bete-betean asmatu zuela. Orain ere asmatu du. Ondoegi ezagutzen nauen seinale [barreak].
Hainbeste ordu eta gero, uneren batean izan al zenuen ez irabazteko beldurrik?
Nire burua ez kontrolatzeko beldurra nuen. Ibilbidea ondo ezagutzen dut, eta badakit lasterketa bigarren erditik aurrera hasten dela. Lehen zatian azkarregi joanez gero, azkenean ordaindu egiten duzu. Hori zen nire beldurra. Lasterketa honetan ezin zara berotu!
Aurtengo ekitaldiko gauzarik harrigarriena izan da ez duzula lorik egin 85 ordutan.
Ez nuen lortu lo egitea. Etzan nintzen, eta hankak gorantz jarri, eta, begiak ixten nituen arren, ezin nuen lorik egin. Gelditu behar nuen lekuetara iristen ari nintzela, jada konturatzen nintzen ezinezkoa izango nuela lo egitea. Hala ere, atseden hartzeko uneak errespetatu ditugu. Aurreko urteetan lo egin izan dut, baina zailtasunak ditut lo egiteko.
Lasterketako 85 orduetan lo egin gabe egon eta gero, lasterketa amaitzean zenbat ordu lo egin zenituen?
Gauean iritsi nintzen helmugara. Ez didazu sinetsiko, baina, lasterketa amaitu eta dutxatu ondoren, bi ordu besterik ez nuen lo egin. Ezin nuela lo egin ikusita, sakelakoa begiratzen hasi nintzen, eta, pentsatuko duzun bezala, sutan zegoen. Hala ere, hurrengo eguna ondo igaro nuen. Bazkaltzera eta afaltzera joan ginen lagun batzuekin, eta eguna amaitzeko pilula bat hartu nuen lo egiteko. Zazpi ordu lo egitea lortu nuen. Etxean ere pilulak hartzen ari naiz, loa berreskuratzeko.
Horrelako lasterketa luzeetan asko murrizten da gizonen eta emakumeen arteko aldea. Seigarren izan zara sailkapen orokorrean. Inoiz ikusiko al dugu emakumerik Tor des Geants irabazten?
Uf, oso zaila da. Nahiz eta oso lasterketa luzea izan, lasterketa honetako zati askotan korrika asko egin daiteke, eta hor oraindik ere alde handia dago. Ez dakit... denborak esango du.
Lau urte daramatzazu jarraian Tor des Geantsen parte hartzen. Zer du horrela erakartzeko?
Dena dauka. Giroa izugarria da eta, gainera, euskaldunoi izugarrizko begirunea digute. Historia bitxia du Aostako haranak. Frantzia eta Italiaren mugan dauden arren, haiek baldostartzat dute euren burua. Hizkuntza propioa dute, haiek ere zapalduak izan dira, eta, nongoak garen esaten diegunean, begiak irekitzen zaizkie. Badute gure historiaren berri, eta konplizitate puntu bat dugu haiekin.
Marka da gero.
Bitxikeria bat ere izan nuen emakume batekin. Lasterketako eskumuturrekoa galdu nuen anoa postu batean. Han zegoen emakumeak esan zidan benetan gogoko zituela euskaldunak, berak ere RH negatiboa zuela odolean. Horrelako gauzengatik merezi izan du urte hauetan guztietan itzultzea.
Iaz irabazi zenuen. Zergatik itzuli zara berriz aurten?
Hasteko, benetan betetzen nauen lasterketa bat delako; horrez gain, iazko esperientziaren ondoren, bagenekielako hobetzeko tartea genuela. Aurretik ez nuen ezer aipatu, baina marka egiteko asmoa neraman buruan. Ez nion nire buruari presio gehiagorik jarri nahi, baina iazko denbora hobetzea zen helburuetako bat.
Zer behar da Tor de Geants irabazteko?
Lehenik, gogo handia izatea. Nik ilusio handia nuen aurten ere. Senarra ere animatuta ikusten nuen, eta horrek ere ni animatzen ninduen. Gauza onekin eta txarrekin motibatu beharra dago, eta alde horretatik ere oso motibatuta nengoen.
Lehenengo urtean bosgarren izan zinen; gero, bigarren; eta azkeneko bi urteetan, garaile. Jada ez duzu ezer berririk irabazteko.
Iaz ere hori esaten zidaten, behin irabazita jada ez nintzela berriro itzuliko. Lasterketaren batean zazpi aldiz parte hartutakoa naiz; gustatzen zait gustuko lasterketetara itzultzea.
Hala ere, lasterketa honen gauzarik okerrena garaia da. Abuztuan izaten ditugu oporrak, eta ahalegin handia eskatzen du ondo prestatzeak. Ondo egin nahi baduzu, ondo prestatuta joan behar duzu. Niri jada astuna egiten zait. Aurten, Andorran, Ronda del Cims eta gero, buruak zera esaten zidan: «Zergatik ez duzu denboraldia hemen amaitzen?». Baina egia da lasterketa honek asko betetzen nauela, urte guztia honi begira egoten garelako.
Zalantzan jartzen duzu berriro ere itzultzea?
Bada, oraindik ez dakit ziur. Gauza asko begiratu behar ditut, eta nik ere abuztuan oporrak nahi ditut. Familiarekin egon nahi dut, eta ez bihar zer entrenamendu dudan ikusten, askotan bezala. Beste garai batean balitz, ziur joango nintzateke.
Ohituta zaude oso lasterketa luzeetara. Aurten, Tor des Geantsen antolakuntzak Tor des Glaciers lasterketa ere antolatu du (440 kilometro, +32.000 metro). Ez al dizu probatzeko gogorik ematen?
Ez, eta bertan parte hartu duten batzuek kontatu didatena entzunda, are eta gutxiago. Nik zortea dut; izen emateak ordaindu egiten dizkidate. Baina lasterketa honetan izena emateak 1.000 euro balio du. Gainera, hiru atsedengune besterik ez dituzte jartzen, ia dena gainean eraman behar da, ez dago seinalerik, GPS bidez jarraitu behar da norabidea, eta, gainera, aurten, lasterketa amaitzeagatik kotoizko elastiko bat eman dute opari. Dena esan dizut...
Tor de Geants lasterketak hiru garaile euskaldun izan ditu: Iker karrera 2013an, Javi Dominguez 2017an eta zu zeu 2018an eta 2019an. Zer esan nahi du horrek?
Bada, izugarrizko maila dagoela Euskal Herrian, eta ez bakarrik distantzia luzeetan, baita motzagoetan ere. Euskalduna berez oso burugogorra da, eta mendiko lasterketetan hori ezinbestekoa da.
Korrika ibiltzeko motibatuta jarraitzen al duzu?
Datorren urtean gauza berriak egin eta ezagutu nahi ditut. Asko gustatzen zait Frantzian korrika egitea, eta aurrena han hasiko naiz begiratzen. Hala ere, haurren egutegiak ere begiratu behar ditut. Egunen batean Diagonal des Fous egitea ere gustatuko litzaidake, baina...