astekaria 2019/09/27
arrowItzuli

bizigiro

DORITA RUIZ

«Eskolak aldatu behar du, eta ez adimen urritasuna daukan ikasleak»

Zihara Jainaga Larrinaga

«Eskolak aldatu behar du, eta ez adimen urritasuna daukan ikasleak»

«Gizartean zaurgarri eta ahulak diren pertsonei» hezkuntzatik begirune berezia jartzea izan da Dorita Ruiz (Burgos, Espainia, 1944) irakaslearen helburu nagusia. Hezkuntza Berezian espezializatu zen unibertsitatean, eta lan handia egin du adimen urritasuna duten ikasleak eskoletan integratzen. Eskolen arteko koordinazioaz arduratzeaz gain, familien sostengu ere izan da; halaber, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Bereziko Planean eta Gorabide elkartearen sorreran parte hartu zuen. Egindako lan guztia aitortzeko, Durangaldeko Teila saria jaso zuen ekainean, Gerediaga Elkartearen eskutik. Azpimarratu du eskolak oraindik ere lan asko duela egiteko desgaitasunen bat duten ikasleei dagokienez.

Burgostik bota egin zintuzten?

Hala esan dut beti. Burgosen jaio nintzen, baina aita errepublikanoa zen, eta han ez zioten lan egiten uzten. Horregatik, Arabako Gaubea herrira etorri ginen bizitzera, 3 urte nituenean. Aita herriko eskolako irakaslea izan zen. Geroago, Madrilera bidali gintuzten ahizpa guztiok, barnetegi batera, eta han egon nintzen Magisteritzako lehenengo mailara arte. Bilbora etorri ginen orduan. Hasieran oso zaila egin zitzaidan ohitzea. Ez nuen ezer ezagutzen; mapa bat eskuan nuela ibiltzen nintzen kaleetan 15 urterekin. Euskararik ere ez nekien.

Nola ikasi zenuen euskara?

Magisteritza bukatu nuen uda horretan bertan, Deustuko Unibertsitatean eman nuen izena oinarrizko gauzak ikasteko. Gero, Karrantzan eta Portugaleten aritu nintzen maistra lanean. Soriako Berzosa herrira [Espainia] joatea egokitu zitzaidan arte; bi ume soilik nituen herri hartako eskolan. Soriatik etxera bidean, egun batean, autobusean ezagutu nuen gerora nire senarra izango zena. Soldaduska egiten ari zen Sorian. Geroztik, Euban (Bizkaia) bizi naiz. Euskara ulertu eta hitz egiteko gai nintzenean, senarrak dena gazteleraz egiten zidan txantxetan.

Aita irakasle izateak eragina izan zuen lanbidea aukeratzerako garaian?

Aitak esana zigun ez zeukala dirurik beste karrera bat ordaintzeko. Ahizpa denek egin genuen Magisteritza, eta gero bakoitzak bere espezialitatea aukeratu zuen.

Eta zer dela eta Hezkuntza Berezia?

Soriara joan aurretik, Madrilen zegoen ahizpa batek esan zidan kontu berri bat atera zela eta ea zergatik ez nintzen animatzen. Niri beti gustatu izan zaizkit halakoak, eta Madrilera itzultzea erabaki nuen. Urtebete egin nuen han. Pedagogia Terapeutikoko lehenengo promozioa izan ginen Espainiako Estatuan. Adimen urritasuna zuten hainbat haur ezagutu nituen, eta haiek ere gizartean bizi zitezen zerbait egiteko beharrizana piztu zitzaidan. Horrez gain, gogoan dut nire anaia gazteetako bat oso mugitua zela, eta eskolan ez zuela ezer gainditzen. Aitak amari esaten zion ume hura ez zela normala. Amurrioko [Araba] eskola berezi batera eraman zuten, eta han esan zieten gaitasun handiak zituela. Ostean, ingeniaritza ikasketak egin zituen. Nire ibilbidean, askotan pentsatu dut beharrizan bereziak dituzten haurrei eskolak ez diela erantzuten.

Zergatik?

Mota guztietako laguntzak jarri arren, taldetik bereizteko joera nabarmentzen da, eta horrek min handia eman izan dit beti. Denboraldi batez unibertsitatean klaseak ematea suertatu zitzaidan, eta ikasleei azpimarratzen nien kontu handia izateko halako haurrekin, denok ez garela berdinak eta ez dugula berdin funtzionatzen. Beti aritu izan naiz gabezia handiak dituzten ikasleekin, eta gauza bat argi nuen: nire gelan paperak eta arkatzak ez zuten ezertarako balio. Nire helburua zen ikasle horiei 30 urte zituztenean bizitzan ibiltzeko baliabideak ematea: kalean bakarrik ibiltzen laguntzea, komunera joaten erakustea...

Eta, egun, eskolak erantzuten die halako ikasleei?

Ezetz esango nuke. Eskola arazo handiak ematen ari da oraindik ere, eta asko du egiteko. Gutxi aldatu da urte hauetan; gehiago aldatu behar zuen; adibidez, ez dago adimen urritasuna duen ikasle batentzat prestatua. Eskolak aldatu behar du, eta ez adimen urritasuna duen ikasleak.

Espezialista modura, Otxarkoagan hasi zinen. Zer lan zeneukan?

Hezkuntza Berezian lan egin nuen lehen aldia izan zen. Bizkaian Sondikako La Ola zentroa bakarrik zegoen adimen urritasuna zuten ikasleentzat, baina ikasle jakin batzuk soilik hartzen zituzten bertan. Orduan, irakasle batzuk batu, eta Auxilio Social elkarteko falangista bat konbentzitu genuen Bizkaian halako ikasleentzako zentroak sortzeko. Bilboko Otxarkoaga auzoan tokia aurkituz gero utziko zigula esan zigun. Pisu bat aurkitu, eta etxez etxe ibili nintzen auzoan haurren bila. Ezagutzen den Downen sindromea zuen lehen ikasle ijitoa izan nuen bertan.

Otxarkoagatik Durangora joan zinen, General Varela zentrora.

Erregimenaz inguratuta geunden. Zuzendaria falangista zen, eta, nire seme-alabak ikastolara joaten zirela konturatu zenean, astebete eduki ninduen zuzendaritzako atean eserita. Hastapenak itxaropentsuak eta aldi berean lazgarriak izan ziren. Dena zegoen egiteko; guk egin behar genuen, eta baliabiderik ez geneukan. Goizeko bederatzietatik arratsaldeko bostak arte han egoten ginen. Bazkaltzen ematen genien, eta askotan kozinatu ere guk egiten genuen. Taxian etortzen ziren eskualde osoko berrogei ikasle inguru.

Zer ekarri zuen eskola hark eskualdera?

Gauza handia izan zen ikusaraztea adimen urritasuna zuten ikasleak ere eskolara joan ahal zirela, gainontzeko ikasleak bezala. Horretarako eskubidea zutela. Ordura arte etxean egoten ziren, eta familiei hasieran kosta egiten zitzaien haurrengandik banatzea. Beti eskertu izan dut guraso haiek gugan jarri zuten konfiantza; arazo larriak zituzten haurrak ziren, eta ez zen egoera xamurra. Durangon eskola berri bat, Landako eskola, egiteko proiektua martxan jarri zenean, asko inplikatu nintzen. Halaber, asko borrokatu nintzen gu izan gintezen bertan ikasgela izango zuten lehenak. Zuzendari karguan ere egon nintzen lauzpabost urtez Landakon, eta geroago herriko Berritzegunean.

Garai haietan Hezkuntza Bereziak bide paraleloa egiten zuen.

Patioan soilik kointziditzen genuen gainontzeko ikasleekin. Gero, pixkanaka hasi ginen ikasleak denbora batez ikasgeletan sartzen. Printzipioz, garrantzitsuena eskola arrunt baten parte izatea zen, eta hori lorpen handia izan zen. Landakon nengoela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik deitu ninduten. Hezkuntza Bereziko Plana egituratzeko ardura jarri ziguten, hain zuzen. Are gehiago, planaren Bizkaiko delegazioko koordinatzaile izateko aurkeztu nintzen; teoriatik at, gertutik jakin nahi nuen errealitatea zein zen eta haur haiekin zer egin behar zen. Bost urte eman nituen Bilbon, Bizkaian zeuden Hezkuntza Bereziko ikasgelak eta ikasleak koordinatzen. Lurralde osoa zeharkatu nuen, bakoitzak zer baliabide behar zituen kudeatzen eta zuzendaritza zein udaletxeekin negoziatzen. Asko borrokatu behar izan nuen.

Adibidez?

Portugaleten hiru neska gor aurkitu nituen adimen urriko ikasleen gela batean, eta ezin nuen sinetsi inork ordura arte esku hartu ez izana. Espezialista bat aurkitu eta gela arruntera eramatea erabaki nuen, eta kristorena sortu zen. Salaketa bat tarteko. Gurasoek ez baitzuten ulertzen beraien alabak eskola arrunt batean egon zitezkeela. Handik bi urtera, ama etorri zitzaidan eskerrak ematera.

Ohikoa zen adimen urritasuna zuten seme-alabak ezkutatzea?

Garai haietan, bai. Behin, Landako eskolan 9 urteko mutiko bat ezagutu nuen, ordura arte apenas kalea zapaldu gabea. Egun guztian itxian edukitzen zuten, asko jota osasun etxera joaten ziren. Gurasoek urduritasuna eta kezka handia transmititzen zituzten.

1980ko hamarkadan, Gorabide elkartearen sorreran parte hartu zenuen, desgaitasunen bat duten pertsonen alde.

General Varelan egin nuen sasoian harreman handia nuen ikasleen gurasoekin; hortaz, inplikazio handia nuen. Gurasoek sareak egin eta elkartea sortu zuten, beharrizanei irtenbidea emateko. Baina gure laguntza ere eskatzen zuten. Horregatik, Durangaldeko Gorabideko arduradun ibili nintzen denbora batez.

Kontziente zara egindako lanaz?

Bere lana gustura egin duen maistra bat izan naiz. Baina, beste jende asko bezala, ez naiz bakarra. Guztion artean lortu ditugu gauzak. Eta ikasleen erantzuna ikaragarria izan da. Hainbat urte eta gero, gaur egun, ikasleak kalean gurutzatu eta gelditzeak asko emozionatzen nau. Batzuekin harremana mantentzen dut.

Nola aldatu da Hezkuntza Berezia?

Gaur egun aldaketa bat gertatzen ari dela dirudi, baina atzerantz. Ikasgela edo zentro itxiak eskatzeko joera handituz doa gurasoen aldetik, haurrak gehiegi babesteagatik, ziurrenik. Eta integrazioaren aurka joatea, haurrak ezkutatzea, zentzugabekeria galanta iruditzen zait. Gizarteak jakin behar du pertsona horiek ere existitzen direla eta guraso batek halako haur bat izanez gero ez dela mundua erortzen. Beste edozein pertsonak bezala, aukerak dituztela. Haur batek Downen sindromea duen ikaskide bat baldin badu, gero guraso denean halako seme-alabarik egokitzen bazaio, beste modu batean ikusiko du.

BERRIAn argitaratua (2019/09/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA