astekaria 2019/09/27
arrowItzuli

bizigiro

BESAULKIA IRAULI DUEN TELEBISTA

Urtzi Urkizu

BESAULKIA IRAULI DUEN TELEBISTA

Ikus-entzunezkoen merkatua eta kontsumo eredua irauli dituzte streaming bidezko plataforma handiek. Plataforma globalek. Daudenez gain, lehiakide handiak iritsiko dira laster: Applek eta Disneyk azaroan jarriko dituzte martxan ikus-entzunezko plataforma berriak, bereziki Netflixekin eta Amazonekin lehiatzeko. 2020an, gehiago iritsiko dira: WarnerMediaren HBO Max, Quibi —gailu eramangarrien kontsumoa lehenetsiko duena—, NBC Now —Comcast komunikazio taldearena—...

«Plataformen eta edukien burbuila bat dago», baieztatu du Elena Neira Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) komunikazio ikasketetako irakasle eta GAME taldeko ikerlariak. Plataformak egiten ari diren aldaketak sakonean ikertzen dihardu, eta La otra pantalla liburuaren (UOC) egilea da. Netflixen datu batzuk eman ditu, enpresen inbertsioak testuinguruan jartzeko: munduan 151 milioi harpidedun baino gehiago ditu; harpidetza bakoitzeko hiru bezero badaude, ikusleak 453 milioi dira. Eta bakoitzak egunean bi ordu pasatzen baditu edukiak ikusten, egunean 900 milioi orduren ikustaldiak ditu Netflixek.

Euskal Herriko datuak ere esanguratsuak dira: Euskal Hedabideen Behategiaren azken urtekariaren arabera, Hego Euskal Herrian 34 urte baino gutxiago dituzten ikusleen %39rengana iristen da Netflix. Unibertsitateko ikasleen kontsumoa aztertu zuten EHUren eta EITBren arteko Applika ikerketa proiektuko kideek. 18-25 urte arteko ikasleen %47k Netflixen edukiak kontsumitu zituzten iaz. Gehienek fikzioa eta telesailak aipatzen zituzten eduki kutunen artean. Ikerketa hori egin zutenetako bat Rebeka Garai da, EITBko Audientzia Saileko arduraduna, eta, haren ustez, arreta ez da bakarrik kontsumitzaile gazteengan jarri behar. «Beste adinetan ere lupa jarri behar da, kontsumo mugimendua ez baita bakarrik publiko gazteetan gertatzen ari; beste publikoetan ere ari da gertatzen». Ikusle horietako gehienak nahi dutena nahi dutenean ikustera ohitu dira. Kontsumo eredua aldatu egin da, ikuslea ez baitago telebista kateen programatzaileen zain. Ikuslea bere tronuan dago, eskaintza zabal eta oparo batekin.

Netflix da plataformetako liderra munduan: GECA aholkularitza enpresaren datuen arabera, harpidedunen %24 dira bereak. Txinako plataformen gorakadak jaitsi du ehunekoa, baina plataforma horiek Asiako herrialdean baino ez dira ikusten. Eta, kontsumitzaileak kateatzeko, Neirak uste du filmak edo bideo laburrak baino eraginkorragoak direla telesailak: «Telesail bat ikusteak planteatzen duen kontsumo jarraituak eta errepikatuak eraginkortasun handiagoa du. Telesail original esklusiboak estreinatzeak pisua irabazi du; ospe eta prestigio handiko produktuak bihurtu dira». Netflixen kasuan, denboraldi bateko atal guztiak aldi berean estreinatzen ditu atariak, eta horrek badu bere arrazoia: Deloitte enpresaren ikerketa baten arabera,AEBetako hamar harpidedunetik zazpik telesailen maratoiak egiten dituzte.

Beste plataforma eta kate batzuek, aldiz, astean atal bat estreinatzeko ohiturari eusten diote. HBOren Game of Thrones telesaila da eskaintza horren adibide esanguratsuena: maiatzaren 19an eman zuten azkeneko atala. Egun horretan, AEBetan 19 milioi ikus-entzule izan zituen. Internet bidez milioika ikusle gehiago batu ziren gero; zain zeuden denak, estreinaldi horren zain. Antza denez, Apple eta Disney konpainien plataforma berriek ez dituzte atal guztiak batera jarriko; gehienez ere bi edo hiru atal hasteko, eta hurrengoak, astean behin.

Neiraren iritziz, telebista ez da hil. «Baina kontsumo eredu berriak eta gazteengan horrek izan duen arrakastak telebista egokitzera eraman du». Ikerlariak etorkizun iluna iragartzen dio egoera berrira egokitzen ez denari: «'Hemen eta orain' ereduan balio erantsirik eskaini gabe, ezinezkoa izango da gainditzea kontsumitzaileak nahi duena eta nahi duenean ikusteko duen erosotasuna eta erakargarritasuna».

Netflix, Amazon Prime Video, HBO, Disney+ eta Apple TV+. Gutxienez bost erraldoi horiek izango dituzte lehiakide lehendik martxan diren telebista kate jeneralistek, eta ez dute erraza izango. Neiraren arabera, telebista tradizionaleko kateek kontzientzia hartu beharko dute haien bataila beste bat dela: «Hurbiltasuneko edukietan egin beharko dute lan, ikusleekin konektatzeko, eta zukua atera beharko diote luzaroan eusteko bidea eman dienari: milaka pertsonarekin batera esperientzia bat partekatzen ari zaren emozioa, zuzenean».

Mugimenduak Europan

Ameriketako Estatu Batuetakoak dira streaming bidezko plataforma handienak. Europan indarrez sartu dira —kritikak ari dira jasotzen askotan zerga gutxi ordaintzen dituztelako—. Milioika kontsumitzaile bereganatu dituzte, eta horrek merkatuko eragile indartsuenak mugiarazi ditu: Erresuma Batuan, BBC eta ITV batu dira Britbox streaming bidezko zerbitzua sortzeko —udazken honetan jarriko dute martxan—; Frantzian, Salto plataforma jarriko dute martxan neguan France Televisions talde publikoak eta TF1 eta M6 kate pribatuek; Espainian, telebistaren merkatua kontrolatzen duten bi talde handiek (Mediaset eta Atresmedia) ordainpeko zerbitzuak abiarazi dituzte uda honetan —Mediasetek futbola du eduki izar; Atresmediak, bereziki telesailak—. Herrialdeen arteko akordioak ere iristen ari dira; esate baterako, Italiako, Frantziako eta Alemaniako telebista publikoek aliantza bat egin dute, aurrekontu handiko telesailak ekoizteko —aurrenekoa Leonardo da Vinciri buruzkoa izan da—. Eta Eskandinavian, Danimarkako, Norvegiako, Finlandiako eta Islandiako telebista publikoek Nordic 12 plataforma komuna sortu zuten iaz.

Garazi Goia Sky taldeko Negozio Garapeneko zuzendariak ondo baino hobeto ezagutzen du merkatu britainiarra, hamabost urte baitaramatza bertan lanean. Britboxek izango dituen ezaugarriak iragarri ditu: «Bereizgarritasuna eta zerbait desberdina egitea izango da Britboxeko arduradunen helburua. Hainbat edukitarako esklusibotasuna izango dute, britaniar kultura, sormena eta talentua sustatzeko helburuarekin. Beste inork ez du hori egiten hain modu argian eta zuzenduan. Bi telebista publiko handiak atzean izanda, ezin zuen bestela izan». Erresuma Batuko beste streaming zerbitzuak baino merkeagoa izango da BBC eta ITV telebistena. Edonola ere, Goiaren arabera, Erresuma Batuan ohikoa da etxe batean hiru zerbitzu egotea: Sky, Netflix eta Amazon, esaterako.

Espainiako taldeen kasuan, Garaik esan du haien xedea irabaziak lortzea baino ez dela: «Errentagarritasuna eta irabaziak lortzen jarraitu behar dute, eta eskaintzaren eta eskariaren logikari jarraituko diote. Kasu bakoitzean desberdina da nola egingo duten, baina helburu bera dute». Atresmedia irailaren 8an hasi zen bere saio batzuk Atresplayer Premium ordainpeko plataforman jartzen, irekian eman aurretik; lehen edukia telesail bat izan zen, baina entretenimenduzko saio batzuekin ere gauza bera egiten ari da. Komunikazio taldeak, halaber, Atresmedia Studios sortu zuen iaz, eta bertan ordainpeko plataformentzat telesailak ekoitzi eta grabatzeari ekin diote —aurrenekoa Alex Pina nafarrak sortutako El embarcadero izan zen, Movistar+ plataformarentzat—.

Frantziako kasuan, Delphine Ernotte France Televisions taldeko presidenteak —Baionan jaioa da— nabarmendu du hiru talde mediatikok bat egingo dutela nazioarteko eragileei aurre egiteko. Talde bakoitzak bere saio onenak jarriko ditu Salto plataforma berrian, eta horietako batzuk aurretik inon ikusi gabekoak izango dira. Frantziako Lehiakortasunaren Autoritateak abuztuan eman zion baimena plataforma martxan jartzeko eskaerari. «Frantziako ikus-entzunezko sektorean, Salto ataria aurrerapauso handia izango da», nabarmendu zuten hiru talde sustatzaileek. Plataformaren aurrekontua 50 milioi euro ingurukoa izango da aurreneko urtean.

Goiaren arabera, ikus-entzuleentzat aniztasun eta aukera asko dago gaur egun, «eta orokorrean kalitateko eduki gehiago». Denbora galdu beharrik gabe, «gomendio perfektuak» egiten asmatzea jarri du enpresen xede. «Telebista zerbitzuok bezero bakoitza ezagutzen dugula sentiaraztea lortu behar dugu. Edukiak kontsumitzeko esperientzia berri bat». Horretarako, datuak, inteligentzia artifiziala, machine learning (ikasketa automatikoa) eta ikusleen pertsonalizatzea ari dira erabiltzen enpresak.

Neirak iragarri duenez, formatu interaktiboek eta errealitate birtualak sakoneko eraldaketak ekarriko dituzte etorkizunean.

Euskal Herriko egoera

Euskal Herriko gazteek gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez edo beste hizkuntza batzuetan kontsumitzen dituzte egunero ikus-entzunezko edukiak. Baina ez soilik gazteek: Behategiaren datuen arabera, Hego Euskal Herriko herritar guztien %19k ikusten dituzte Netflixen edukiak. Gero eta gehiago dira telebista modu tradizionalean ikusteari uzten diotenak.

Eta euskarazko edukiak salbuespenak dira plataformetan: Netflixek Loreak, Handia eta Errementari filmak jarri ditu bere katalogoan, baina telesailik ez da oraindik estreinatu plataforma handietan. Katalanez, berriz, hiru telesail daude atariaren katalogoan, eta galegoz bada beste bat.

Halaber, katalanezko edukiez —originalak, bikoiztuak ala azpidatziekin— beteta dago Filmin.cat plataforma —filmak gaztelaniaz ikusteko bertsioa ere badago—. Jaume Ripollek 2006. urtean sortu zuen Filmin, eta zinema independentearekin, autore filmekin eta Erresuma Batuko telesailekin zoko bat bilatu nahi du banatzaile erraldoien artean.

Hainbeste eskaintzaren artean, Garaik funtsezkotzat jo du aintzat hartzea produkzio sorkuntza, ikusgaitasuna eta kontsumoaren arteko lotura. «Bektore guztien pisua eta garrantzia kontuan hartzen ez badira, analisia eta diagnostikoa ez dira zuzenak izango. Kontsumoa, publikoa eta errealitatea benetan ezagutu, produkzio sorkuntza sendoa egin eta ikusgaitasuna eduki behar da». Eta euskarak ikusgaitasunean zailtasun objektibo oso sakonak dituela uste du EITBko Audientzia saileko arduradunak.

Goiaren iritziz, ezinezkoa da EITB plataformen ordezkatzailea izatea. «Euskal Herriko audientziek zer nahi duten ulertzea ezinbestekoa da gaur, datorren urtean eta hamar urte barru». Marka edo talde bakoitzak duen helburua eta norabidea argi izan behar dira, Sky taldeko buruaren iritziz. «Nora iritsi nahi dugu bost edo hamar urte barru? Hori jakiten dugunean, orduan hasiko gara ondorioztatzen produktu bakoitza edo zerbitzua nolakoa izango den». Euskal Herriari begira, funtsezko galderak utzi ditu mahai gainean: «Zer estrategia dago bikoizketarako? Zer marka erabiliko dugu? Pertsonalizatzea nola garatuko dugu, zer plataformarekin? Eta noizko egingo dugu lehenengo fasea datuetan oinarrituriko produktu minimo bat edukitzeko?».

Datozen hilabeteetan, EITBk nahieran zerbitzu berria jarriko du martxan. Lehen fasean, ez du kontsumitzaileen erregistro daturik jasoko, eta zerbitzua, orain bezala, ez da euskara hutsean izango. Gaur egungo burbuilaren erdian, ez da nolanahikoa euskarazko eskaintzek toki bat egiteko daukaten erronka.

BERRIAn argitaratua (2019/09/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA