bizigiro
Orbel aroko txokorik maiteenak
Izaro Zinkunegi Barandiaran
«Argazkiak ateratzeko garaia da udazkena»
Zuhaitzak gustatzen zaizkit bereziki. Lehen, ikatza egiteko adarrak mozten zitzaizkien. Horregatik, adarrak alboetara ateratzen zaizkie, eta oso forma bereziak dituzte». Ander Olaizolarentzat (Goizueta, Nafarroa, 1974) toki berezia da Artikutza, haren sorterri eta bizitokiko barrutia. Etxetik hurbil dauka, eta hango zuhaitzen artean galtzea maite du; bakarrik, kamera aldean hartuta.
Udazkena da horretarako garairik ederrena, Olaizolaren arabera: «Argazkiak ateratzeko garaia da udazkena: argia hobea da, koloreak, basoko fruituak... Gehien gustatzen zaidan urtaroa da, akaso». Haren iritziz, sasoi horretako eguraldia ere egokia da: «Niri gehiena behe lainoa eta euria gustatzen zaizkit; jendeak normalean eguraldi txarra deitzen diona, alegia».
«Deskonektatzera joaten naiz: lasai egon, gauzak ikusi, argazkiak atera... Azken urteetan bideoak egiten ere aritzen naiz», adierazi du argazkilariak. Eta horretarako aukera ematen dio Artikutzak. «Oso ondo kontserbatuta dago Artikutza. Donostiako Udalak lan handia egin du basoa lehen zen gisakoa mantentzen», nabarmendu du Olaizolak. Izan ere, Goizuetako lurretan egonagatik, Donostiako Udalarena da Artikutza. Basoa ez eze, zuhaitz arteko animaliak ere maite dituela azaldu du: okil beltza, urubia, arrabioa edo orkatza, kasurako.
Olaizolak umetatik ezagutzen du Artikutza; gogoan ditu aitarekin joaten zen garaiak, ehizara-eta. Egun, aldiz, bakarrik joaten da: «Argazkiak ateratzeko, bakarrik ibili behar da. Bietako bat da: beste norbaitekin joan, edo argazkiak atera; biak batera ezin dira egin». Tokiak berak ere bakarrik ibiltzeko aukera ematen dio: «Leku oso berezia eta polita da, eta oso lasaia. Hain jende gutxi ibiltzen den txokoak ez daude asko».
Itxuraz aldatzen da Artikutza udazkenean: «Ingurua kolorez aldatzen da». Haatik, kolore aldaketa hori lehen baino beranduago gertatzen dela esan du: «Orain, beranduago aldatzen dira koloreak, eguraldia aldatzen ari delako. Lehen, urriaren erditik amaiera aldera hasten ziren aldatzen; orain, azaroaren hasiera-erdian hasten dira aldatzen». Kolore gorri, laranja eta arreen zain dago jadanik Olaizola.
Guenzelai. Oihana Azkorbebeitia
«Gustura sentitzeko toki bat da»
Guenzelai da nire txoko maiteena; Abadiñoko Mendiola auzotik Atxartera joan, eta hango bidezidor batetik igota dagoen lekutxo bat da». Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, Bizkaia, 1981) mendi korrikalaria arineketan igotzen da Guenzelaira. Alabaina, Guenzelai bera «egoteko» txoko bat da harentzat: «Lasaitzeko eta gustura sentitzeko toki bat da, erloju barik».
Mendizalea da Azkorbebetia, eta Guenzelai ere mendi inguruan dago: «Hainbat tontor ikusten dira handik; Alluitzera edo Astxikira igo daiteke bertatik, eta Urkiola aldera ere joan daiteke». Tokia bera soilik ez, hara iristeko bidea ere atsegin du: «Guenzelaira bidean, pagadi oso polit bat dago. Udazkenean, hostoak gorritzen dira, eta oso polita egoten da». Horregatik, tokia bera bezainbeste maite du harako bidea ere.
Azkorbebeitiarentzat, Atxarte inguruko tokia txikitako oroitzapenen kutxa ere bada: «Guenzelaik garai politak ekartzen dizkit gogora: aita Mendiolako baserri batean bizi izan zen; txikitan askotan egoten ginen haren baserrian, lehengusuekin. Sarri joaten ginen Guenzelaira, txakurrak eta makilak hartuta». Gaur egun ere ondoan izaten ditu txakurrak hara joaten denean. Haiek dira mendi lasterkariaren konpainia bakarra, gustuko baitu beste lagunik gabe ibiltzea.
Azkorbebeitiak azaldu duenez, Guenzelai argiune moduko bat da, eta bizpahiru pago daude bertan. Haien azpian egonaldi luzeak egindakoa dela gogoratu du: «Lehen, oinez joaten nintzen; pagope batean jarri eta lasai egoten nintzen, isiltasunean». Orain, ordea, nahi baino beta gutxiago dauka, lana -albaitaria da-, lasterketak eta entrenamenduak tarteko. Halere, astean behin behintzat joaten saiatzen dela azaldu du.
«Haize freskoa hartu eta lasai egon nahi duen edonori aholkatuko nioke Guenzelaira joateko», adierazi du Azkorbebeitiak. Autoz ia bertaraino joan daiteke Atxartetik; aitzitik, etxetik lasterka joaten da Azkorbebeitia, «basorik baso, Abadiñoko auzo bi pasatuz». Goiza da horretarako garairik onena, haren arabera: «Lanagatik-eta, goizak libreago ditut. Askoz freskoago nago, eta eguraldia ere hala egoten da. Goiz zalea naiz».
Osinberde. Iker Iriarte
«Nire sekretu asko dakizkien txoko bat da Osinberde»
Oporrak iradokitzen dizkit niri udazkenak; urteko garai gustukoena dut». Iker Iriarte (Alegia, Gipuzkoa, 1984) gida lanetan aritzen da, Europan batez ere. Haren lan denboraldi nagusia apirila eta iraila artekoa izaten da; gero, bestelako bidaietan pentsatzeko tartea hartzen du. «Udazkena guretzat lan bidaiak bukatzeko aroa izaten da, eta gure bidaiak prestatzekoa». Gertuko txokoak bisitatzeko ere aprobetxatzen du, tartean Aralarko Osinberde putzua (Zaldibia, Gipuzkoa).
«Nire sekretu eta kontu asko dakizkien txoko bat da Osinberde», aitortu du Iriartek. Izen hori du putzuak, urak hartzen duen koloreagatik. «Udaberrian, kolore berde-berdea edukitzen du. Orain, udazkenean, eguzki gutxiago sartzen denean, uraren kolorea paisaiarekin mimetizatu egiten da. Kolore ilunagoa eta lasaiagoa hartzen du».
Iriartek azaldu duenez, Osinberdeko ura Aralarren bihotzean sortzen da, Ondarreko Zuloan. «Osinberde baino goraxeago, Osinbeltzen lurrazaleratzen da; handik iristen da Osinberdera». Ur jauzi batean behera iristen da ura. Haren indarra aldakorra da, sasoiaren araberakoa: «Euri asko egiten badu, sekulako ur jauzia sortzen da. Orain, udazkenean, euriak hasten direnean, uraren emaria handia izaten da». Gidak adierazi du bainatzeko toki ederra dela, inguru ospela izanagatik.
Iriartek duela lauzpabost urte ezagutu zuen Osinberde. Sarri joaten da ordutik: «Normalean, bidaiatzera atera aurretik joaten naizen azken tokia izaten da; bezperan-edo joaten naiz». Gauza bera egiten du etxera itzulitakoan ere: «Hurrengo egunean ez bada, handik bi egunera-edo joaten naiz». Besteak beste, bidaiako kontuez hausnartzen duela azaldu du.
Zaldibiako herrigunetik sei-zazpi kilometrora dago putzua. Iriarte korrika joaten da hara: «Ez naiz oso lasai joaten, neure buruaren aurka baizik. Kirola egiteaz gain, nire gauzak ordenan jartzeko ere balio dit; horregatik gustatzen zait bakarrik joatea, musikarik eta irratirik gabe». Jende oso gutxi ibiltzen den tokia dela esan du, eta hori ere maite duela: «Jendeak Aralar Txindokirekin, Igaratzarekin edo Done Mikelekin lotzen du. Bide horietatik ateraz gero, sekulako altxorrak daude Aralarren».
Bidasoa. Aurelia Arkotxa
«Bereziki ederrak dira uraren dirdirak»
Udazkenak esan nahi du giro lasaiago bat heldu zaigula Hendaiara. Aurten nabarmenagoa izan da, G7koen goi bilera dela eta», dio Aurelia Arkotxa idazleak (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1953). Koloreek pizten diote interesa udazkenean, eta horiez gozatzeko tokia da Bidasoko ibaiertza: «Ibai bazterreko zuhaitzak hostoz husten hasiak dira, haize zirimolekin. [Faisaien] Irlako paisaia ere aldatzen hasia da». Ura ere aldatuko da: «Ohiko koloreak berdeak dira, baina, euria iristean, Baztan aldetik heldutako lurrek koloreztatuko dute».
Egunero ibiltzen da Arkotxa ibaiaren ertzean, goizean goiz, txakurrarekin. «Ur bazterrek badute euren nortasuna: uraren dirdirak bereziki ederrak dira. Itsasoa hurbil dago, eta hango mugimendu guztiak nabaritzen dira». Adierazi du meditatzeko momentua dela paseoa.
«Bidasoa ibaia frontera bat da. Nik frontera eta muga bereizten ditut; muga limitea da. Frontera politiko guztiak dira mugak, baina muga guztiak ez dira fronterak», argitu du Arkotxak. Gertakari historiko baten lekuko da Faisaien Uhartea: «XVII. mendean, Pirinioetako Bakea irla horretan sinatu zuten». Ondorioz, uhartea Hendaiak (Lapurdi) zaintzen du aldi batez, eta Irunek (Gipuzkoa) beste batez. «Baina niri interesatzen zaidana da jendea gauza horiek kontuan hartu gabe dabilela. Frontera gurutzatzen du jendeak; heldu da Hendaiatik, Pausutik, Behobiatik... Ibiltariak nahasten dira», esan du. Oinezkoak nola, hizkuntzak ere hala nahasten dira, «euskara, frantsesa eta gaztelera».
Arkotxak txikitatik ezagutzen du ingurua. Lehen «naturalagoa» zela oroitu du: «Anitz aldatzen ikusi dut haur denboratik gaur arte. Leku aintziratsu ugari ziren, eta horiek tapatu zituzten arrokekin. Ibaiaren ibilbide naturala aldatu zuten, eta auzo bat eraiki». Azken urteetan pasealeku bat egin dute ibaiaren bi aldeetan.
Udazkenean, handik gozatzen du Arkotxak txorien migrazioaz: «Agorrilaren hondarretik ikus ditzakegu txori klase anitz hegoalderantz badoazela». Gauak ere argi erakusten du udazkena hemen dela: «Konstelazioak aldatzen ari dira. Gure etxea ipar ekialdera begira dago, eta ondo ikusten da gure etxe gainera hartz handia iritsi dela».