ekonomia
ROSA LAVIN
«Langileen parte hartze osoa bermatzen duen eredu bakarra gurea da»
Xabier Martin
Zergatik daukazue kooperatibistek horrenbesteko beharra Kooperatiben Lege berria onartzeko?
Orain dagoen legea hainbat idatziren batuketa da, eta atal ugari ez daude batere argi. Gure jarduerari lotutako atal guztiak argi izan behar ditugu, arauak interpretatzeko zorroztasunarekin; segurtasun juridikoa behar dugu, alegia. Horregatik nahi dugu lehenbailehen onartzea legea. Azken 25 urteotan asko aldatu baita gure errealitatea, eta egondako aldaketa guztiak kontuan hartu beharko ditu idatzi berriak.
Zehaztuko duzu zein diren zorroztasun gehiagorekin arautuak nahi dituzuen atalak?
Hasteko, kooperatibisten ardura ekonomikoa, galerak edo zorrak badaude. Zer egotzi ahal zaion bazkideari eta zer ez. Orain, argi geratuko da bazkideen ondasunak ezingo direla ukitu, adibidez.
Fagor Etxetresnen porrota ez dela alferrik izan...
Tira, Fagor Etxetresnena eta beste batzuena. Guztiak dira lezioak guretzat; krisiak aurrean eraman ditu beste enpresa asko ere, baita kooperatibak ez direnak ere. Aldea da Fagor Etxetresnen kasuan lan izugarria egin dela enpleguari begira; 1.800 langile bazkideri era bateko edo besteko soluzioa eman zaie.
Zer onura gehiago ekarriko dizkie kooperatibei lege berriak?
Gobernantza sisteman urrats handia egingo da gardentasuna eta eraginkortasuna lortzeko. Bazkideak ez diren langileak zaintza batzordeetan egon ahal izango dira; enpresaren gobernatza organoetan ere bai, profesional onenei bidea ez ixteko.
Eta kooperatibek bazkide ez diren langileekin bete ahal izango dituzte beren lantaldeen %30.
Orain %25 da muga, eta %30era igotzea proposatu da une zehatzetarako, ekoizpena handitu behar denean, adibidez, edota proiektu berriak badaude. Kontua da arau hori apur bat malgutzea. Nafarroan eta Katalunian, esaterako, onartua dute neurri hori jada, eta Andaluzian %50 artekoa da muga. Ez naiz esaten ari horrelako muga bat nahi dugula, malgutasun pixka bat behar dela baizik.
Baina neurri horrek pixka bat gehiago gerturatzen du kooperatibaren eredua kapital sozietateenera, ezta ?
Badakit kritika pixka bat piztu duela neurri horrek, baina langileen parte hartze osoa enpresan bermatzen duen eredu bakarra geurea da, kooperatibena. Gutxienez, langileen %70ek dute aukera hori, baina hortik gora izango da aurrerantzean ere, seguru. Orain, asko entzuten da langileek gehiago parte hartu behar dutela enpresan, pertsonarengan jarri behar direla indarrak eta horrelako ideiak. Eredu berriak aurkezten dituzte, baina, azkenean, kooperatibak gara bakarrak hori guztia bermatzen dutenak bere osotasunean.
Lanbiden sartu nahi duzuela argi dago, eta Confebaskek ez duela nahi zuek sartzea? Zergatik da hain garrantzitsua zuentzat hor egotea?
Hamar urte joan dira eskatzen hasi ginenetik, Lanbide sortu zenetik, alegia. Gure errealitatea ezagutzen ez duten ordezkariak egon dira gu ordezkatzen orain arte; horregatik nahi ditugu gure ordezkariak erakundean, gure eredua ezagutzen dutenak, gure benetako interesak babestuko dituztenak.
Lan hitzarmenen alorrean ez duzuela zertan egon diote batzuek?
Bai, eta oso modu interesatuan, Lanbiden ez baita soilik alor hori jorratzen; enplegua eta enplegaturik ez daudenak dira zeregin nagusia, eta politika horietan zeresana dugu. Confebaskek dio Lan Harremanen Kontseiluak esan behar duela egon behar dugun ala ez. Nafarroako enplegu zerbitzu publikoan daude kooperatibak 2015. urtetik. Ez dago inolako arazorik legeari begira.
Uste duzu lortuko duzuela Lanbiden sartzea?
Bai, eta baiezko horrek badu oinarria. Jaurlaritzako zerbitzu juridikoak txosten bat egin du gu Lanbiden sartzearen egokitasunaren inguruan, eta hor egotea dagokigula esan du argi eta garbi; areago, LHKren iritzia jasoa dauka txostena egitean.