astekaria 2019/09/27
arrowItzuli

gizartea

ETArekin topa

Jose Mari Pastor

ETArekin topa Jose Mari Pastor

Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko kideek Cartagena de Indias hirian sinatu berria zuten bake itunari buruz galdetu nion Bogotako taxi gidariari. Oso eszeptikoa zen: «Politikariak lapurrak dira. Denak». Hiriburuko metroa eraikitzeko izandako lapurreta eta iruzurren berri eman zidan. «Medellinen metroa dago. Hemen, ez. Paisa horiek finak dira». Azkenean mingaina askatu, eta gaiari heldu zion: «Bogotako jendeari ez dio ardura. Ez du gerra sufritu. Auzo aberatsenetan bonbak jarri balituzte, bai, baina han ezer gutxi gertatu da. Gerra soldadu, gerrillari eta nekazari pobreen arazoa dela uste dute hemen, urruneko kontua». Eszeptikoa zen Irvin. Eszeptikoa eta nihilista samarra. Ustedes no existen esaldia jarria zuen Whatsappeko soslaian.

Bogotako auzo aberatsak, hiriko iparraldean. Luxuzko etxeak, jatetxeak, dendak. Hango bizilagun askok eta askok —baina ez soilik haiek— bake itunaren kontrako botoa eman zuten Santos presidenteak antolatutako erreferendumean. Iragana aitzakia dute ezer ez aldatzeko. Halaxe dabiltza herritar ugari han. Halaxe dabiltza batzuk hemen.

Zubiak dokumentalari buruzko artikulu bat argitaratu du Bizkaian gehien saltzen den egunkariak. Maixabel Lasa eta Ibon Etxezarreta aurrez aurre ageri dira lanean. Juan Mari Jauregiren alarguna da Lasa. Etxezarreta, aldiz, Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa hil zuen etakidea. Artikuluko titulua: Brindis con el etarra que me dejó viuda Topa alargun utzi ninduen etarrarekin-.

Odol txarra behar da gero. Ortega vuelve a la cárcel hari sadikoa izatea iritziko zioten egunkari neguritico-ko lagunek —neguritico-a, bai: bilatu egunkariaren organigraman nork agintzen duen han, hasi apuntatzen zenbat aldiz ageri den Ybarra abizena goreneko karguen artean. Eta Neguriko familien beste deitura batzuk—. Non dago titulu hori txalotu dutenen enpatia, errespetua, gizabidea? Biktima jakin batzuen jarrera itsu-itsuan sustengatu, bultzatu eta xaxatu egiten dute. Etorkizuna gogoan aurrera egin nahi duena, ostera, larrutu. Gupidarik ez.

Gauzek beren horretan segitzea nahi lukete. Kasu handiagoa egiten diote jauzi erakustaldi bati egoera bidegabe eta anakronikoa salatu nahi duen manifestazio bati baino. Larunbatean 50.000 lagun ibili ziren Bilboko kaleetan 11/13 auziko 47 lagunei elkartasuna adierazteko. Handik oso urrun ez, Salbe zubiaren inguruan, beste 50.000 pertsona bildu ziren Orlando Duque kolonbiarraren jauziak txalotzeko. Bi ekinaldietako zeinek bildu zuen gazte gehiago, auzipetuen aldekoak ala salto ikusgarriez gozatzeko antolatutakoak?

Presoen arazoa ez da konpondu, eta denbora kontra dugu. Hori gutxi izan ez, eta titulu iraingarri horiek irakurri behar. 2030eko urtarrilean manifestazioa egingo dugu oraindik? Zenbat gazte joango dira? Gogoz azalduko dira, ala birraitona-amona nekagarriek eramango dituzte, belarrietatik tiraka, taka-takari ezinean heltzen dioten bitartean? Ez da galdera gozoa: herrietan presoen alde egiten diren elkarretaratzeetako parte hartzaileen batez besteko adina ikusi besterik ez dago.

Gaia ez dago politikaren ardatzean. Gure agintari autonomikoak ez dira sobera oldartuko afera behingoz konpontze aldera. «Haiek bazekiten zertan ari ziren, eta galdu egin dute. Ez dute pentsatuko orain agenda politikoa baldintzatzea, ezta?». Galdera inuzentea: estatus berriari buruzko kontsulta inoiz egiten bada, presoak kartzelan egongo dira oraindik? Estatus berri horrek kartzela politika aldatzeko eskuduntza emango digu?

Caqueta departamenduan jaio zen Gloria, Kolonbia hegoaldean. Haren senideek paramilitarren eta gerrillaren mehatxuak jasan zituzten. Hura gazte joan zen herritik, giro itogarritik ihesi. Kazetaritza ikasi zuen, eta Zuzenbidea gero. Hiri garapenean espezializatu zen. Egun, arlo horretan lan egiten du, Bogotan. Ivan Duquek bozak irabazi zituenean, bake prozesua lehertu nahi dutenen kontra mintzatu zitzaidan, amorratuta. «Gerra sufritu ez duenak ez daki zer den».

BERRIAn argitaratua (2019/09/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA