gizartea
PILAR MAYO
«Skolaek, gaur egun ezagutzen dugun eran, ez du aurrera eginen»
Ion Orzaiz
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari berriak asteon kargugabetu zaitu. Nola hartu duzu kanporatzea?
Egia aitortuko dizut: espero nuen. Hala ere, oso mingarria izan da; batez ere, jakinarazi didaten moduagatik: posta arruntez, aurpegira ezer esan gabe...
Inork ez du zurekin hitz egin?
Egotzi nindutela esateko? Ez. Ikasturte hasieran, bilera batera deitu ninduen Berdintasun Zerbitzuko zuzendariak, eta Skolaeri buruz hitz egin genuen. Oso azaleko elkarrizketa izan zen, egia esan. Orokorkeriak. Bukatzean, aitortu zidan gerta zitekeela ni kanpoan gelditzea: «Jakin ezazu arrisku hori dagoela, baina ezin dizut ziurtatu, ez baita nire erabakia». Ordutik, gobernuko beste inor ez da nigana zuzendu, eta ez dut ezer jakin gutuna jaso arte.
Zer gertatuko da zuzendaritzako gainerako kideekin?
Ni izan naiz kargugabetutako bakarra. Aurretik, beste kide batek utzi zuen postua, eta beste bat ere zalantzan dago. Skolaeko koordinazio pedagogikoko talde osoa Hezkuntza Departamentutik kanpo dago jada. Beste gauza bat da tutoreen sarea: profesional bikainak dira, eta alimaleko lana egin dute orain arte, programa abian jartzeko. Uste dut departamentuak ez duela arazorik izanen haiekin lanean segitzeko. Merezi dute.
Skolae diseinatu zuten adituetako batek ere, Marian Morenok, bukatutzat jo du departamentuarekin zeukan harremana, eta babesa adierazi dizu...
Bai, eta ez berak bakarrik: Skolaen aritutako askok adierazi didate sostengua, baina horrek ez du esan nahi orain dimisio kate ikaragarri bat gertatuko denik. Ez nuke halakorik nahi, behintzat. Ez nintzateke hobeki sentituko.
Zer-nolako eragina izan dezake Skolae programan?
Ez dirudi ona izanen denik. Ikasturtea hasi berritan, gisa horretako lema kolpeak ematea, hasi-masietan eta egonkortu gabe dagoen programa batean... Dena den, ez naiz biktimismo faltsuan eroriko: argi dut gobernu berri batek eskubide osoa duela bere konfiantzako jendea hautatzeko eta ardura postuetan jartzeko. Halakoak zilegi dira politikan. Baina aldaketak ezin dira edonola egin: prest nengoke lantalde berriarekin elkartzeko, trantsizioan laguntzeko, informazioa partekatzeko eta ekarpenak egiteko, baina ez didate aukera hori eman.
Gimeno kontseilariak esan du «bestelako profila» bilatzen zuela zure posturako, eta «komunikazio bideak hobetu» nahi izan dituela. Zer deritzozu?
Ez ditut ulertzen adierazpen horiek: orain arte, ez da arazorik egon gure artean. Ez dugu izan aukerarik! Dirudienez, lanean hasi aurretik ere galdua nuen haren konfiantza. Niri, pertsonalki, ez dit inolako azalpenik eman. Agian ez du beharrik ere. Pertsona bakoitzak ardura postuetan darabilen estiloarekin bat dator hori. Ez naiz kontu eske ibiliko. Beste batzuek eskatuko dituzte azalpenak, behar den tokian eta garaian.
Skolae hilda dago?
Nik ezin dut halakorik esan, eta ez dut esanen. Batetik, ez dudalako gobernu berriaren asmoen berri; eta, bestetik, ez zaidalako interesatzen halako ika-mika mediatiko bati heltzea. Gobernuak eskubide osoa du bide propioa egiteko, eta ongi deritzot. Hori esanda, uste dut Skolaek, gaur egun ezagutzen dugun bezala, ez duela aurrera eginen. Ez, behintzat, oraingo ezaugarriekin: seguru asko, lantalde berriak eutsiko dio hezkidetza planari, guk prestatutako materialak erabiliko ditu, eta oinarrizko ideia eta kontzeptu batzuk mantenduko dira aurrerantzean. Alta, zuzendaritza taldea kendu eta lantalde berriak jartzen badituzu, emaitza ezberdina izanen da halabeharrez. Skolaek asko zuen horretatik ere: lan egiteko modu zehatz bat, plana garatzeko estrategia, talde barruko konfiantza, eskarmentua... Hori guztia ez dago paperean idatzia.
Atsekabe handia hartu duzu?
Bai. Proiektu pilotua egina zegoen jada hainbat ikastetxetan, parte hartzea izugarri handia zen, irakasleen balorazioa ezin positiboagoa zen... Horrek adierazten digu norabide onean gindoazela. Konpondu beharreko arazoak zeudela? Bai noski, baina aukera polita genuen horiek fintzeko eta Skolae indartzeko.
Bide hori eten egin da orain...
Bai. Ez dakit zer etorriko den: agian lan bikaina eginen dute! Ez dut uste gurea denik hezkidetza lantzeko modu bakarra. Ez naiz hain harroa. Badakit lantalde berriek, hezitzaileek eta gainerako profesionalek beren onena emanen dutela, baina ezinegona piztu dit Gimeno kontseilariak hedabideetan esandako zerbaitek...
Zerk?
Berak dio Skolae beste edozein programa bezalakoa dela, eta ezarriko dutela, baina kalapita saihestuz. Ez nator bat horrekin. Skolae ez da, esaterako, irakurzaletasuna sustatzeko plan baten gisakoa. Berdintasuna lantzea ikasketa ziklo guztietan, modu progresibo eta integralean, askoz konplexuagoa da, eta erresistentzia ugari eragiten ditu. Iraultza txiki bat da, eta espero izatekoa da gizartearen sektore bat asaldatuko dela. Kontrara, ikasgeletan hezkidetza landu nahi izatea hautsak batere harrotu gabe? Eztabaida politikorik gabe? Zalantza handiak eragiten dizkit horrek. Oso arraroa litzateke.
Zein da Skolaeren ibilbideaz egiten duzun balorazioa?
Ibilbide ahaztezina izan da, eta Unescoren sariak borobildua, gainera. Atzera begira, gauzak aldatzeko aukera emanen balidate, uste dut den-dena berdin eginen nukeela. Lan bikaina izan da, lantaldea ere bikaina izan delako, eta dena eman dutelako Skolaeren alde. Emaitzak, baina, ez dira berehalakoan ikusiko, etorkizunean baizik.