astekaria 2019/09/20
arrowItzuli

iritzia

Matriarkatua

Onintza Enbeita

Matriarkatua Onintza Enbeita

Hemen beti egon da matriarkatua. Ah, bai? Eta non igarri duzu zuk hori? Gure etxean amak agindu du beti, eta ziur zuenean ere baietz. Litekeena da, baina horrek ez du matriarkatua definitzen. Hemen, egitura sozialetan gizonek agindu dute beti. Ez, ez, hori ez da horrela: hemen matriarkatua egon da. Hori euskal oasiaren beste gezur bat baino ez da: erabakigune guztietatik baztertu gaituzte. Baina etxean agindu duzue. Orduan zer, Euskal Herriko baserrietan ez da emakumerik jipoitu? Hori beste gauza bat da. Ez da beste gauza bat; gure arabera eraikitako gizarte batean ez gintuzkete sistemikoki jo eta hilko. Gauzak nahasten dituzue: hemen emakumeak eraman du etxea beti. Eta hain ahaldunduta egon bagara, nola kosta zaigu hainbeste plazara ateratzea? Eta nork esaten dizue, bada, ez ateratzeko? Ez didazu benetan galdetuko, ezta? Nik uste dut beti esaten egon beharrean plazara salto egin behar duzuela. Ez da hain erraza. Zergatik ez? Mundua zuen neurrira eginda dagoelako. Hori esanda ez didazu ezer esaten. Zuk benetan aukera berdintasuna ikusten duzu zu eta nire artean? Jakina! Hala dagoelako. Zuk, ia hirurogei urteko gizon zuri heterosexualak, ez duzu ulertzen zuk baino aukera gutxiago dituen jendea gaudela zure ondoan? Ez. Ez dago galdera gehiagorik.

BERRIAn argitaratua (2019/09/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA