iritzia
Spin doctors
Txema Ramirez De la Piscina
Spin doctors horiek, ordea, ez lirateke hain indartsuak izango kazetariok haien jukutrien aurrean hain erraz amore eman izan ez bagenu. Lanbidea asko protokolizatu da. Prekaritateak min handia egin du, baita espiritu kritikoaren gainbeherak ere. Maizegi spin doctors horien bulegoetatik datozen lerroburu edota ildoak beren horretan azaltzen dira komunikabideetan, alderatu gabe edota haien atzean egon litezkeen asmoak kuestionatu gabe. Izan, badira, noski, beren lana modu duin eta txukunean burutzen duten komunikazio kabineteak, baita beren jardun profesionala modu bikainean osatzen duten kazetari asko eta asko ere.
Gaur egun, komunikazio politika egokia izateak sekulako garrantzia du. 2015ean Greziako finantza ministro izan zen Yanis Varoufakisek, adibidez, honela aitortu du Comportarse como adultos liburuan (2018). Ministro bezala jardun zuen bost hilabeteetan behin eta berriz talka egin zuen troikaren horma zurrunarekin. Varoufakis ez zen politikari profesionala, prestigiozko akademiko eta ekonomialaria baizik. Hark proposamen zehatza egin zuen, Greziak zuen kanpo zorraren arazoa bideratzeko, baita euroguneak bizi zuen krisialdia gainditzeko ere. Proposamen posibilista zen, zenbakietan oinarrituta. Ez zioten kasu zipitzik egin. Ez hori bakarrik. Bere irudia suntsitu zuten, era guztietako gezur eta manipulazioak lau haizetara zabalduz. Halako batean, dimisioa aurkeztu baino aste batzuk lehenago, honela aitortu zion bikotekide Danaeri: «Bakarrik sentitzen naiz, Danae. Ministroaren jarlekuan jesartzen naiz egunero. Teoriaz 14.000 funtzionario publikoren burua naiz, baina funtsean, bakarrik nago, armaz lepo zamatuta datorren armada erraldoi baten kontra. Eta nik ez daukat ezta ezkutu ziztrin bat bera ere. Hau izorramena! Ez izatekotan, ez daukat ezta behar bezalako Prentsa Departamendurik ere, munduari gure proposamenen sendotasuna azalduko dien talde bat; are gutxiago nitaz zabaltzen ari diren gezur eta faltsukerietatik babestuko nauen talde bat».
Euskal inteligentzia
Ahitzear dugun udara honetan, Ajuriaeneko spin doktoreak lan dezente izan du; izan ere, euskal diplomazia bere gorenera eraman du. Horrela saldu eta azaldu digute bederen hainbat komunikabidetan. Iñigo Urkullu lehendakariari Nazio Batuen Erakundeko eta Vatikanoko ateak ireki zaizkio joan den uztailean eta abuztuan, hurrenez hurren. Bitxia da gero ikustea nola Mariano Rajoy eta Josep Maria Borrell katalanen enbaxadak ixten tematzen diren bitartean, beste batzuei, berriz, nazioarteko erakundeetan alfonbra gorria nola luzatzen zaien. Urkullu New Yorken autogobernuak hiritarron arazoak konpontzeko duen gaitasunaz mintzatu zen. Hitz erdirik ere estaturik gabeko nazioek aldarrikatzen duten autodeterminazio eskubideari buruz edota Eskozian, Katalunian eta Euskal Herrian eskatzen ari garen erreferendumei buruz. Hori bai, lorpen ikaragarria ekarri zuen Gasteizera, EAEk parte hartuko baitu erradikalismo erlijiosoa ekiditeko plan pilotu batean. Xalo-xalo galdetu nion neure buruari: hemen noiztik da arazo erradikalismo erlijiosoa?
Handiagoa erdietsi du lehendakariak Vatikanoan joan den abuztuan. Irakurri nuen lehendabiziko lerroburuak zirrara piztu zidan: Share proposamena aurkeztu du Lehendakariak Vatikanoan. Arraioa! pentsatu nuen, presoen aldarrikapena Frantzisko Aita Santuarenganaino eraman du gure lehendakariak! Bai inozoa ni! Oker nengoen, Share proposamena —migratzaileak Europar Batasuneko estatuen artean banatzeko ekimena— ez baita Sare mugimendua.
Lehendakariaren eta Aita Santuaren arteko topaketak oso gutxi iraun zuen, baina agurrak aparteko presentzia izan zuen ikus-entzunezko komunikabideetan. Berez bi agintarien arteko enkontruak istant batzuk baino ez zuen iraun, segundo batzuk baino ez. San Pedro plazan izan zen asteazkenetako ohiko audientziaren ondoren. Eskudelaren alde batean Frantzisko, beste aldean hamarnaka pertsona bostekoa emateko zain; tartean, Iñigo Urkullu. ETBko irudiak ikusita eta albisteari emandako trataera aztertuta, berriz, bazirudien aurrez aurreko audientzia izan zela. Espainiako komunikabideetan ere dezenteko estaldura eman zitzaion gertaerari. Ez dakit zehatz-mehatz zenbat iraun zuen istorioak, hamar, hamabost segundo akaso... baina ez daukat zalantzarik politikoki telebistako hamabost segundorik errentagarrienetakoak izan direla. Espainiako iritzi sortzaile puntakoenak ere euskal inteligentziaz mintzo dira. Modako agintaria da, batik bat Kataluniako basatien aurrean moderazioa eta neurritasuna islatzen dituen politikari fidel eta zentzuz betea delako.
Duela 2.500 urte, Periklesek Atenasen garbi utzi zuen: «munduko ideiarik onena izan dezakezu, baina, adierazten ez badakizu, guztiz alferrikakoa da». Arrazoi zuen. Hala ere, beste batzuek badituzte komunikatzeko gaitasuna eta abilezia, baina sistema informatiboak beren mezua zabaltzeko baliabideak ukatzen dizkie. Ez dakit spin doctors-ak beharrezkoak diren edo ez, baina egunero saltzen diguten errealitate zoragarri horri aurre egingo dioten bestelako komunikazio estrategiak guztiz beharrezkoak direla uste dut.