bizigiro
JOSU OZAITA
«Tradizio bizia eta aldakorra da Gau Beltza ospakizuna»
Nagore Arin
Iraganetik datorren ohitura bat da, baina AEBetako ikur bilakatu da. Zein ibilbide izan du urriaren 31k?
Lehen, hildakoen eguna bezala ospatzen zen; zeltek ospatzen zuten. Udan, ardiekin ibiltzen ziren, eta, itzultzean, beste aldi baten hasiera balitz bezala bizi zuten. Hiru egunetan zenbait erritual egiten zituzten: uste zuten hildakoak bizidunengana etortzen zirela. VIII. mendean, Aita Santuak Santu Guztien Eguna izendatu zuen azaroaren 1a. Gerora, XVIII. mendean, ingelesak eta irlandarrak AEBetara joan ziren, eta zelten ohitura hori eraman zuten.
Berehala zabaldu zen?
XX. mendearen hasieran zabaldu zen, sinbolo bilakatu arte. Interesgarri iritzi zioten jaia kohesio sozialaren eta identitatearen sinbolo gisa erabiltzeari. Ostera, jai global gisa saldu du kapitalismoak, eta merkantilizazio prozesu bat jasan du.
Nola ospatu da Euskal Herrian?
Mende honen hasieran hasi zen Halloween zabaltzen, eta haurrek ospatu egiten zuten. Egia da merkantilizazio prozesu bat izan duela: Port Aventura eta Sendavivaren gisako parkeek erabiltzen dute, eta beste marka batzuek ere bai, eta ingelesa ikasteko modu jostagarria ere ematen du... Tradizio bizia eta aldakorra da; garaiaren arabera aldatu egiten da. Duela urte batzuk, Santu Guztien Egunarekin ospatzen zen; guztiok joaten ginen familiarekin hilerrira, loreak jartzera, baina indarra galduz joan da. Baztertzen ari gara kutsu erlijioso hori; modu ludikoago batean ospatzen da orain.
Nola sortu zen ikertzeko ideia?
Jaia zabaltzen ari zela ikusi genuen. Antropologoentzat beti da interesgarria festa berriak eta errituak aztertzea, eta tradizio bat sortzen ari zela ikusten genuen. Sakondu egin nahi genuen, eta haurren ikuspegia ere bildu. Gainera, komunikabideetan eta sare sozialetan ikusi genuen gure aitona-amonek kalabazekin jolasten zutela: aurpegi forma eman eta kandelak sartzen zituztela. Juan San Martin beka atera zenean aurkeztu genuen proiektua, eta hortik etorri da liburua.
Aldatu zaizu ikuspegia?
Polita izan da dinamismoa ikertzea. Tradizioak nola aldatzen diren eta zein biziak diren ikusteko ere balio izan du. Distantzia batekin ikusten nuen, merkataritzako jaia delako, baina, aldi berean, oso ederra da haurrak jai hori antolatzen ikustea: beste balio batzuk biltzen dituzte, eta ez dute dirurik gastatzen; ganbaratik mozorro bat hartu, aurpegia margotu, eta gozoki eske joaten dira.
Euskal Herriko adibiderik?
Mutrikun, esaterako, 1980. urtean hasi ziren Gau Beltza antolatzen, eta orain ari da zabaltzen. Azken urteetan indarra galdu du, baina eredu interesgarria da. Herrikoia da, eta hainbat eragilek hartzen dute parte: gaztetxekoek mamu bat egiten dute, dantza taldeak parte hartzen du, tabernak apaindu egiten dituzte, eta gauean parranda egoten da.
Baduzu jaia ospatzeko ohiturarik?
Haurrentzat erakargarria zenez, Baliarrainen Gau Beltza antolatzea proposatu nuen. Gure testuingurura moldatu dugu. Helduak ere mozorrotzea nahi zuten haurrek, ez zuten nahi jaia distantziatik bizitzea, beraz, bideo zirikatzaileak egin genituen: 'Zein aspergarriak diren gurasoak, ez dira mozorrotzen' eta horrelako esaldiekin.
Jendea erakartzea lortu zenuten?
Hitzaldi bat, kalabaza tailerra eta gaztaina jana egin genituen; beldurrak paper batean idatzi, eta sutara bota genituen; kanpaiak jo, eta argi guztiak itzali genituen: berezia izan zen; iluntasuna lortu genuen. Eske erronda bat eta beldurarren bidea ere egin genituen. Ez da izan Halloween jaiaren erreakzio bat; beste erreferentzia bat sortu dugu.