bizigiro
Ozeano Barea, estolda nuklearra
Edu Lartzanguren
Fukushima prefekturako Daiichi (Bat) zentral nuklearrean gertatu zen historiako istripu nuklearrik larrienetan bigarrena, 2011ko martxoaren 11an. Egun hartan, Japonian inoiz neurturiko lurrikararik handienak 40,5 metrorainoko olatuak sortu zituen itsasoan. Lurrikararen eraginez, zentral nuklearra kanpoko argindarrik gabe geratu zen. Handik minutu gutxira, olatuek suntsitu egin zituzten larrialditarako sorgailuak. Ondorioz, erreaktoreak hozteko erabilitako ur punpak itzali egin ziren, eta nukleoak urtu egin ziren zentraleko lau erreaktoreetatik hirutan. Hidrogeno leherketek hiru erreaktoreon eraikinak suntsitu zituzten, eta kutsadura erradioaktiboa barreiatu egin zen hurrengo egunetan.
Fukushimako istripua ez da amaitu. Oraindik ere egunero 150 tona ur bota behar dute erreaktoreen hondakinen gainera, erregai urtua hozteko, eta leherketa larriagoak saihesteko. Ur horretan datza orain eztabaidagai den arazoaren muina: gai erradioaktiboz kutsaturik dago, eta zentralean bertan pilatzen ari dira, ehunka biltegi handitan, harekin zer egin asmatu arte.
Baina zer dago benetan ur kutsatu horretan? Ura itsasora botatzearen defendatzaile hainbaten arabera, tritioa besterik ez. Hidrogenoaren isotopo bat da tritioa, eta ez da estrontzioa edo plutonioa bezain arriskutsua. Haatik, Fukushima Daiichin bildutako urean «estrontzio 90, iodo 129 eta beste erradionukleidoak daude, itsasora botatzeko mugetatik goiti», esan du Shaun Burniek. Greenpeaceko aditu nuklear nagusienetako bat da, eta 30 urte lanean daramatza Japonian.
Teorian, zentrala kudeatzen duen Tepco konpainiak sistema bat ezarri zuen ura garbitzeko, baina, enpresak duela urtebete onartu zuenez, prozesaturiko uraren %80k (750.000 metro kubo orduan) ehun aldiz gainditzen du segurtasun arauek baimentzen duten kutsadura maila, eta hainbat ur biltegik, 20.000 aldiz. «Galdera da horiek behar bezala garbitzerik ote dagoen —tritioa bakarrik utzi arte—. Eta zalantza handiak daude horretaz».
Horrez gain, tritioa bakarrik edukitzeak ez du esan nahi ur kutsatuak kalterik egingo ez lukeenik. Burnieren arabera, tritio erradioaktiboaren zati bat organikoki lot daiteke bizidunetan, eta horren bidez animalien, erradiazio dosi kontzentratu bat eman diezaieke landareen eta gizakien zelulei. «Ozeanoko uretan disolbatzeak ez du arazo hori konpontzen».
Joaquin Sevilla Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza irakasle eta Ezagutzaren Dibulgazioaren arduradunak konfiantza tarte bat eman nahi die Tokioko agintariei. «Argi dago ur hori arriskutsua izango dela, bestela ez zuten gordeta izango. Baina herrialde serio bateko gobernu bat hori planteatzen ari bada, ez da erabateko erokeria izango, eta ez du planeta arriskuan jarriko modu ikaragarrian», esan du. «Ur hori ez da The Simpsons marrazkietakoa bezalakoa izango, itsasora erori eta berehala arrainei hirugarren begia haztea eragingo diena». Edonola ere, irakasleak gaineratu du zaila dela epaitzea datu tekniko guztiak eduki gabe. Iodoak, esaterako, ez luke arazo handirik sortuko epe ertainean, Sevillaren aburuz, azkar desintegratzen baita, asko dagoelako naturan eta ongi disolbatuko litzatekeelako. «Estrontzioa okerragoa da. Arazoa da kasu honetan litro asko direla».
Greenpeaceko adituaren arabera, Japoniako Gobernuak normalean «gutxietsi» egiten du dosi txikiko erradiazioaren arriskua. «Edozein erradiazio ingurumenera askatzeak dauka kalte egiteko ahalmena». Larriagoa da, kasu honetan, kutsagarri bolumena oso handia delako, eta, batez ere, saihets daitekeelako. Aukera bakarra dago, Burnieren arabera: ura epe luzerako gordetzea altzairuzko biltegietan, eta, bitartean, prozesatzeko teknologia garatzea.
Beraz, arazoak zerikusi zuzena du diruarekin, eta hala da hasieratik, Fukushimako Daiichiren kasuan. Zentrala itsas maila baino 35 metro gorago eraikitzeko planifikatu zuten, baina, eraikitzen hasi aurretik, 1960ko hamarkadaren amaieran, maila hori 10 metroan utzi zuten, askoz merkeago aterako bailitzaieke gero erreaktoreak hozteko itsasoko ura altuera txikiagora punpatzea. Horrez gain, hamalau metro beherago jarri zituzten punpa horiek larrialdi batean mugitzeko diesel sorgailuak. Tsunamiaren hamalau metroko olatuak dena hartu eta suntsitu zuen. Gaur ere, lurpeko ura sartzen da oraindik erreaktore suntsituetan, altuera txiki horrengatik.
Industria nuklearraren «jarrera historikoa» zabor nuklearra itsasoan botatzea izan dela gogoratu du Burniek. Garai batean, bidoietan itxitako hondakin erradioaktiboak itsasora botatzen zituzten itsasontzietatik. Baina Londresko Itunak (1972) debekatu egin zuen hori, nahiz eta debekua ez aplikatu lurretik egiten diren isuriei, Fukushimakoen kasuari, adibidez. Geroztik, industria nuklearra hondakinentzako lurpeko biltokiak eraikitzen ari da, «baina, hein handian, zergadunaren lepotik».
Gaiari «garrantzia kendu nahi gabe», beste industria askok pareko kutsadura sortzen dutela esan du Sevilla irakasleak: «Aireratzen diren keak, ikatza erretzea energia sortzeko, kimikagintza... Nuklearraren hondakinak ez dira oso ezberdinak».
Arduradunak, errugabe
Atzo bertan, Tokion epaia eman zuten Fukushimako auziaren inguruan. Tepco konpainiako hiru buru ohi epaitu zituzten, arduragabekeria leporatuta. Tartean zen Tsunehisa Katsumata zuzendari ohia. Akusazioak argudiatu zuenez, adituek ohartarazi zieten arduradunei tsunami handi batek eragin zezakeen hondamendiaz, baina haiek ez zuten neurririk hartu zentrala itsasotik babesten duen horma handitzeko. Epaileek, ordea, errugabetzat jo zituzten atzo hiru arduradunak. Greenpeaceko Burniek atzo idatzi zuen epaia ez dela ustekabea, zigor batek «kolpe latza» emango liekeelako Tepcori, Shinzo Abe Lehen ministroari eta Japoniako industria nuklearrari. Hondamendia hasi zenetik zortzi urtera, «Tepcok eta gobernuak saihesten jarraitzen dute hamarkada luzez arrisku nuklearren zientziari entzungor egin izanaren erantzukizuna».
Urak bere bidean, 2022. urteko udarako beteta egongo dira Fukushimako biltegiak. Ordurako, Tokioko agintariek erabaki bat hartu beharko dute. Ikerketa baten arabera, ura tratatutakoan eta kutsagai mailak legearen mugaren azpira eramanda, itsasora botatzeko prozesuak hamazazpi urte iraun dezake .
Kalkulatu dute ur kutsatua tratatzeak 36.000 milioi euro kostatuko duela. Ekonomia Ikertzeko Japoniako Institutuak eginiko aurreikuspenak betetzen badira, historiako istripu industrialik garestiena izango da Fukushimakoa. Erradioaktibitatearen inguruan aritzean, ordea, epe luzera sorturiko kalte asko kalkulaezinak dira. Horretan datza arazoaren nukleoa.