kirola
Exotikoena ziur, agian irekiena
Imanol Magro Eizmendi
Mundu mailan oihartzun gehien duen hirugarren kirol lehiaketa da, Olinpiar Jokoen eta futboleko Munduko Koparen ondoren. Atzerriko 400.000 errugbizale espero ditu herrialdeak. Japonia eta Errusiaren arteko partidak (09:15) irekiko du 48 partidako maratoia —hogei selekzio dira—, eta azaroaren 2an bukatuko da. Azken egunetan, dena den, bi auzik kirolak baino zeresan gehiago eman dute. Batetik, tifoi garaia da Japonian, eta eguraldiaren beldur dira. Bestetik, tatuajeak. Japoniako kulturan ez dute ospe onik, eta agerpen publikoetan estaltzeko eskatu diete jokalariei: prentsaurrekoetan, elkarrizketetan... ZEELANDA BERRIA
Beti da faborito nagusia. Zerbaitegatik irabazi ditu Munduko Kopako azken bi aldiak (2011 eta 2015). Baina, hamar urtean lehenbiziko aldiz, All Blacks-ak ez daude IRBko sailkapenaren lehen postuan —Irlanda da lehena—. Kontu estatistiko hutsa da, baina adierazgarria halaber, Zeelanda Berriak hiru partida galdu eta bat berdindu baititu azken urtean. Hainbeste estropezu ez dira ohikoak. Urrunago joan gabe, abuztuaren 10ean 47-26 galdu zuen Australiaren aurka; inoiz hartu duen jipoirik handiena da, baina, astebete geroago, mendekua hartu zuen, 36-0 irabazita. 2018ko udazkenean, lagunarteko bi partida galdu zituen, Irlanda (9-16) eta Hegoafrikaren aurka (34-36), eta aurtengo uztailean 16na egin zuen Hegoafrikaren aurka. Hegoafrikak neurria hartua diola dirudi, eta haren aurka jokatuko du, hain zuzen, B multzoko lehen partida, bihar (11:45). Zalantzak uxatu edo areagotu egingo dira. BESTE FABORITOAK
Zeelanda Berriak kale egiten badu, Ingalaterrak eta Hegoafrikak dirudite hautagai nagusiak. Hegoafrikak irabazi du aurtengo Rugby Championship torneoa (Lau Nazioak), eta ez dio beldurrik Zeelanda Berriari. Gainera, ez du harekin topo egingo kanporaketetan. Ingalaterrak, aldiz, udako prestaketa partidetan lortu du hautagai izateko eskubidea. Sasoi betean dago, eta 2015eko orbaina garbitu behar du, ordukoan, etxean, ez baitzen pasatu lehen fasetik.
Pixka bat atzerago, baina ez asko, Gales, Irlanda eta Australia daude. Galesek Grand Slama irabazi du aurten, Sei Nazioen torneoan, baina prestaketa partidetan gorabehera asko izan ditu. Irlandak, bestalde, ilusioz lepo ekingo dio Munduko Kopari. Sei Nazioetan bizkarrekoa hartu zuen, baina, Joe Schmidt hautatzaile denetik, oso ondo jokatzen ari da —2018an Grand Slama irabazi zuen Sei Nazioetan—, eta hark eraman du IRBko lehen postura. Australia ere ezin da baztertu: bi aldiz izan da munduko txapeldun, baina ez da ari irudi sendoa ematen. Abuztuan Zeelanda Berriari irabazi zion, baina azken urtean hainbat lagunarteko partida galdu ditu. Koska bat atzerago daude Frantzia eta Argentina. HIRU EUSKAL HERRITAR
Hiru euskal jokalarik hartuko dute parte Munduko Kopan, eta hirurak Frantziako selekzioarekin ariko dira. Camille Lopez joko irekitzailea (Maule, 1989), Charles Ollivon hirugarren lerrokoa (Senpere, Lapurdi, 1993) eta Arthur Iturria bigarren lerrokoa (Baiona, 1994). Hirurentzat lehen Munduko Kopa da. Lopez 2015ekora joateko zorian egon zen, baina azken unean deialditik kanpo gelditu zen. Bihar jokatuko dute multzoko lehen partida (09:15), Argentinaren aurka, eta, Jacques Brunel hautatzaileak aurreratu duenez, Ollivon eta Iturria hasieratik ariko dira. Lopez, aldiz, aulkian izango da, baina litekeena da Kopan zehar jokatzeko aukera izatea. Aurtengo Sei Nazioen torneoan, hiru partidatan hartu zuen parte. Lehen partida horrek asko baldintzatuko du Frantziaren bidea. Multzo berean Ingalaterra dago, ustez talde indartsuena dena, eta litekeena da partida horretan erabakitzea multzoko bigarren sailkatua zein izango den.JAPONIA
Japoniak apustu serioa egin du errugbiaren alde. Urteak daramatza Munduko Kopa hau prestatzen, eta final-laurdenetan sartzea du helburu —125.000 lizentzia ditu, eta 11.a da IRBren sailkapenean—. Horretarako, baina, Irlanda edo Eskoziaren aurka irabazi behar du bere multzoan. Eta badu maila horretarako: 2015eko Munduko Kopan garaipen historikoa lortu zuen Hegoafrikaren aurka, eta lagunartekoetan ondo lehiatu da puntako taldeen aurka. Selekzioko 31 kideetatik hamasei Japoniatik kanpo jaiotakoak dira, baina hori ez da arraroa errugbian; Samoan edo Tongan, esaterako, gehiago dira. Izan ere, errugbian, selekzio batekin jokatzeko ez da beharrezkoa herritartasuna izatea. Aitona-amona edo guraso bat herrialde horretakoa izatea aski da, edo hiru urte baino gehiagoz bertan bizi izana. Betiere, aurretik ez bada goi mailako partidarik jokatu beste selekzio batekin.