astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

bizigiro

Eskua sartuz gero, nola?

Lander Muñagorri Garmendia

Eskua sartuz gero, nola?

Zeharka edo zuzenean, gizakiak naturan duen esku hartzea etengabea da. Hainbeste, ezen gaur egun munduan ukitu gabeko ekosistemen kopurua %10ekoa bakarrik baita. Hau da, gizakiak kasik planeta guztian eragin duela modu batera edo bestera. Aurrerantzean ere eragiten jarraituko du, baina zein modutan egin behar den, hori da galdera. Zertarako? Zeren eta noren onuraren bila? Galdera orokorrak dira horiek, baina horien atzean sortzen dira alde baten eta besteen arteko eztabaidak eta tirabirak. Ekologista eta animalisten artekoak, kasurako. Ingurumena ala animaliak? Zer zaindu, eta zeri eman behar zaion lehentasuna galdetzen diote elkarri bi aldeek, eta hortxe hasten dira bien arteko ezberdintasunak. Abiapuntutik bertatik daukatelako ikuspegi ezberdina, eta horrek etengabe pizten ditu elkarren arteko eztabaidak. «Askorentzat gauza arraroa da entzutea animalista eta ekologistak gaizki moldatzen garela elkarrekin, baina oinarritik bertatik hasten dira bien arteko ezberdintasunak», hala azaldu du Catia Faria animalista eta Pompeu Fabra unibertsitateko ikertzaileak. Ingurumena eta animalien aldeko borrokek ez baitute bat egiten.

Helburuari berari ematen dio garrantzia Fariak. Animalien aldeko mugimenduak gizakiak ez diren izaki bizidunen aldeko eskubideak aldarrikatzen ditu. Norbanakoenak, eta ez dute espeziearen iraupena jartzen lehentasunen artean. Horregatik, antiespezistak ere badira. Bi modutara deitu dakioke mugimenduari. «Gaur egun bizi den animalia bakoitza gustura eta bizi kalitate on batekin bizi dadila nahi dugu, eta horretan egiten dugu gure ahalegina». Hori dela eta, ikuspegi ekologista batetik egiten diren interbentzioak kritikatzen dituzte, lekuan lekuko ekosistema edo biosfera konkretuak lehenesten direlako kasu horietan, bertan bizi diren norbanakoak kontuan hartu gabe. «Bertako espezieak babesteko edo biztanleak kontrolatzeko interbentzioak printzipio ekologista batetik egiten dira. Baina horrek zer esan nahi du? Ekosistema baten alde egiteko norbanakoak hil beharko direla kasuren batean, eta hori da guk sekula babestuko ez duguna. Berdina egingo al zen gizakiei buruz hitz egiten arituko bagina?», galdetu du Fariak. Edozein modutan, naturan esku hartzeak egitearen aldekoa da hura, betiere animalien ongizatean eragiten laguntzen baldin badute. «Uste denaren kontra, animalien bizia naturan ez da batere atsegina, alderantziz baizik». Hori aldatzeko lan egitearen alde dago, eta horregatik, ekologistek ekosistemak lehenesteko egiten dituzten esku hartzeen aurka ere badago.

Hain zuzen, ekosistemen iraunaraztean egiten du lan Jorge Etxegarai biologo eta ingurumen aholkulariak. Ideologia hori zientzia diziplinetatik kanpo dagoela dio, edo beste era batera esanda, oinarri filosofikoak dituela, eta ez dela zientzia arloko ikerketetan oinarritzen. «Naturan egin beharreko esku hartzeak zientifikoki garatu behar dira, eta egun indarrean dauden legeen arabera», aurreratu du. Ekosistema izaki ugarik osatzen dutela gogoratu du, eta horiek guztiek elkarri eragiten diotela; «horrela iraun dute bizirik orain arte». Asmoa, ordea, natura ahal den neurrian ukitu gabe uztea litzateke, haren ustez; «gizakiak egokitu behar duelako naturara, eta ez alderantziz», era horretan ekosistemek euren bidea egin dezaten. «Baina horrela ez denean, lehengo egoerara itzultzen lagundu beharko litzateke, kasuan kasuko ikerketa zientifikoek horrela zehaztuko balute, eta horretarako hartu beharko liratekeen neurriak hartuz».

Zertarako mantendu?

Ingurumena mantentzeko garaian, animalia ez da lehentasunen erdigunean jartzen, biodibertsitatea ikertzean bereizten diren hiru mailen artean azkena izaten direlako izaki norbanakoak edo animalia espezieak. Euren aurretik daude genetika edo aniztasun intraespezifikoa eta espezieen genoma. Alegia, biodibertsitate bakoitzean zaindu beharreko azken atala dela komunitate biologikoa, «nahiz eta besteak bezain garrantzitsuak izan», Etxegarairen arabera. Horrekin zera esan nahi du: norbanako animaliez aparte, biodibertsitatean zaindu beharreko elementu gehiago daudela, eta esku hartzeak egiten direnean horiek ere kontuan hartu behar direla. «Ekologismoaren helburua da lortzea biodibertsitate biologikoen funtzionamendua naturalen antzekoa izatea». Azken finean, horrek naturari berari onura ekar diezaiokeelako, baina baita gizakiari berari ere. «Otsoak mantentzen badira, ugaztun belarjaleen oreka ere bermatzen da, azken harrapakari ugaztun handia baita».

Ikuspegi horrekin bat egiten du Mikel Torres EHUko ikerlari eta animalistak, baina zertzelada jartzen du. «Ekosistemaren alde lan egin behar da, edo haren oreka mantentzeko, noski; baina guretzat garrantzitsuena ez da naturaren oreka edo inguruaren garrantzia, animaliak ez ukitzea baizik». Egiten diren esku hartzeen inguruan kritika zorrotzagoa egiten du, gehienetan animalia espezie batzuen galera saihesteko egiten direlako. «Nire iritziz, biodibertsitatea ez da garrantzitsua, espezie bat galdu behar bada, ez daukat oso garbi ahaleginak egin behar ote diren horiek ez galtzeko edo kopuru handiagoa egoteko, bizitza hoberik ez baldin badaukate. Ez zait inporta espezie bat galtzea, naturan oso gaizki bizi baldin bada». Alde horretatik, biodibertsitatea berreskuratzeko orduan helburu ezberdinak izango lituzkete ekologistek eta animalistek, «animalien sufrimendua gutxitzea izan beharko lukeelako lehentasun».

Gatazka hori irudikatzeko, adibide garbiak ere badaude. Bisoi europar eta amerikarraren arteko desoreka bideratzeko ikuspegien arteko talka izan liteke horietako bat. Bisoi amerikarra gizakiaren bidez sartu zen Euskal Herrian eta Europan, larrugintzaren beharrak betetzeko. Animalia horiek zeuden etxaldeetatik ihes egin ondoren, edo animalien aldeko aktibistek askatuta, hala sartu ziren ingurumenean. Horrek arriskuan jarri zuen bisoi europarrak bizirik irautea, eta zer egin beharko litzatekeen galdetuta, aurkakoa diote.

Etxegaraik, alde batetik, bisoi europarra dagoen inguruneetan «gutxienez» amerikarrak dituzten etxaldeak debekatzeko eskatu du, eta ondoren, ingurumenean egin beharreko esku hartzeetan «ikuspegi xenofoboarekin» jokatzea besterik ez dagoela azaldu. «Gizakiok eragin dugun esku hartzea ahal bezainbeste gutxitzea litzateke helburua». Bestetik, Fariaren ustez, erdibideko formularen bat bilatu beharko litzateke: «Bisoi amerikarrak antzutzea aukera bat izango zen. Izan ere, dagoeneko bisoi horiek bertan daude, eta ez dago zertan egungo biosferatik kanporatu edo hil». Etorkinen aurkako diskurtsoekin parekatu ditu ondoren bisoi amerikarrak harrapatu edo hiltzeko erabakiak. Alde biak agertzen dira kezkatuta, ekosistemagatik, edo animaliengatik. Hori baita, azken finean euren arteko ezberdintasuna.

BERRIAn argitaratua (2016/02/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA