gizartea
Kutsaduraren erraldoiak
Iñaki Petxarroman
BURUAN, PETRONOR
2017ko erregistroa begiratuta, Petronor enpresak, Muskizko (Bizkaia) petrolio findegiak kutsatu zituen gehien Euskal Herriko airea eta ura. Karbono dioxidoaren isurketei erreparatuz gero, harenak dira industria eta energia sektoreek isuritakoen %20. Guztira, atmosferara bota den CO2-aren %10 harena da. 2017an, 2,2 milioi tona karbono dioxido isuri zituen atmosferara, eta, horrez gain, karbono monoxidoa, nitrogeno oxidoa, sufre oxidoa eta beste gai toxiko ugari, kopuru handitan. Uretara ere toxiko asko bota zituen: besteak beste, karbono organiko totala (KOT) eta era guztietako metal astunak. Kutsatzaile handietan handiena da Petronor, eta ez du bere kaltea askorik apaldu azken urteotan. Karbono dioxidoari dagokionez, esaterako, isurketa gehiago izan zituen 2017an 2010ean baino. Jaitsi ditu apur bat nitrogeno oxidoaren isurketak, nahiz eta horretan ere jarraitzen duen isurlerik handiena izaten. Toxiko hori ozono troposferiko (ozono gaiztoa) bihurtzen da, eta oso eragin kaltegarria dauka pertsonen osasunean eta ingurumenean, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) berak ohartarazi duenez. Ozono handiko guneetan ohikoak izaten dira arnasketa arazoak eta bestelako gaixotasunak; besteak beste, trafikoak, findegiek, erraustegiek, ziklo konbinatuko zentral termikoek eta bestelako errekuntza prozesuak erabiltzen dituztenek sortzen dute nitrogeno oxidoa.
Europako Batasunak berriki egindako txosten baten arabera, Espainiako Estatuko hamar enpresa kutsatzaileen artean dago Petronor. Europako Batasuneko Ingurumen Agentziak aztertutako 14.325 enpresa kutsatzaileetan 127. postuan ageri da. Aurten bertan, Meatzaldea Bizirik plataformak salaketa bat jarri du Petronorren aurka, eskualdean izan diren usain eta isurketengatik.
ZIKLO KONBINATUAK, HAIZEA HARTZEN
2000ko hamarkadan garrantzi handia izan zuten, eta, hori dela eta, euskal geografia zipriztindu zuten garrantzi handiko hainbat proiektuk, bereziki Nafarroan eta Bizkaian. 2010eko hamarkadan, baina, gas bidezko ziklo konbinatuak krisi larrian sartu ziren, eta 2017ko txostenak jasotzen dituen datuak ere horren isla dira. Esaterako, Castejongo EdP España zentralak 0,5 milioi tona CO2 isuri zituen atmosferara, 2010ekoaren erdia. Zierbenako Bahia de Bizkaiak ere 0,46 milioi tona isuri zituen -2010ean, 1,1 milioi tona-. Boroako (Zornotza) Bizkaia Energia eta Castejongo Iberdrolaren zentralak oraindik ere okerrago daude. Gas bidezko ziklo konbinatuak euren ahalmenaren %15ean jardun dira azken urteotan, batez beste. Hala ere, aurten burua altxatzen hasi ote diren pentsatzen ari dira adituak; izan ere, Espainiako nahaste energetikoaren barruan aurrea hartu diete ikatz bidezko zentral termikoei. Nahiz eta haiek baino kutsadura gutxiago isuri, instalazioek airea eta ura asko kutsatzen dituzte, eta traba handia dira klima aldaketaren aurkako borrokan.
ZEMENTU FABRIKAK: BESTE ORBAN BAT
Porlan ekoizpenak garrantzi handia dauka, eta sektore hori osatzen duten enpresak dira industria-kutsadura sortzaile nagusietako bat. Arrigorriagako, Añorgako (Donostia), Olatzagutiko eta Lemoako fabrikek ez dute kutsatzen 2000ko hamarkadan adina, baina hori ekoizpena asko gutxitzeagatik gertatu da batez ere, batik bat eraikuntzaren krisiaren ondorioz. 2007an, sektoreak 56 milioi tona porlan ekoitzi zituen Espainiako Estatuan -produkzio handieneko urtea izan zen-, eta, 2019an, 13,4 milioi tona inguruan geratu zen. Hala ere, eragin handiko industria da zementuarena, eta ingurumen inpaktu handia du. 2017ko txostenaren arabera, Lemona Industrial izan zen arloan CO2 gehien isuri zuen enpresa: 0,48 milioi tona. Haren atzetik Arrigorriaga eta Olatzagutiko lantegiek bota zuten karbono dioxido gehien. Añorgako instalazioak zenbat isuri zuen ez du jasotzen txostenak, baina karbono monoxidoaren (CO) sortzailerik handienetan bigarrena izan zen, Lemona Industrialen ostean.
PAPER FABRIKAK: ISURKETAK ETA USAINA
Paper ekoizpenari lotutako sektorea kutsadura eragile garrantzitsua da, eta, gainera, azken urteotan ekoizpena handitzeko hainbat inbertsio egin ditu. Hiru tokitan daude fabrikarik kutsatzaileenak: Iurretan, Hernanin eta Zangozan. Berotegi efektuko gas ugari isurtzen dute airera, eta eragin nabarmena daukate inguruko ibaietan. Esaterako, Iurretako fabrikak hainbat salaketa jaso ditu, Ibaizabal ibaian kontrolik gabe egindako isurketengatik. EH Bilduko parlamentariek Iurretako fabrika salatu zuten iaz, ibaira egindako isurketengatik, eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak adierazi zuen Uraren Euskal Agentziak txosten bat zabaldu zuela enpresaren aurka. Hernaniko paper fabrikaz ere askotan kexatu dira talde ekologistak eta herritarrak; instalazio hori ekoizpena handitzeko inbertsio handiak egiten ari da. Haren helburua da ekoizpena %40 handitzea, eta, horretarako, 180 milioi euro inbertitu ditu. Iaz, Hernani Aire Garbia plataformak mobilizazio bat egin zuen Hernanin, protesta egiteko paper fabrikak sortzen dituen usainengatik eta herriko aire kutsadurarengatik. Eguzki talde ekologistak ere behin baino gehiagotan egotzi dio usaina eta kutsadura sortzea. Zangozako fabrikak ere iragarri zuen makina bat erosi behar zuela ekoizpena heren bat handitzeko.
ZABALGARBI ETA HONDAKINEN ERRAUSKETA
Hondakinen errausketaren aldeko apustua egin dute Bizkaian eta Gipuzkoan, hondakinen bidez energia sortzen dela argudiatuta. Kutsadura iturri garrantzitsu bat ere badira, baina, erraustegiak. Bizkaiko Zabalgarbi erraustegia Euskal Herrian karbono dioxido gehien isuri zuen industria instalazioetan zortzigarrena izan zen, PRTR inbentarioaren arabera: 0,27 milioi tona. Horrez gain, metanoa, nitrogeno oxidoa eta beste hainbat gai kutsagarri isuri zituen airera. Errausketaren bidezko kutsatzaile horiek ez ezik, hondakin ugari ere atera ziren prozesutik: 7.381 tona errauts sortu ziren -hondakin arriskutsutzat joak-, eta 47.000 tona zepa -hondakin ez-arriskutsutzat joak-. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak azken horiek erabili nahi ditu eraikuntzako lanetan. Gipuzkoako agintariek azken urteotan esan dute Zubietako erraustegiaren zepak ere horretan erabiliko direla. Azken urteotan, gainera, nabarmen handitzen ari da dioxina eta metal astunen kutsadura Zabalgarbiren inguruetan, Tecnaliak urtero egiten duen neurketa baten arabera. Hala ere, adierazi dute datuak falta direla kutsadura horren erantzukizuna errauste plantari egozteko, badirelako beste iturri posible batzuk ere. Zabalgarbi 250.000 tona hondakin inguru ari da errausten urtero. Zubietan 200.000 tona errausteko gai izango den instalazio bat jarri nahi dute martxan urte amaieran, eta, horren arabera, Gipuzkoan karbono dioxido gehien isurtzen duten instalazioetako bat izango da.