astekaria 2019/09/20
arrowItzuli

kultura

Azkenaz beste, asko

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Azkenaz beste, asko

Euskal letren jarraitzaileek aspaldiko lagunen bisita jasoko dute aurtengo udazkenean. Oraindik prentsaurrekorik eman ez badu ere, Bernardo Atxagaren azken nobela -hala izango dela iragarri du berak- egin da orain artean ezagunena. Etxeak eta hilobiak izena ipini dio; Pamielarekin argitaratuko du, eta Elias du protagonista nagusi. 1972tik gaur arterainoko kontakizunak biltzen ditu aleak; sei pieza eta epilogoa ditu, eta surrealismoa eta errealismoa uztartzen ditu.

Karmele Jaiok ere gizon bat du protagonista Hil ezazu aita nobelan. Ismael izena du gizon horrek, eta sekretu bat gordetzen du: badira bi urte nobela bat idatzi ezinean dabilela, sormen blokeo erabatekoan. Ismaelen arreba Libe eta Jasone emaztea -zeina ezkutuan idazle ere baden- dira nobelako beste pertsonaia nagusiak, eta, sakonean, maskulinitatearen eraikuntza eta deseraikuntza ditu gai, agerian utziz gizonezkoen pribilegioak, balioen transmisioa eta hezkuntza sentimentalaren eraikuntza. Elkarrek argitaratuko du Jaioren nobela.



Unai Elorriagak, berriz, Susarekin argitaratuko du Iturria. 80 urteko bi protagonista ditu liburuak, Europan zehar Pedro Iturria izeneko ipuingile baten xerka dabiltzanak. Iturriak hainbat hizkuntzatan argitaratzen ditu ipuinak, eta ez da inoiz bi protagonistek bilatutako tokian egongo. Azken batean, Elorriagaren nobelak ipuin liburu bat biltzen du, protagonistekin batera irakurriko baititu irakurleak ere.

Itxaro Bordak beste geografia batean jartzen du irakurlea Alberdaniarekin argitaratuko duen Susmaezinak nobelan: 1980ko urteetako Euskal Herrian. ETAko errefuxiatuek aterpea bilatzen dute Ipar Euskal Herrian, eta Hego zein Iparraldeko militanteak daude erakundean.

Felipe Juaristik ere, Nik ere lorea eleberrian, euskal gatazka du hizpide, nostalgia eta erbestea ardatz hartuta. Juaristik Ereinekin argitaratuko du lan hori, eta argitaletxe horrek Ramon Saizarbitoriaren eleberri laburra ere ekarriko du: Miren eta erromantizismoa. Bertan, Miren protagonista gaztearen bitartez kontatzen du idazleak bizitzaren eta maitasunaren ikasbidea, Kandinskyren tradizioa lanean hasitako bidetik.

Aspaldiko lagunon ondoan, baina, lehen eleberria besapean helduko diren idazleak ere izango dira udazken honetan, ohi bezala. Txalapartak atzo bertan aurkeztu zuen Ruben Sanchezen Hondarrak, esaterako; lan horrek ere eta euskal gatazka du muinean. Etakide izateagatik preso dagoen Tupa protagonistaren ibilerak kontatzen ditu. Lehen nobela idatzi duten beste biak Eneko Barberena eta Alfontso Gartziandia dira. Barberenaren lanak Afrikanerrak du izena; Gartziandiarenak, Itsu kolpeka. Azken horrena eleberri beltza da; Alberdaniak argitaratuko dio eta Urko ikerlari pribatua eta Nadia ditu protagonista, Iruñeko auzo aberatsetan gertatutako xake partida tragikoan.

Barberenak, berriz, Arrasaten kokatu du bere nobela. Elkarrek argitaratuko dio, eta 2030eko urteetan kokaturiko panorama distopiko beltza margotzen du: Europako Batasuneko tropek Afrika iparraldea inbaditua dute, migrazio fluxuak kontrolatzeko, eta okupazio horrek gerra ekarri du.

Narrazioak urriago

Narrazio liburuen arloan, Xabier Etxeberriaren Txoria nintzela iragarri du Elkarrek, Goiatz Labandibarren Hori zen dena Alberdaniak, Karlos Linazasororen Hik ez dakik zer den beldurra Ereinek. Susak, berriz, batez ere poesia idatzi izan duen Rafa Egigurenen lehen ipuin liburua aurkeztuko du: Txipiroiak bere beltzean.

Poesian, berriz, aspaldiko beste lagun bat: Kirmen Uribe. Bitartean heldu eskutik poema liburuarekin eman zuen ezagutzera bere burua 2001ean. Beste genero batzuk landu ditu ordutik, eta poesiara itzuliko da, Susarekin. Intsumisioa, Japonia, Euskal Herria, New York, natura, artea, haikuak, prosa, daudenak eta ez daudenak bildu ditu Uribek oraindik zehazteke duen izenburuko liburuan.

Balea Zuria argitaletxeak zortzi poeta emakumezkorekin prestatu duen antologia ere izenbururik gabe dago oraindik. Amaia Lasa, Tere Irastortza, Itxaro Borda, Amaia Iturbide, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Castillo Suarez eta Aintzane Galardi dira poeta horiek. Poeta gazte baten lana ere badakar Balea Zuriak: Elena Olaberen Zeldak. Pamiela da, hala ere, udazken honetan poesia lan gehien aurkeztuko duen etxea. Beatriz Txibiteren Mugi/atu aurkeztuko du gaur bertan, eta laster etorriko dira Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua eta Jon Iñaki Lasaren Pertsonaiak.

Saiakeren arloan, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatu dute Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek Susako Lisipe Bilduman. Kike Amonarrizek euskalgintzari erreparatu dio, Elkarrek argitaratuko dion Euskara bidegurutzean lanean.

Anjel Lertxundik, berriz, itzulpenak hizkera literarioaren eraikuntzan daukan garrantziari buruzko gogoetak harikatu ditu Alberdaniarekin argitaratuko duen Itzuliz usu begiak saiakeran. Eta badira itzulpenak badatorren uztan ere. Besteak beste, Charles Baudelaireren Gaitzaren loreak poema sorta; Ingeborg Bachmann poetaren Simultan ipuin liburua; Barbara Ehrenreich eta Deirdre Englishen Sorginak, emaginak eta erizainak. Emakumezko sendalarien historia bat; Simone de Beauvoirren Bigarren sexua; Cinzia Arruzza, Tithi Bhattacharya eta Nancy Fraserren Feminismoa %99ren alde. Manifestu bat; eta Eva Illouzen Arimaren etorkizuna eta Estandar emozionalen sorrera testuekin osatutako alea irakurri ahalko dira, besteak beste. Afrika eta gerra uztartzen dituzten bi lanek ere argia ikusiko dute: Ngugi wa Thiong'oren Gerra garaiko ametsak memoria liburua, eta Gael Fayeren Ene herri txikia, duela 25 urteko hutuen eta tutsien arteko gerrako bere bizipenei buruz.

Antzerkia eta beste

Susak antzerki bilduma berria abiarazi du, hiru alerekin. Udazken honetan Tartean konpainiak estreinatuko duen Simplicissimus antzezlanaren gidoia da bat. XX. mende hasierako Alemanian girotutako kabareta da, eta Patxo Telleriak idatzi du. Francoren bilobari gutuna lan arrakastatsua ere jaso dute ale batean.

Horiez gain, badira hainbat nobela grafiko: Harkaitz Canoren gidoiarekin bi, eta Juan Luis Zabalarenarekin beste bat; eta Muro-Machi eta Ugarte -Larratxe bikoteen lanak. Eta bada Amets Arzallusek Ibrahima Balde migrante ginearrari jasotako hitzekin osatutako Miñan kronika liburua; eta iaz hasitako bidetik, Joseba Sarrionandiak idatzi duen Airea ez da debalde [Habanako gaukaria] dietarioa.

Sailkatu ezineko lanen apalean, Talaios Kooperatibak eta Farmazia Beltzak argitaratuko duten Atopia lan kolektiboa sartuko da, Koldo Almandozen Igeri edo ito. Itsas nobela bat-en ondoan.

BERRIAn argitaratua (2019/09/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA