astekaria 2019/09/20
arrowItzuli

bizigiro

'Zurriolako butaka' saioa, Zinemaldiaren berri izateko

Ainara Arratibel

'Zurriolako butaka' saioa, Zinemaldiaren berri izateko

Zinemari buruzko euskarazko telebista bakarra da Zurriolako butaka, eta aurten ere ez du hutsik egingo Donostiako Zinemaldiko egunetan. Zortzigarren urtez, nazioarteko zinema jaialdian estreinatzen dituzten euskal ekoizpenen berri emango du, eta askotariko sortzaileak pasatuko dira programatik. Iaz bezala, euskarazko sei komunikabide arituko dira elkarlanean: BERRIA, Hamaika, Kanaldude, Zinea.eus, Gaztezulo eta Irutxuloko Hitza. Egunero ikusi ahalko da programa berri bat: BERRIAk 19:00etan jarriko du saioa bere webgunean, Kanaldudek 20:00etatik 21:00etara emango du bere programazioan, eta Hamaika telebistak 22:00etatik 23:00etara emango du. Hedabide guztiek sare sozialetan saioaren edukiak zatikatuta zabalduko dituzte.

Kanaldude iaz batu zen elkarlanera, eta, aurten, atal berri bat sortu dute propio programarako: Zinetika. Hitz horrek berak fisikan mugimenduen mekanismoa ikertzea duenez helburu, atalari lotura emateko izendatu dute. Izan ere, Zinetika atalean, Zinemaldiak sortzen duen burbuila ibilarazten duten pertsonen itzaleko lana erakustea dute helburu. Izan pantaila gibeleko lanak edo eszena gainekoak, Zinemaldia barnetik biziarazteko esperientzia proposatuko du atalak.

Hala ere, ohi bezala, euskal ekoizpenetako zinemagileak, ekoizleak eta aktoreak izango dira programako protagonistak. Sektoreko sortzaile ugari elkarrizketatuko ditu Anabel Arraiza aurkezleak, Kursaalaren behealdeko platoan. Zortzi urteotan toki berean egin dute programa, prentsaurreko ofizialak ematen dituzten aretoaren alboan.

Saio bakoitzaren amaieran, kazetarien arteko solasaldi bat egingo dute. Solasaldi horietan parte hartuko du Urtzi Urkizu BERRIAko kazetari eta programako gidoilariak. «Euskal Herrian zazpiak bat, eta Donostiako Zinemaldian ere, zazpiak bat: euskarazko sei komunikabide eta zinema zale guztiak, zazpiak bat Zurriolako butaka saioan», esan zuen Urkizuk atzo programaren aurkezpenean. Kazetariak nabarmendu zuen iaz saioak aurrerapauso bat eman zuela kalitate aldetik. «Itxaropena dugu aurrerapauso horiekin jarraitzeko».

Saioak ez ditu gazteak albo batera utzi nahi. Horregatik, aurten Gaztezulo-ko zuzendari eta telesailetan aditu Gaizka Izagirrek sare sozialetan zabaltzeko eduki arin eta informalak egingo ditu. #Zbutaka traola erabiliko dute bai Izagirrek bai saioko beste lankideek edukiak zabaltzeko. «Gazteek ere beren tokia topatuko dute horrela Zinemaldiaren zurrunbiloan», esan zuen Izagirrek.

Irutxuloko Hitza-k, ostera, donostiarren Zinemaldia ekarriko du lehen lerrora. Ostiral honetako programarako memoria historikoari lotutako bideo elkarrizketa bat prestatu du Hitza-k: Aitor Azurki kazetariak 36ko gerrarekin lotutako hainbat kontu azalduko ditu, La Trinchera Infinita eta Mientras dure la guerra filmak Sail Ofizialean estreinatuko dituztela-eta.

Zinea atari espezializatuak hainbat bideo elkarrizketa egingo ditu saiorako: Izibene Oñederra ilustratzaile eta zuzendaria, Iñaki Gomez ekoizlea, Loic Legrand zinemagilea...

Ostiralean, Moriartikoak

Anabel Arraizak aurkeztuko du bigarren urtez Zurriolako butaka -Hamaikan hainbat saio aurkeztu ditu azkeneko hiru urteetan, tartean Hiri baratzean-. Aurkezleak atzoko agerraldian iragarri zuen aurreneko programan «luxuzko» gonbidatuak izango dituztela: batetik, Grezian bizi diren errefuxiatuei buruzko Varados dokumentalaz mintzatuko dira Iker Ganuza ekoizle eragilearekin -Helena Tabernak zuzendu du lana, eta Zinemira saileko hasiera galan estreinatuko dute-. Eta, bestetik, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño Moriarti ekoiztetxeko zinemagileak gonbidatuko dituzte, La Trinchera Infinita filmaz hitz egiteko. 36ko Gerraren ostean, 30 urtez ezkutatuta egon zen gizon baten istorioa kontatzen du.

Lehen programan, bestalde, Kristina Zorita kazetari eta blogariak Perlak saileko hainbat gomendio emango ditu. Kazetarien solasaldian, Hitza-ko Inaxio Esnaolak parte hartuko du -bost urtean saioko aurkezlea izan zen-.

BERRIAn argitaratua (2019/09/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA