kultura
Kulturaren arrakala
Miren Garate-Iñigo Astiz- Itziar Ugarte Irizar
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jardunaldi bat antolatuko du urrian ikerketako datuetan sakontzeko. Legealdi hasieran antzeko lan bat egin zen ikus-entzunezkoen eta artearen arloetan.
ANTZERKIA
Ikertzaileak: Eneritz Artetxe eta Maria Goirizelaia
Prekaritatea da egoera orokorra antzerki sorkuntzan, eta, txostenaren arabera, hizkuntza gutxitu batean aritzeak eta emakumezko izateak are gehiago zailtzen dute egoera. Euskarazko sorkuntzari buruzkoak dira datu guztiak, eta, txostenak argitzen duenez, sektore horretan emakumezko sortzaileek gizonek baino sarriago egin ohi dute lan kontraturik gabe kasuen %17,2n andrazkoek, eta %10,9n gizonezkoek, eta ohikoagoa dute lansari txikiagoak jasotzea ere. Emakumezko antzerkigileen %42k irabazten dute urtean 600 euro baino gutxiago, eta gizonezkoen artean, %27k.
Emakumeen presentzia txikiagoa da antzerki munduko ia lan esfera guztietan ere, eta agerikoa da generoaren araberako lan banaketa. Jantzien atalean bakarrik osatzen dute gehiengoa emakumeek (% 69,23). Zuzendaritzan nahiko berdinduta daude indizeak (% 44 emakumeak eta % 48 gizonak), eta eszenografian ere bai (% 46,15 emakumeak eta % 53,84 gizonak). Alabaina, badaude emakumeen presentziarik gabeko arloak ere: argiteriaren diseinuan, esate baterako, ez dago emakume bakar bat ere.
Eskena elkarteko hogei konpainiek emandako azken ikuskizunetan, %40,8ko presentzia izan dute emakumeek oholtzan, nahiz eta eskoletan gehiago diren. Antzezlanen %74 gizonek zuzendu dituzte, eta teknikari karguen %69 ere haiek bete dituzte; aldiz, administrazioko postuetan % 75 dira emakumeak. Emakume zuzendariek aipatu dute aurreiritziak daudela haiek sortutako obren inguruan. «Emakumeei esleitutako ezaugarriak aurreikusten dira: sentsibilitate handikoak, estetika zaindu batekin, sofistikatuak, komediarik eza...».
Proposamenen artean, arte eszenikoetan generoaren gaia jorratuko duen komisio egonkor bat sortzea jaso dute, baita generoaren ikuspuntua lantzeko programak prestatzea antzerki eskoletarako, emakumezko sortzaileei pizgarri ekonomikoak eskaintzea eta emakumezko sortzaileen katalogo bat zabaltzea ere.
DANTZA
Ikertzaileak: Igor de Quadra eta Jemima Cano
Txostengileen hitzetan, dantza sektore «feminizatua» da. Adibidez, gehiengoa direlako emakumezkoak dantza ikasketetan, eta andrazkoak dira dantza sustatzeko diru laguntzak jasotzen dituzten gehienak ere. Txostenean agertzen den datuetako bat da Dantzerti Arte Eszenikoetako Goi Mailako Eskolan emakumeen portzentajea askoz ere handiagoa dela gizonena baino: %84 emakumeak, eta %16 gizonak. Ordea, proiekzioan dator desoreka. «[Gizonezkoek] Erraztasun eta aitortza handiagoak dituzte». Eta antzekoa da ondorioa, Sarea antzoki elkartean iaz izan ziren emanaldiak aztertuta. Itxura batean, orekatua dirudi emakumeren bat buru duten proiektuek programaren %46 osatzeak, baina kopurua ez da hain berdinzalea baldin eta gogoan hartzen bada dantza ikasketak egiten dituzten emakumezkoak askoz gehiago direla. Eta lotura izan dezake horrek arte diziplinari buruz gizarteak duen iritziarekin.
Agerikoa da desoreka programaziorako dagoen aurrekontuaren arabera ere. Lekuz-leku jaialdian, esaterako, programazioaren %60 da emakumeren bat buru duen ikuskizunen portzentajea, eta %37,5, aldiz, Dantzaldia jaialdiaren kasuan. Ikusgarritasunean ere nabarmena da aldea. Txostengileek EITB erakunde publikoa hartu dute erreferentziatzat, eta, ondorioztatu dutenez, orokorrean «oso eskasa» izan zen dantzari eskainitako arreta, baina nabarmena da generoaren pisua hor ere: hedabide horiek kontuan hartutako hamar proposamenetik zazpi gizonek gidatuak izan dira.
Prekaritatea da nagusi dantza sortzaileen artean ere, eta txostenak ondorioztatzen du industria ia ez dela existitzen; «Pobrezia horrek emakume aurpegia du». Izan ere, emakumeen kasuan zailtasun erantsiak daudela uste dute adituek. Horregatik, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak sortzeko eskaria egiten du txostenak. Goi mailako ikasketetan genero ikuspegia txertatzea ere proposatu dute.
LITERATURA
Ikertzaileak: Tere Irastortza eta Ainhoa Novo.
«Egun euskal emakume idazleek ez dute lortu gizonezkoek lortu duten arrakasta sozial bera, eta ezin da esan emakumezkoak elkar irakurriz elikatu direnik ere». Azterlanak sektore aldakortzat jotzen du liburugintza, eta, azken urteetan parekidetasunean urratsak egin direla aipatu arren, aintzat hartu beharreko zenbait puntuz ohartarazten du: idazlegai gazteen %68,56 neskak direla eta emakumezko egileen lehen lana ez dela beti argitaletxe batean plazaratzen, adibidez.
Idazleen lanaren inguruan egituratzen den sistemari begiratzen dio lanak. Euskarazko hamar argitaletxe aztertuta, 2017an horietatik hiruk zuten emakume bat editore nagusiaren postuan -gaztelaniazkoetan ere gizonezkoak dira nagusi-. Ardura postuetako zenbakiak «enpresaren %40ak osatzen duen paritate printzipiotik» urruti daudela jaso dute, argitaletxeek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteetan duten ordezkari gehienak gizonak direlako. Argitaletxeetan ez bezala, liburu dendetako langile gehienak andrazkoak dira, hamarretik zazpi.
Liburuen ekoizpenean pilatzen dira datu gehienak: 2017an kaleratutako 581 lanetatik (egile bakarrekoak) %34,1a ziren emakumeek idatziak. Horien artean, andrazko idazleak lan originalen %29,8ren egile dira. Itzulpenetan, kopurua igo egiten da (%44,4), baita haur eta gazteei zuzendutako lanetan ere (%40). Gaztelaniaz eta euskaraz plazaratutako lanak biltzen dira datuotan. Bereiziz gero, ordea, bada alderik: euskarazko literaturak (%42,9) emakume batek sinatutako lan gehiago ditu gaztelerazko literaturak (%21,7) baino.
Lanak dio 1990eko hamarkadaren amaierara arte argitaletxeetan emakumeek zuten presentzia «anekdotikoa» izan dela; eta andrazkoen ikusezintasuna, elkarteen iragazkortasuna eta zuzendaritzetako atmosfera aipatzen dira arrazoitzat. Euskal argitaletxe gehienetan pertsona bakarra egon da editore eginkizunetan, eta hark postua utzitakoan izan dute sarbidea emakumeek; hots, belaunaldi erreleboak ahalbidetu du genero erreleboa.
MUSIKA
Ikertzaileak: Ainara Legardon eta Amaia Ispizua
Musikariak, konpositoreak, diskoetxeak, antzokiak... Txostenaren arabera, oso atomizatuta dago musikaren sektorea. Emakumeek musika sorkuntzan eta ekoizpenean duten lekua xehatzean, sektoreko elkarte askotarikoetan gutxiengoa direla erakusten du. Eta bistakoak dira desorekak musika lanen ekoizpenean ere: 2017ko diskoen %59k gizonen bat daukate egile nagusi; emakumeren bat, aldiz, %9k -%27k egile mistoak dituzte, non emakumeen %31ko ordezkaritza duten-. Ikerlanaren irakurketa: diskoen arloa da emakumeen presentziarik txikiena duenetako bat. Berdintsua da argazkia musika zirkuituan. Emakumeek musika talde mistoetan dute presentzia gehien. Bitartean, musika taldeen %53 gizonez bakarrik osatuta daude, eta emakumez bakarrik, %9. Adar zehatzago batzuetan nabarmenagoak dira desberdintasunak, musika sinfonikoan, adibidez. Esaterako, Euskadiko orkestraren 2016-2017 denboraldian ez zen emakume egile bakar baten lanik jo, eta ez zen emakume batek zuzendutako kontzerturik eman. Orkestra nagusietako langile taldeen herena, aitzitik, emakumeek osatzen dute.
Datuak eskuan, testigantzetan mamitzen da ikerlanaren bigarren partea. Elkarrizketatuek aipatzen dituzten puntuen artean dago, batik bat, emakumezko musikarien eta sektoreko bestelako profesionalen erreferente falta. «Hori gabe, bokazioak betikotuko diren estereotipoetan oinarrituta eraikiko dira». Emakume musikagileek eszena uzten duteneko arrazoiak ere identifikatu dituzte: amatasuna eta ikasgela zein entseatzeko aretotik agertokira arteko jauzia.
Datuak eta lekukotzak biltzeari besteko garrantzia eman diote «adibide inspiratzaileak» jasotzeari. Musikaren alorrean bildutako proposamenen artean daude: aldizkako topaketa ez-mistoak sustatzea, emakumeen lana jasoko duten datu baseak lantzea eta genero ikuspegia barneratuko duten jardunbide egokien materiala osatu eta banatzea.