astekaria 2019/09/20
arrowItzuli

kultura

JON GEREDIAGA

«Naturari buruz idatziz ere garaikide izan zaitezke»

Iñigo Astiz

«Naturari buruz idatziz ere garaikide izan zaitezke»

«Koaderno txikiak bakarrik erosten ditut orain, eta, poema hor sartzen ez bazait, badakit zer edo zer sobera dagoela». Txikiegi iritzi zien, hasiera batean, lantoki duen ikastolan emandako poesia tailerretako ikasleek oparitutako koadernoko orriei, baina, urteekin, poema luzeak idazteari utzi, eta koaderno hartako orriek erakutsi diote jarraitu beharreko bidea Jon Gerediagari (Bilbo, 1975). Kondentsatuz eta gardenduz joan zaio idazkera, eta destilazio horren emaitza du bosgarren liburua: Urtaroak eta zeinuak (Pamiela). Natura da poemen protagonista erabateko eta ia bakarra, baina, Gerediagak onartzen duenez, giza bihotza da benetan hostotza, sasitza eta belardi horien guztien azpian taupaka dagoena.

Heriotzari izkin egiten saiatzeko konjuru gisako bat da liburua, eta berpizkundearen promesa eske jotzen du poetak naturara.

Harrapatu nauzu. Heriotzak, nireak eta maite dudan jendearenak, oraindik ere amorrua ematen dit; ezin dut azaldu, eta ezinegon handia sortzen dit. Eta naturari begiratzeak baretu egiten du hori. Naturan heriotza imajinatzea zaila egiten zait. Irudikatzea, adibidez, unibertso huts bat. Ez dakit nori okurritu zaion ideia hori: unibertsoan bizitza Lurrean bakarrik dagoela pentsatzea. Ezin dut imajinatu hori. Ez dago asun talde bat edo liken ziztrin bat planetaren batean? Goroldio zati bat ere ez? Naturan heriotza erabatekoa ezinezkoa egiten zait, baina, hain zuzen, kontrakoa da bizitza errealean irudikatu ezina dena.

Poemek badute tonu itxaropentsu bat, baina, behin esan zenidanez, ez zenuke nahi irakurleak ahazterik testu horiek minetik sortzen direla.

Askotan gertatzen zait idazteko aldartea sortzen zaidala beheraldi bat pasatzen hasten naizenean, eta, ikusten ez den arren, behar hori dago poemaren atzean. Heriotza presente dagoelako sortzen da itxaropen bilaketa hori poemetan, eta egia hori topatzen dut naturan.

Eta, halere, gizakia da poemen benetako gaia.

Ez dago beste natura posiblerik. Gure hitzak erabiltzen ditugun neurrian, sinboloek osatzen dute poema, eta zeinu horien bidez da posible bizitzan posible ez dena: alegia, paisaiarekin bat egitea, eta giza materia eta natura loturik agerraraztea.

Mark Strand idazle kanadarrak poeta erromantikoei kritikatzen zien naturaren gainetik ni-a jartzea. Erromantizismoaren aurretik, haren ustez, poetek aski zuten paisaia deskribatzea beren barne mundua deskribatzeko. Harekin bat egingo duzu.

Bai. Hain zuzen ere, mendiei harro begiratzen dien gizon ezpatadun hori da nik sobera ikusten dudana Caspar David Friedrichen koadro ezagunean. Gertuago sentitzen dut Friedrich Hölderlin poetaren sentsibilitatea. Haren poemetan natura agertzen da, eta bera ia desagertu. Ez dago super-gizakirik naturaren gailurrean.

«Ez, isildu orain/eguerdiko itzalak eta argiak/jostari dabiltza emeki./ Ez esan besterik». Bitan pentsatu behar, isiltasuna urratzera ausartu aurretik?

Poema horretan beldur handia dago momentua izorratzeko. Hitz egiteko denbora libre gehiago daukagunean eta idazteko espazio gehiago daukagunean, joera dugu berez sinpleak diren eta sinpletasunean ederrak diren gauzak gure begitazio ilunekin izorratzeko. Eguerdia zen, bazegoen argi polit bat jostari hormetan, eta esan nion neure buruari: «Ez hasi orain pentsatzen hau gero hondatuko dela, eta etorriko dela heriotza, eta...». Ez, ez. Esan hori, eta ez esan besterik.

Poemetan ez dago ez autorik, ez telefonorik, ez betaurrekorik, ez halako elementurik ere. Aitzur bat, gehienez ere. Denboraz gaindi joatea da asmoa?

Artxandan bizi naizen arren, urbanita bat naiz, Bilbon ematen dut denbora asko, betaurrekoak ditut, eta baita auto bat ere, baina badu horrek denak lasaitasuna kentzen didan zer edo zer, eta batzuetan lasaiago nabil mitoaren lengoaian. Zailtasun gehiago ditut eguneroko prosara moldatzeko. Ondo pasatzen dut hor ere, baina pentsatzen dut poesia idazteko momentua oso une pribilegiatua dela, eta hor agertzen diren elementuak beste batzuk dira: hor dauden eta beti hor egon diren elementuak dira.

Poemetan erabiltzen duzun hiztegia erabil zezaketen XII. mendean edo XVIII. mendean ere, baina zuk gaur egun egiten duzu hitz horiek idazteko hautua. Zarataren eta abiadaren aurkako babesleku bat da poesia?

Giza harremanei buruz esan daitekeen gauzarik korapilatsuena ere, ziur aski, Hesiodo eta Homeroren garaitik egongo da jadanik idatzita. Eta irakurtzen baduzu Du Fu edo Wang Wei, edo baita Euskal Herriko kopla zahar bat ere, hor agertzen dira gauza oso konplexuak giza harremanei buruz eta naturari buruz, eta guztiz garaikideak dira. Ez dago zertan Internet aipatu garaikide izateko. Aipatu daiteke, eta poema hunkigarriak idatz daitezke horrela ere, baina garaikide izan zaitezke ere naturari buruz idatziz eta mitoen hizkuntza erabiliz. Mitoak klasikoak dira, eta mito izatera iritsi dira benetan axola duten gauzei buruz hitz egiten dutelako. Andres Ortiz Osesek badu aforismo bat oso polita horri buruz: «Mitoa da kontu bat kontatzen duena kontatzen duena».

Gaston Bachelarden gogoeta bat ere badakar liburuaren lehen orriak. «Mundua miretsia da, konprobatua izan baino lehen». Lilura horren apologia etengabea da liburuan.

Hasten garenean izarrei begira, eta seinalatzen konstelazio hau edo hura, iruditzen zait ari garela kartografiatzen eta taxonomizatzen zerbait berez hor dagoena, harrigarria dena eta txiki sentiarazten gaituena. Gizakiaren ohiko joera da hori. Eta Bachelardek horri erantzuten dio, gogoraraziz elementu horiek guztiak amets egin dezagun eman zaizkigula, eta hori dela benetan inportantea. Nik Bachelarden ametsekiko errespetu hori gehiago eskertzen dut astronomoen lana baino, nahiz eta, seguru, astronauta batek nahiago duen astronomo baten mapa.

Kultuko poeta zarela esango nuke. Baduzu egiten duzunaren oso zale den jendea, baina urria da egiten duzunaren oihartzun soziala. Nola daramazu hori?

Esango banizu guztiz konforme nagoela inolako notiziarik ez jasotzearekin, gezurra esango nizuke. Ia ez dut feedbackik jasotzen, eta oso gutxi dira liburua irakurri dutela esaten didatenak. Askoz ere ohikoagoak dira bestelako komentarioak: «Ea noiz idazten duzun gazteleraz»; «Ea irakurtzen dudan»; «Poesia oso zaila egiten zait». Halakoak pila bat jasotzen ditut, eta nahiago nuke liburuari buruzkoak gehiago izatea. Baina ez nau deprimitzen, eta, batez ere, horrek ez du aldatuko poesiarekin dudan harremana. Ez dit idazteko beharrik kentzen.

BERRIAn argitaratua (2019/09/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA