astekaria 2019/09/20
arrowItzuli

ekonomia

HIPOTEKAK, FINKOETARA BEGIRA

Lander Muñagorri Garmendia

HIPOTEKAK, FINKOETARA BEGIRA

Euriborrak behea jo du, baina oraindik ez du hondoa ukitu. Hiru urte dira hipoteka mailegu aldagarrien erreferentzia nagusia negatiboan dagoenetik, eta uda honetan minimo historikoetara iritsi da, abuztuko batez besteko -%0,356koarekin. Otsailaz geroztik behera besterik ez du egin Euriborrak, eta ez dirudi hurrengo hilabeteetan gora egingo duenik, are gutxiago Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak aste honetan esan ondoren interes tasa ofizialek zeroan jarraituko dutela inflazioa %2ra gerturatu arte.

Aldaketa handirik ez badago, iraila beste minimo historiko batekin amaituko du maileguak kalkulatzeko tasarik erabilienak, atzora arte batezbestekoa -%0,373ra jaitsi zelako. Gustura hartuko dute albistea hipotekaren berrikuspena daukaten herritarrek, egoera horretan diru gehiago aurrezten ari baitira.

Ariketa egin daiteke, esaterako, hogei urterako 120.000 euroko hipoteka kontratatua duten herritarrekin. Berrikuspena balio horiekin egingo balitz —Euribor +%1—, iaz baino hamalau euro gutxiago ordainduko dute hileroko kuotan; hau da, hipoteka ordaintzera urtean 168 euro gutxiago bideratu beharko lukete. Aldeko haizea daukatela esan daiteke, beraz.

Finantza erakundeen egoitzetan, ordea, bekoki ilunagoak dituzte. Kontratatutako hipoteken truke interes gutxiago kobratzen baitituzte, eta historiako Euribor txikienaren aurrean zer egin aztertzen ari dira. «Duela hamar urte esan izan balidate Euriborra negatiboan egongo zela, afaria jokatuko nuen ezezkoagatik; orain, ordea, badirudi are gehiago jaitsiko dela, -%0,45eraino diote iturri batzuek». Ricardo Agirre Laboral Kutxako finantza produktuen arduraduna da, eta testuinguru horrekin jokatzen ari dira aurreikuspenak egiteko. Alegia, irabaziak izateko tartea gero eta txikiagoa daukate finantza erakundeek. Horiek horrela, interes tasa finkoko hipotekak indarrez bultzatzen ari dira.

Ipar Euskal Herrian oso ohikoak izan dira beti hipoteka finkoak, baina Hego Euskal Herrian oso merkatu txikia izan dute, 2016ra arte. Urte horretan, Euriborra lehen aldiz negatibora jaitsi zenean, interesak bermatze aldera hipoteka finko erakargarriagoak eskaintzen hasi ziren finantza erakundeak. Esaterako, gaur egun 30 urterako %2 inguruko interesak eskaintzen ari dira bulego batzuetan. Kontuan hartu behar da krisia hasi aurretik, 2008an, Euriborra %5,39koa ere izan zela, eta hipoteka aldagarriak dituztenek egun dirua aurrezten ari badira ere, erreferentzia orduko mailara iritsiko balitz, ordaindu beharrekoa biderkatu beharko luketela. Horregatik, orain hipoteka finkoa inoiz baino produktu erakargarriagoa bihurtu da.

Finkoen gorakada

Erakargarritasun horren jakitun dira bezeroak, eta joerari heldu diote: urteko lehen hiruhilekoan Hego Euskal Herrian sinatutako hipoteka berrien laurdenak finkoak izan dira; 2015ean %5 inguru baizik ez ziren. «Egia da eskaintza oso erakargarriak daudela orain hipoteka finkoetan, eta pentsatzeko modukoa da». Agirrek dioenez, Laboral Kutxa gaur egun ez da hipoteka finkoen eta aldakorren aldeko apustu garbirik egiten ari, baina, finantza merkatuaren ahalegina finkoen eskaintzara indartzera doanez, bezeroen artean joera hori sumatu dute. Ekainetik bikoiztu egin zaizkie hipoteka finkoa kontratatu dutenen kopurua, eta gaur egun sinatzen ari diren hamar hipoteketatik lau era horretakoak dira.

Kreditu kooperatibak egin duen azken eskaintza hipoteka mistokoa da, lehen hamar urteetarako tasa finkoekin, eta hurrengoetan aldakorrak: tasa finkoa %0,99an daukate, eta Euriborra +%0,99 hurrengo urteetarako. Hala ere, hipoteka hori lortzeko baldintza batzuk bete behar ditu bezeroak: soldata eta txartela bankuarekin izatea, etxeko eta bizitza asegurua eurekin kontratatzea, eta pentsio plana zabaltzea. «Hala ere, malgutasuna daukagu, eta bezero bakoitzari egokitzen zaion eskaintzak egiten ditugu».

Kutxabankek ere lekua egin die tasa finkoko hipotekei, «gaur- gaurkoz oso lehiakorrak direlako», bankuko iturrien arabera. 25 urterako %2,2ko interes finkoko produktua daukate merkatuan, baina horretarako soldatak bankuko kontu korrontean jaso behar ditu bezeroak, pentsio osagarrien plan bat kontratatu behar du erakundearekin, baita etxe asegurua ere. Laboral Kutxatik azaldu bezala, eurak ere malguak direla diote, eta baldintza horiek aldatu daitezkeela nabarmendu dute.

Gordailuengatik kobratu?

Interes tasen jaitsiera ez da soilik Euskal Herrian eta eurogunean gertatzen ari. Horren lekuko da Danimarkako Jyske Bank erakundeak abuztuan egin zuen eskaintza: etxebizitza bat erosi nahi duten bezeroei hamar urterako -%0,5eko interesak jarri dizkie mahai gainean. Alegia, hipotekadunak maileguaren truke interesak ordaindu beharrean, bankuak berak pagatuko dio bezeroari. Beste era batera esanda, errentagarritasuna ematen duen kontu korronte bat kontratatzea bezala izango da. Baldintza hori lortzeko bankuarekin produktu gehiago kontratatu behar dira, baina egia da ere orain arte ikusi gabeko hipoteka bat badela.

Hego Euskal Herrian, gaur-gaurkoz, halakorik ez litzateke posible izango, ekainean Espainiako Gorteek onartutako hipoteken legeak ez baitu halakorik baimentzen. Euriborra eta bankuarekin hitzartutako diferentzialaren batura negatiboa izango balitz, %0ko interesa ezarriko litzaioke hipotekari.

Dena den, Danimarkako bankuaren eskaintza hori ikusita, alderantzizko mundu bat dela pentsa dezake batek baino gehiagok. Horri gehitu behar zaio, gainera, zor publikoaren errentagarritasuna balio negatiboetan dabilela Espainian, Frantzian, Alemanian eta beste herrialde batzuetan. Hau da, orain arte bonu publikoetan inbertitzen zuenak ez dituela irabaziak izaten, galerak baizik. «Aurrezteagatik ordaindu behar izatea eta zorpetzeagatik kobratzea, hori ulertuko duenik ez dago; ikusi beharko da etorkizunean zer gertatzen den, egoera berria baita eta inork ez daki egoera hau luzatzen baldin bada zer eragin izango duen».

Ikusteko dago egoera horrek etorkizunean erabiltzaile arruntei eragingo ote dien. Izan ere, bankuek zor publikoan inbertitzeagatik ordaindu behar badute, eta hipoteken truke gero eta interes txikiagoak jasotzen badituzte, negozioa txikitu egingo zaie. Eta esan ohi denez, bankuak ez du sekula galtzen. Alegia, irabazia nonbaitetik lortu beharko dutela. Beraz, horretara iritsita, erabiltzaile askok egingo duten galdera litzateke hau: aurreztutako dirua bankuan edukitzeagatik pagatu beharko da etorkizunean? Norbanakoen kasuan legeak ez du aukera hori baimentzen, baina enpresen kasuan, bai. Hegoaldeko finantza erakundeek ez dute aukera hori espero, baina Agirrek garbi esan du: «Ematen ditugun maileguen truke dirurik jasotzen ez badugu, orduan irabazia beste nonbait lortu beharko dugu».

Komisioen gorakada

Oraingoz, betiko errezetei heldu diete mozkinak egiteko: komisio gehiago kobratzen ari dira, eta gastua murrizten ari dira. Urte hasieratik ekainera arte, Espainiako sei banku handienek komisio gehiago bildu zituzten. Inbertsio funtsei eta pentsioei ezarri zizkioten komisio horiek, eta horrek ahalbidetu zien irabaziak izaten jarraitzea.

Bulegoak ixtea eta lantaldeak txikitzea dira gastuak murrizteko tresna nagusiak. Hego Euskal Herrian gutxi gorabehera hiru bulegotik bat itxi dute azken hamar urteetan. Kopuruak are handiagoak dira Espainian: Espainiako Bankuaren arabera, 2008. urtean 45.579 banku bulego zeuden bere kontrolpeko eremuan, baina 25.886 baizik ez ziren geratzen aurtengo martxoan.

Kopuru hori gehiago jaitsiko da datozen hilabeteetan, Santanderrek itxiera saldo bat iragarri duelako. Hego Euskal Herrian, berrogei inguru izango dira. Antzeko kopuru bat, 37 bulego, itxi zituen Caixabankek bere azken birmoldaketan, eta 173 langile kendu zituen.

BERRIAn argitaratua (2019/09/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA