astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

kultura

Azken kafea Maria Luisarekin

Pako Aristi

Azken kafea Maria Luisarekin Pako Aristi

Bi pertsona mota aurkitzen ditu bere aurrean bizitzan zerbait ezberdina egin nahi duen orok: lagunduko diotenak, oztopo guztien gainetik, eta desanimatuko dutenak, oztopo guztiak nabarmenduz. Biak zeuzkan etxean Kontxu Odriozolak, eta hala behar du, agian, gure zaletasunik intimoenak gauzatzeko norbaiti kontra egin beharrak indartu egiten baikaitu. Gaurko ume epel-hezien ondoan, lehengo umeetatik nortasun handiagoko pertsonak sortzen zirelakoan nago, eta Kontxu zen adibide borobila. Hona bere gogoeta: «Eskolaz aparte bizitzak beste eskola bat ematen dizu. Aktore bat ikusten dudanean eskolan bakarrik ibilitakoa, txiki-txikitatik bere etxean sufritu ez duena, hankamotz izango da pertsonaje bat egiteko orduan, benetakotasuna faltako zaio, indarra, sakontasuna».

Felix bere aita izan zuen aldeko indarra. Margolaria eta tailagilea, Azpeitiko talde amateurrentzat dekoratuak egiten zituen. Bere eskutik eramaten zuen Kontxu ttikia entsaioak ikustera, isilik egoteko aginduz. Ama Ramona aurkako indarra, emakume praktikoa, antzerkia txorakeria zela esaten ziona, alferren kontuak. «Hemen benetako lana egin behar din, alpargatak josi baike, zeozer baina dirua ematen duena».

Kontxu ameslaria zen, sentimentala, bere aita bezala, baina amak erakutsitako lurrean egote hori ere praktikatzen zuen, eta nola gainera! Bere ofizioa duintasun osoz jantzi nahi zuen, eta ez zen moztuko duintasun horren gutxiespen zitezkeen egoerak salatzen, nahiz eta, ETBren kasuan, jatekoa eman zion urte askotan. «Kameraren menpe gaude. Aktoreak garrantzitsuak bagina, makinak gure arabera mugituko lirateke, baina ez, gu ari gara makinak zerbitzatzen, eta horrek asko izorratzen nau. Dena mekanikoki egiten duzu eta faltsua geratzen da. Hori da telebistaren morrontzetako bat». Beste morrontza: produktorak erabakitzen duela zure pertsonaiak jarraituko duen edo ez. Bestea: telesailaren aurpegiak aktoreak izan arren, negoziazio orduan indar gutxiena daukana izatea, lan beharrean dagoena beti ahulagoa baita lana eskaintzen duena baino. Hau zen duintasunaren esanahia Kontxurentzat: oreka bat aurkitzea zure beharren eta zor zaizun errespetuaren artean.

Gerra askotatik baitzetorren Kontxu, gogorrena Azpeitian izandakoa ikastola sortu zenean, euskara batua zela eta etxez etxe bere aurkako kanpaina egin zuten guraso haiena. «Azpeitia zen mundu bat beti borrokan ibili behar zenuena, ni gaixotzeraino iritsi nintzen». Zer zeukan Azpeitian emakume ameslari batek? Hiru errepresio mota, basati eta gupidagabe: frankismoarena, matxismoarena eta erlijioarena. Itolarria. «Herri hartan nik dena falta nuen, baina pentsatzen nuen beste mundu batzuk bazeudela».

Mundu hits hartatik ihes egiteko antzerkia izan zuen salbabide, antzerkia bizitzaren edergarri, guri eskaini ziguna gurea ere edertuz. Kontxuk, izan ere, ez zuen famatua izan nahi, zoriontsu baizik. Ez da gauza bera. Jaurlaritzak Antzerti deituriko antzezle eskola ireki zuenean agertu zitzaion sufien tradizioan Shangri-La deitzen duten ate ospetsua, bizitzan behin agertzen dena zure aurrean eta pasabide indibiduala daukana.

36 urte zeuzkan, lana, senarra, hiru ume, ama etxean. «Imanol —galdetu zion senarrari—, nire soldatarik gabe bizi al gintezke?». Kontuak egin zituen gizonak: «Estu, baino bai!». Horixe da amodioa. Kontxu inoiz ez zen damutu ikastola utzi izanaz. Antzertin zoratzen zegoen. «Hau dek mundu apasionantea eta ederra, ea hauxe den nire lekua, asmatu izango dut», esaten zuen berekiko. Eta asmatu egin zuen, bai.

Azkenean biak lortu zituen, zoriona eta fama; zoriona, nahi zuena egin zuelako, eta fama, ikusleoi asko gustatu izan zitzaigulako bere lana. Pertsona zoriontsu batek zoriontsu egiten dituelako bere inguruko guztiak ere. Horixe da amodioa, Kontxuk dohain eskaini ziguna.

BERRIAn argitaratua (2016/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA