gizartea
Zabalgarbi inguruko arrautzen «arriskuaz» ohartarazi dute nazioarteko toxikologoek
Iñaki Petxarroman
Inguruko lurzoruetan topatutako dioxina kutsaduraren ondorioz, ToxicoWatch fundazioko toxikologoek uste dute Zabalgarbi (Alonsotegi, Bizkaia) errauste plantaren inguruko etxaldetako arrautzetan azterketak egin beharko liratekeela. Zubietako erraustegiaren inguruko etxalde eta baserrietan arrautzak aztertzen hasi dira fundazio horretako kideak, Zubieta Lantzen herri elkarteak eskatuta. Urrian probatzen hasi nahi duten erraustegiaren kutsadura neurtu ahal izateko laginak jaso dituzte aste honetan, eta hurrengo urteotan jarraituko dute lan horretan, kutsaduran zer gorabehera izaten den ikusteko.
Horretan aritu diren adituetako batek, Abel Arkenbout toxikologo herbeheretarrak, Zabalgarbi inguruko lurzoruetako kutsadura datuak ere aztertu ditu, BERRIAk eskatuta, eta ohartarazpen hau egin du: «Inguruko lurzoruetan dauden kutsadura datu horiek ikusita, ondorioa da arazo serioak egon daitezkeela kanpoko oiloen arrautzetan».
Bizkaiko Hiri Hondakinen Balorizazio Plantaren inguruko ur, landare eta lurraren kalitateari buruzko 2018ko azterketen arabera, zortzi guneetatik bitan gutxienez gainditu zen Alemaniako araudiak erabilera orotako lurretarako ezarritako dioxina kutsadurarako muga. 2018ko lehen seihilekoko txostenean, zortzigarren gunean atzeman zuten kutsadurarik handiena, 12,8 pg-EQT (pikogramo baliokide toxiko) neurtu baitzuten. Alemaniako araudiak 5 pg-EQTko langa jarri die lurzoruei egokiak diren edo ez erabakitzeko. 2018ko bigarren neurketan, berriz, bi gunetan gainditu zen langa hori: laugarren gunean (6,78 pg-EQT) eta zortzigarren gunean (7,29 pg-EQT).
Arkenboutek aipatu du Alemaniako gobernuarentzat lan egiten duen toxikologo batek eta beste aditu batzuek egindako azterlan bat (Kutsadura iturrietatik gertuko arrautzetan aurkitutako PCDD/F, PBDD/F eta PCB maila altuek erakusten dute lurzoruei buruzko arauak berrikusteko beharra). Haien arabera, gramo bakoitzeko 5 pg-EQT-ko kutsadura gainditzen duten lurzoruetan ibiltzen diren oiloen arrautza guztiak «pozoituta» egongo lirateke, eta «guztiz arriskutsuak» lirateke kontsumitzeko.
Azterlan horretan Txinako eta Alemaniako bi enpresa kutsatzailetik gertuko etxaldetako arrautzak aztertu dituzte, eta adierazi dute lotura zuzena dagoela lurzoru horretan ibiltzen diren oiloen arrautzetako toxikotasunaren eta lurreko kutsaduraren artean. Hala diote, azterlaneko paragrafo batean: «Lurzorutik oiloaren arrautzarakoa da, segur aski, PCB (bifenilo polikloratua) eta PCDD/F-etarako (dioxinak) lurretik gizakiarengana iristeko esposiziorik sentikorrena». Adituen arabera, gobernuek handitu beharko lituzkete ikerketak eta zorroztu kutsatuta egon daitezkeen elikagai horiek jateko baldintzak. «Kutsatutako arrautzak jaten dituzten pertsonek, eta bereziki ume txikiek, esposizio maila oso handiak izan ditzakete, eta erraz gainditu ditzakete osasun irizpideak».
Azterketak landareetan
Zabalgarbi inguruan ez dute neurtzen arrautzetan zer eragin daukan kutsadurak. Tecnaliako adituek egindako txosten horretan bai hartu dituzte laginak landareetan; hots, belar, sasi eta pinu, eukalipto eta limoiondo hostoetan. Eta horietan ere ikusten da handitzen ari dela dioxina kutsadura errauste planta horren inguruko landareetan ere. Adibidez, bigarren seihilekoko txostenean jasotako emaitzen arabera, Zabalgarbin martxan jarri denetik izan den batez besteko kutsadura maila baino handiagoa topatu dute dioxina eta furanoetan bost gunetan. Beste hiru gunetan (bigarren, hirugarren eta zazpigarrenean), gainera, planta martxan denetik kutsadurarik handienetakoa topatu dute, 95 pertzentilaren gainetik: 3,19 mg/kg PS, 4,08 mg/kg PS eta 4,25 mg/kg PS.
Txosteneko egileek, hala ere, ohartarazi dute, Zabalgarbi ez ezik, badirela beste kutsadura iturri posible batzuk ere inguruotan. Dioxina kutsadura ez ezik, txosten horren datuei erreparatuta, ikusten da hainbat metal astunen kontzentrazioa ere handitzen ari dela azken urteotan inguruotan, bereziki artsenikoa, manganesoa eta kobrea.