astekaria 2019/09/13
arrowItzuli

gizartea

Justiziak banalizatuta

Maite Asensio Lozano

Justiziak banalizatuta Maite Asensio Lozano

Izan beharko luketenetik urrun daude maiz epaiketak. Justiziazko erabakiak hartzeari burokrazia eta lehia gailentzen zaizkio sarri: alde bakoitzak berea defendatzen du, edozein dela tresna, argudioa edo bidea. Eta, hala, auzi saioak ikuskizun bihurtzeko arriskua areagotzen da. Sentsazio hori utzi du egunotan Stytianos Messinezisen aurkako epaiketak. Sara Majarenas euskal preso ohiaren bikotekide izandakoa Valentziako Probintzia Auzitegian epaitu dute, Izar alaba hiltzen saiatzea eta amari lesio psikikoak eragitea egotzita. Auziaren protagonismo osoa, baina, defentsa abokatuak bereganatu du: lehen saioan batez ere, tesi zentzugabe eta azalpen korapilatsuetan trabatuta jardun zen, lekukoak erasokor tratatu zituen, eta epailearen errieta bat baino gehiago jaso zuen, besteak beste, auzia Majarenasen iraganarekin nahasteagatik eta ETArekin lotutako galderak egiteagatik. Epaiketa zirku bihurtuta, indarkeria matxistatik erabat aldendu zuen arreta; estrategia hori behintzat ondo atera zitzaion.

Baina bortizkeriaren mekanismoak aztertzeko interesgarria da Majarenasen eta alabaren aurkako erasoa, ez baita indarkeria matxistaren kasu ohiko bat. Batetik, bikote harremana kartzelak erabat baldintzatuta garatu zelako: biak preso zirenean hasi zuten erlazioa, egoera horretan erabaki zuten guraso izatea, eta amarekin espetxean hazi zuten Izar, aita kanpoan zela. Bestetik, Izarren kontrako erasoaren aurretik ez zelako tratu txar fisikorik izan Majarenasen edo haurraren aurka, baina preso ohiak bortizkeria psikologikoko egoerak deskribatu ditu epaiketan.

Izan ere, Majarenasen testigantzak agerian utzi du zein sotilak, konplexuak eta perbertsoak izan daitezkeen botere harremanen formak, eta zein krudelak askatasunez gabetuta daudenentzat. Bikotekideak zigortu egiten zuela azaldu du Majarenasek: «Hilabeteak egin zitzakeen deitu edo bisitan joan gabe; gero barkamena eskatzen zidan, eta nik justifikatu egiten nuen». Testuinguru osoa eduki gabe, presoarentzat zailagoa zen ulertzea zer gertatzen ari zen, baina sumatzen zuen «nagusitasunez» ari zela gizona, eta kezka eragin zioten seinaleak antzeman zituen: «2016ko azarotik aurrera, gero eta ohikoagoak izaten ziren bere haserrealdiak, etsaitasunez tratatzen ninduen».

Antzeko egoeran dauden emakumeentzat lagungarriak izan daitezke Majarenasen hitzak, baita egoera horiek epaitu behar dituztenentzat ere —biktimak birbiktimizatzen dituzten eragile juridiko zein sozial guztientzat—: identifikatzen zaila da indarkeria, ia naturaltzat dutelako bortxa egiten eta pairatzen dutenek; oharkabean joaten dira xantaiak eta gutxiespenak, eta ohikoa izaten da susmoak eta zantzuak minimizatzea, garrantzia kentzea, ukatzea. Baina emakume batek jasandakoaz hitz egiten duenean, bortizkeriaren mekanismoak ulertzeko giltzarriak ematen dizkie besteei; horregatik da garrantzitsua haien ahotsa gizarteratzea, izan hedabideetan, izan auzitegietan, eta ahots hori errespetatzea, sinestea.

Horretaz guztiaz, ordea, gutxi hitz egin da epaiketan. Espektakularizazioaren bidean, arinkeria handiz mintzatu da defentsa abokatua bortizkeriaz: maitasunarekin eta pasioarekin lotuz, Majarenasen sendiari «presio» egitea leporatuz, alabaren aurkako erasoa espetxe baimenak lortzeko modua izan zitekeela iradokiz... Estrategia horiek iraungita daude, baina arriskutsuak dira, ez dutelako laguntzen pedagogia egiten, ez dutelako mezu bidezkorik gizarteratzen, eta ez dutelako emakumeen duintasuna eta osotasuna babesten. Indarkeria matxistak ez luke ikuskizun izan behar, baina, oraindik ere, banalizazioa justizia patriarkalaren parte da.

BERRIAn argitaratua (2019/09/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA