astekaria 2019/09/13
arrowItzuli

politika

Arriskua pribilegio bihurtuta

Edurne Begiristain

Arriskua pribilegio bihurtuta

Militarizazio handiko herrialdea da Euskal Herria. Europako polizia dentsitaterik handienetakoa du: polizia bat 165 biztanleko. Beste modu batera esanda, sei polizia 1.000 biztanleko. Zifra horiek txiki uzten dute Europako Batasunak gomendatutako ratioa: bi polizia 1.000 biztanleko. Euskal Herrian, gainera, kolore guztietako poliziak daude: Espainiako Polizia eta Guardia Zibila; Frantziako Polizia eta Jendarmeria; eta Ertzaintza eta Nafarroako Foruzaingoa. Horiei gehitu behar zaizkie Espainiako eta Frantziako zerbitzu sekretuetako kideak.

Polizia kopuruak eta indar armatuen presentziak lotura zuzena daukate gatazka politikoarekin. Euskal Herrian dauden polizia guztiek dituzte eskumenak -Foruzaingoak eta udaltzainek izan ezik- «terrorismoarekin» loturiko gaietan. ETAk jarduera armatua behin betirako laga zuenetik zortzi urte pasatu dira,eta urtebete erakunde gisa desegin zenetik; eta, Euskal Herrian dauden Espainiako segurtasun indarren kopuruak apur bat behera egin badu ere, «ETAren mehatxuagatik» jasotzen dituzten laguntzak eta pizgarriak ez dira murriztu. Poliziek eta guardia zibilek arrisku plus bat kobratzen dute oraindik Hego Euskal Herrian egoteagatik. ETAren indarkeria desagertuta ere, salbuespenezko neurria ez da desagertu.

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 30 urte luze daramatzate lansari gehigarri hori jasotzen; 1986tik ordaintzen zaie aparteko lansari bat Euskal Herrian jarduten duten Espainiako segurtasun indarretako kideei. 1980an hartu zuten neurria, Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidentea zela. ETAren mehatxua zela-eta, polizia eta guardia zibilentzat Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan lan egitea «arriskutsua» zen, eta bertan egoteagatik nolabaiteko «ordaina» merezi zutela erabaki zuen Suarezen gobernuak. Handik bi urtera, Felipe Gonzalezen gobernuak neurria indarrean sartu zuen, eta lege dekretu baten bidez zehaztu zituen lansarien diru kopuruak eta horiek jasotzeko baldintzak. «Lurraldetasun osagarria» izenarekin bataiatu zuten diru gehigarri hori. «Arrisku gunean» egoteagatik jasotako gehigarri gisa ere ezagutzen da.

Gaur egun, Euskal Herrian dauden Espainiako segurtasun indarretako 6.579 agenteek kobratzen dituzte gisa horretako pizgarriak. Datuok Espainiako Gobernuak egin ditu publiko, EH Bilduk Kongresuan zein Senatuan egindako hainbat galderari erantzunez. Espainiako Barne Ministerioa arabera, 2016an arrisku plusak jasotzen zituzten 1.919 poliziek, 3.869 guardia zibilek, eta Espetxe Erakundeetako eta beste erakunde batzuetako 970 funtzionarioek. Batez beste 653 euro kobratzen dute hilero horregatik. Urtean 50 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu gobernuak lansari horiek ordaintzera.

Arrisku plusa jasotzeaz gain, segurtasun indarrek bestelako abantailak eta pizgarriak ere izaten dituzte Euskal Herrian lan egiteagatik. Soldata gehigarriak ez ezik, «atsedenerako baimen egun bereziak» ere badituzte Euskal Herrian dauden poliziek eta guardia zibilek. «Atseden psikologikoa» esaten zaio oporraldi horri. Urtero, gainera, 11 opor egun gehiago dituzte, baita gai propioetarako baliatu ditzaketen beste hiru jai egun ere. «Euren lanaren ezaugarri eta baldintza bereziengatik» daukate jai egun horiez gozatzeko aukera, Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera. Guardia zibilen kasuan, Meritu Ordenaren Gurutzea irabazteko «lehentasunezko eskubidea» ere badute Euskal Herrian gutxienez hiru urte lanean baldin badaude.

2010ean baino gehiago

EH Bilduk lansari horri buruzko argibideak eskatu dizkio hainbatetan Espainiako Gobernuari, eta, emandako datuei erreparatuta, ondoriozta daiteke gaur egun Euskal Herrian dauden poliziek eta guardia zibilek diru gehiago jasotzen dutela «arriskuagatik» ETA jardunean zegoenean baino. Kontuan hartu behar da Espainiako polizia indarretako kideen kopurua %22,6 murriztu dela azken hamar urteetan: 2010. urtean baino 1.523 kide gutxiago dagoela egun. Ordea, polizia horiei ordaindutako lansari gehigarrien kopurua ez da neurri berean jaitsi: 2012an, 52 milioi inguru bideratu zituen estatuak horretara, eta 2015ean, 48 milioi inguru.

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak uste du «zentzugabekeria» dela ETAk jarduera armatua utzi ondotik estatuak gehigarri hori ordaintzen segitzea. Iñarrituk «onuratzat» jo ditu lansari horiek. «Garai batean diru kopuru horiek ordaintzeko erabili ziren arrazoiak nabarmen aldatu dira ETA desagertu delako, baina ordainketak ez dira desagertu. Egungo errealitate berrian zentzurik ez dauka onura eta pribilegio horiek mantentzeak», salatu du.

EH Bilduko diputatuaren irudiko, aparteko lansarien gaiak bestelako eztabaida bat ezkutatzen du: Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Hego Euskal Herrian duten presentziaren ingurukoa, hain justu. «Arazo nagusia da estatuko segurtasun indarrek Euskal Herritik joan behar dutela. Batetik, hala eskatzen duelako gizartearen gehiengo batek, eta bestetik, haien egitekoak betetzen dituztelako Ertzaintzak eta Foruzaingoak, polizia integral gisa». Erkidegoetako polizien eskumenetan esku hartzea eta gastuak bikoiztea dakar Estatuko Segurtasun Indarrak mantentzeak, Iñarrituren ustez.

EH Bildukoak gogoratu du Foro Sozialak ere antzeko gogoeta bat egin zuela duela hilabete. Polizia kopurua murriztu izana aurrerapausoa dela esan zuen, eta nabarmendu «modu naturalean» eta «eztabaidarik eragin gabe» apaldu dela Espainiako polizia indarren presentzia. Foro Sozialak 2013an egin zituen hamabi gomendioetako bat da Espainiako indar polizialen presentzia murriztea. Zehazki, honela dio hamargarren gomendioak: «Estatuaren segurtasun indar eta kidegoen kopurua eta eginkizuna birdimentsionatzea gomendatzen dugu, eta errealitatera moldatzea. Halaber, segurtasun indar eta kidegoen gaineko kontrol mekanismoak indartu behar dituzte erakundeek eta gizarte zibilak».

Eztabaida horri heldu artean, baina, Iñarrituk beharrezkotzat jotzen du bestelako «abantailak» kentzeko pausoak ematea. «Espainiako indar polizialek Euskal Herrian jarraitzen duten bitartean, tokiz kanpo dago arrisku plusak ordaintzen jarraitzea».

Poliziak eta PP, aurka

Arrisku plusak indarrean mantenduko diren, ordea, ikusteko dago. Espainiako Gobernuak jakinarazi du ordainsari horren inguruko «berrikusketa sakona» egiten ari dela, Poliziaren eta Guardia Zibilen sindikatu eta elkarteekin batera, nahiz eta ez duen argitu gehigarria kentzeko asmoa duen.

Nolanahi ere, eztabaida eta polemika mahai gainean daude. Gaia lehen lerrora ekarri du, zeharka, Espainiako polizien eta guardia zibilen soldaten inguruko eztabaidak. Izan ere, Kataluniako mossoen soldatekin parekatu nahi dute eurena Espainiako poliziek, eta, Espainiako Gobernuaren eskariz, Ernst&Young aholkularitzak azterketa bat egin du neurri horren egokitasunaz. Azterketa horrek dio, besteak beste, Euskal Herrian «errealitate berri» bat dagoela, eta zalantzan jarri du bertan lanean ari diren segurtasun indarrek arrisku plusa kobratzen jarraitzea. Aholkularitzak dio Katalunian dauden polizien eta guardia zibilen lansaria handitzeko aukera legokeela soldata gehigarri hori kenduz gero.

Txosten horrek hautsak harrotu ditu Euskal Herrian dauden Espainiako polizien artean. Polizia eta guardia zibilen sindikatuek adierazi dute ez dutela onartuko euren lan baldintzak okertzea, eta gobernuari ohartarazi diote aparteko ordainsaria kenduz gero Euskal Herritik alde egingo dutela. ETA desagertuta ere «arriskuak» ez direla desagertu, ezin dutela bizitza normala egin, baztertuta daudela eta beldur direla. Horixe argudiatu dute lansari gehigarria kobratzen jarraitzeko.

Poliziaren sindikatuek ez ezik, PPk ere oharra bidali dio PSOEren gobernuari: ordainsari gehigarria kenduz gero poliziak eta guardia zibilak «arrapaladan» ihes egingo luketela Euskal Herritik, eta horrek mesede baino ez liokeela egingo ezker abertzalearen estrategiari. Amaia Salanueva Navarra Sumako senatariak gaiari buruko argibideak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Ekinbide batean adierazi du beharrezkoa dela Euskal Herrian dauden estatuko poliziek soldata gehigarria jasotzen jarraitzea, «arriskuan» bizi direlako eta «mehatxuak» jasotzen jarraitzen dutelako.

Iñarrituk ez du zalantzan jartzen arriskuan daudela, baina uste du poliziaren ogibidearen «berezko ezaugarria» dela, eta ezin dela Euskal Herriko egoerara mugatu. Hala ere, aldaketarik ez du espero epe laburrean: «Polizia eta Guardia Zibilaren sindikatuak eta zenbait lobby Espainiako Gobernuari presio egiten ari zaizkie neurri horiek manten ditzaten».

Soldatetatik haragoko auzia

BERRIAn argitaratua (2019/09/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA