astekaria 2019/09/13
arrowItzuli

kultura

Iruña-Veleia ez da pelikula bat

Iñigo Astiz

Iruña-Veleia ez da pelikula bat Iñigo Astiz

Edo erruduntasun aitorpen bat. Edo piezak faltsutu ziren momentua erakusten duen bideo bat. Edo zeramikan euskarazko inskripzioak nola egiten ziren bertatik bertara ikusi zuen norbaiten lekukotza eztabaidaezina. Edo, alderantzizko norabidean, piezak faltsuak direla uste duten zientzialari guztiak ere konbentzituko dituen aurkikuntzen benetakotasunaren froga orbangabe bat bestela. Abokatuei buruzko pelikuletan ohiko diren azken uneko efektu kolpe sorpresa horietakoren bat egon ezean, nekez ekarriko du Iruña-Veleiako aurkikuntzen aferari buruzko erabateko kontsentsurik Arabako Auzitegiko 1. Zigor aretoak. Faltsutzeak nork, noiz eta nola egin zituen zehazten duen erabateko froga penalik agertzen ez bada, edota eztabaida zientifikoa irauliko duen datu berririk ez badago, piezen benetakotasuna eta faltsutasuna defendatzen dutenek orain arteko posizioei eutsiko diete. Berdin auzitegiak Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohia, Oscar Escribano arkeologoa eta Ruben Cerdan errudun zein errugabe direla ebatzita ere.

Bide labirintikoa egin du gaiak epaitegietan, eta, azken urteetan, akusatuentzako itxaronaldi hori bidegabea dela salatzera iritsi dira piezak faltsuak direla defendatzen duten ahotsetariko batzuk ere. Arabako Foru Aldundiak salaketa egin, eta bederatzi urteko instrukzio fasea igaro ondoren soilik ebatzi zuten epaileek kausan bazela bide penalera jotzeko nahiko motibo, eta beste urtebeteren ostean ezarri dute orain epaiketarako data zehatza. Zail dirudi, horregatik, epaiketan orain arte agertu ez den froga sorpresarik agertzea. Eta benetan harrigarria litzateke hainbeste urtetan akademian nagusi izan den piezen faltsutasunaren defentsa non eta epaitegi batean ahultzea.

Odisea judizialak iraun duen bitarte horretan guztian, piezen egiazkotasunaren aldeko mugimenduak asmatu du jende talde bat mobilizatuta mantentzen, harik eta azken urteetan euskal hedabideetan gaiari buruz iritzia ematen jarraitu duen ahots bakar bilakatu diren arte. Hainbat kongresu antolatu dituzte, eta baita hamaika txosten kaleratu ere, unibertsitate munduaren aitortzarik izan gabe ere. Baina lortu dute nazioarteko lehen lerroko Edward C. Harris arkeologoak babesa azaldu eta indusketa orbangabea izan zela publikoki baieztatzea. Froga gehiago egiteko beharra ere aldarrikatu dute hasiera-hasieratik, eta, ziurrenera, horri eutsiko diote epaiketan ere. Baina, edonola ere, egin duten ezerk ez du lortu piezak faltsuak zirela esateko ahotsa altxatu zuten zientzialarien arreta erakartzerik.

Eta are gutxiago, noski, iritzia aldatzerik.

2006an aurkeztu zituen Gilek eta bere lantaldeak euskararen historia eta kristautasunaren hedapenaren historia aldatuko zuen pieza sorta zabala, baina 2008rako faltsutzat jo zituen piezak aditu talde garrantzitsu eta zabal batek ere. Zalantzarik ez zuten izan orduan Joseba Lakarra eta Joakin Gorrotxategi hizkuntzalari eta antzinako euskaran adituek ere gaia itxitzat emateko, baina, hasierako kolpe mediatikoen ostean, urteekin, apalduz joan da ahots horien presentzia hedabideetan.

Gil errudun jotzea bultzada handia litzateke, noski, piezak faltsuak direla diotenentzat, baina, errugabe joko balute ere, horrek ez luke haien posizio zientifikoa aldatuko. Haien ustez, faltsutzailea nor izan den zehaztea falta den arren, aspaldi amaitu baitzen eztabaida hori. Eta antzera piezak benetakoak direla uste dutenen aldean ere. Akusatuak errugabe direla ebatziko balute, piezak benetakoak direla defendatzen jarraitu beharko lukete, eta, akusatuak errudun direla ondorioztatuko balitz ere, izango lukete mobilizazioei eusteko biderik, haien ustez orain arte baliatutako argudio eta frogak ez direlako nahikoa.

Ez dago motiborik, beraz, epaitegian pelikulazko amaierarik espero ahal izateko.

BERRIAn argitaratua (2019/09/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA