astekaria 2019/09/13
arrowItzuli

mundua

Ozeanoaren bestaldeko etorkizun ziurgabea

Cecilia Valdez

Ozeanoaren bestaldeko etorkizun ziurgabea

Cheik Gueyek 40 urte ditu, eta duela bost urtetik La Plata hirian, Buenos Aires probintziako hiriburuan, bizimodua lortu nahian ari da ahal duena saltzen. Gaurkoa bezalako egun batean, bost graduko hotzari aurre egin behar dio goizetik hasi eta gauera arte;baina beste egun batzuetan, Poliziaren jazarpenari eta tratu txarrari aurre egin behar dio. Gueyeren gisan, senegaldar asko iritsi ziren Buenos Airesera, Interneten ikusi zutelako Europako hirien antzekoa zela, baina gatazka gutxiago zituela, eta Senegalera familiei bidaltzeko behar adina diru irabaz zitekeela.

Frantzia eta Espainia dira senegaldarrek gehien bilatzen dituzten helmugak, baina 2000. urte hasieran Europako Batasunak gogortu egin zituen mugak, eta helmuga gehiagotan pentsatzen hasi ziren. Ekuador, Brasil eta Argentina izan ziren Amerikan gehien bilatu zituztenak.



Argentinara 1990eko hamarkadaren erdialdean iritsi ziren lehenengo senegaldarrak. Arraroa zen orduan haiek kaleetan ikustea, baina kopurua handitu egin da, eta ARSA Argentinan Bizi diren Senegaldarren Elkarteak uste du 10.000 baino gehiago direla. Zaila da kopuru hori zehaztea, asko legez kanpo sartzen baitira.

«2014ko ekainean iritsi nintzen La Platara, osaba bat nuelako hemen eta etortzeko esan zidalako, hemen bizimodua atera nezakeelako», kontatu du Gueyek. «Hegazkin bat hartu nuen Senegaldik Ekuadorrera, nire bisa hangoa zelako. Ekuadortik lurrez iritsi nintzen Argentinara. Hasieran, ongi nengoen, baina, orain, hemen dagoen anabasarekin, jada ez nago hain ongi». Munduko Bankuaren 2017ko sailkapenak erakusten zuen Argentinak zuen biztanleko BPG barne produktu gordinak bederatzi aldiz gainditzen zuela Senegalgoa -18.500 euro Argentinak, 2.400 euro Senegalek-, baina krisiak zaildu egin du Argentinan iraun eta jatorrizko herrialdera dibisak bidali ahal izatea.


Poliziak eta kaleko saltzaileak, La Platan. Kaleko saltzaileek Poliziaren jazarpena salatzen dute maiz. G.B. HERNANDEZ

Ezartzeko bidea ere zaila da, Argentinak ez baitu enbaxadarik Senegalen, eta hurbilen duena Nigerian baitago. Senegaldar batek Argentinara joateko bisa bat eskatu nahi badu, 4.000 kilometro egin behar ditu, eta, normalean, ez diote ematen. Horregatik, legez kanpo sartzera behartuta daude, Brasilgo mugatik.

Nahiz eta 2013an 1.800 senegaldarren egoera normalizatu zen, mekanismo hura salbuespen bat izan zen, eta duela bost urtetik senegaldarrek ez dute bizitzeko baimen iraunkor bat lortzeko aukerarik, ez badira argentinar batekin ezkontzen edo ez badute Argentinan ume bat izaten. «Espero dugu gobernu berri bat badago egoera aldatzea, aurreko gobernuak [kirchneristak] eman baitzizkigun paperak», esan du Gueyek ilusioz. «Hemen ez dago deportaziorik, Espainian bezala. Deportatzeko delituren bat egin behar duzu, eta kalean saltzea ez da delitu, lege hauste bat da [delitu bat baino maila txikiagoko falta]». Presidentetzarako hauteskundeak datorren urrian egitekoak dira, eta lehia gogorra espero da egungo gobernu eskuindarraren eta kirchneristen artean.

Buenos Aires eta La Plata hirietako gobernuek kaleko salmentaren aurkako gurutzada bat hasi dute, eta bereziki jazarri zaizkie senegaldarrei. Bi udal gobernuek mota guztietako larderiazko neurriak ezarri dituzte legez kanpoko salmentaren aurkako borrokaren izenean; La Plata, esate baterako, guztiz militarizatu dute arrazoi horregatik, eta ez soilik senegaldarren aurka, baita ekintza horretan krisi ekonomikoari aurre egiteko aukera bakarra duten beste herritarren aurka ere.

Behin baino gehiagotan abokatuen eta jende askoren elkartasunak eragotzi du saltzaileen materiala ez atxiki izana; baita, kasu askotan, saltzaileak ez atxilotu izana ere. Uda honetan, sare sozialetan bideo asko hedatu dira, non jendea ageri den poliziekin bultzaka saltzaileak eraman ez ditzaten. «Kideak atxilotu dituzte salgaiak eraman nahi izan zituztelako, eta ez diegulako utzi», azaldu du Gueyek. «Batzuetan, Poliziak eraman egiten gaitu, eta salaketa bat jartzen digu aginte publikoari aurka egiteagatik. Zorionez, Poliziarekin istilurik dagoen aldiro bizilagunek eta kalean dagoen jendeak lagundu egiten gaitu. Hementxe, orain nagoen toki honetan bertan, hiru aldiz gertatu da [poliziek] salgaiak eraman nahi izatea eta jendeak hori eragoztea».


La Platako bizilagun argentinarrak eta senegaldarrak, bilduta. G.B. HERNANDEZ

Esamesen aurka

Mila modutara saiatu izan dira ospe txarra ematen haien lanari, gehienbat esamesak zabalduta, esanez mafiek kontrolatzen dituztela, eta «legezko komertzioari» kalte egiten diotela. Gueyek esames horiek gezurtatzen ditu ahal duen guztietan. «Dendariei buruz ezin dizut gauza askorik esan, dendetan langileak baitaude eta ez jabeak, eta langileekin harreman ona dugu. Beti esaten dute gure salgaiak mafien bidez lortzen ditugula, eta hori gezurra da. Gu geu joaten gara salgaiak erostera Oncera [Buenos Airesko auzo bat, prezio txikiko produktuen salmentan espezializatuta dagoena]. Ez dago inor egiten dugunaren atzetik, ez dugu ez nagusirik, ez ezer, bakoitzak modu independentean egiten du lan».

Gaur egun Argentinan bizi diren senegaldar askok lehendik bertan zeudenek animatuta iritsi eta haien babesa eta laguntza jaso zuten arren, Gueyek dio oraingo egoera oso ezberdina dela. «Nik [Argentinako] herritartasuna dut, eta Senegalera itzuli aurretik ahal bezain beste eutsiko diot. Baina niri orain inork galdetuko balit, ez etortzeko esango nioke, doala beste herrialde batera. Hain zuzen, kide batzuk beste herrialde batzuetara joaten ari dira, [Argentinako] herritartasuna dutelako eta turista gisa sar daitezkeelako Europan, Japonian edo Korean».

BERRIAn argitaratua (2019/09/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA