gizartea
ALIZIA IRIBARREN
«Gero eta indartsuago sumatzen da euskaraz bizitzeko herri gogoa»
Ion Orzaiz
Ikasturte hasierarekin batera heldu da aldaketa AEKra.
Bai. Matrikulazio kanpaina betean gaude. Ilusio handiz abiatu dut aro berria. AEK barruan ez eze, nire inguruan ere animatu ninduten kargua hartzera, eta, horri esker, bestelako aldarte batekin heldu diot erronkari. Ez naiz ni soilik: lantalde bat gara, eta guztion artean egin behar dugu aurrera. Horregatik, oso garrantzitsua izan da niretzat hurbilekoen babesa jasotzea, eta gogotsu nago.
Zein izanen dira ildo nagusiak?
AEKn 2018-2022 aldi estrategikoan murgilduta gaude, eta, horren barruan, ezinbestekotzat jo dugu euskal hiztun aktiboak lortzea. Izan ere, ezagutza, jendeak euskara ikastea, ez da nahikoa. Euskara erabili behar da, eta horretara bideratuko ditugu ahaleginak. Badira beste erronka batzuk ere; besteak beste, hizkuntza politikan aurrerapausoak sustatzea eta doakotasuna lortzea. Guretzat oso garrantzitsua da doakotasun hori erdiestea, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko duten eskubidea bermatze aldera.
Doakotasunaren bidean urrats batzuk egin dira, ezta?
Bidea urratzen hasi dira erakundeak, baina ez dute lana amaitu, ezta hurrik ere. Euskal Herriko hiru esparru administratiboetan, beste horrenbeste balorazio egin daitezke: EAEn dago auzia aurreratuen, onartua dutelako B2 maila arteko doakotasun baldintzapekoa. Egiaztagiri bat behar da, ikasleei matrikularen prezioa itzul diezaieten. Hori ez da gure eredua: batetik, doakotasuna azterketa baten menpe uzten du; bestetik, eredu horretatik kanpo gelditzen da C1 maila. Hutsune hori betetzeko ari gara lanean. Uste dut gutxi barru lortuko dela ikasketa ziklo osoa doakoa izatea.
Are urrunago dago doakotasuna Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako euskara ikasleentzat...
Nafarroan, ikasleek laguntza ekonomiko oso txikiak jasotzen dituzte administraziotik. Iaz ezarri ziren bekak, eta aurten eutsiko die gobernuak, baina oso kopuru eskasa da. Ez du doakotasuna bermatzen, inondik inora. Ipar Euskal Herrian antzekoa da panorama: ikasle batzuek beka jasotzen dute, baina, oro har, egoera makurra da, baliabide eskasiarengatik. Eremu administratibo bakoitzak bere ezaugarriak eta erritmoak ditu, eta horietara mugatu behar dugu, baina doakotasunaren helburua ahaztu gabe.
Zertan igarriko da lekuko aldaketa AEKn? Estilo propioa ezarriko duzu?
Pertsona bakoitzak ditu estilo eta lan egiteko modu propioak. Norberaren bizipenek baldintzatzen dute hori. Hortaz, bai: nire estiloa ezberdina izanen da. Ni Nafarroa hegoaldetik nator: hainbat urte eman ditut han euskara eskolak ematen eta AEK-ko Erriberako arduradun lanetan, eta eskarmentu hori nolabait nabarituko dela uste dut. Egoera berezia da Erriberakoa, hizkuntzari dagokionez, eta han egoteak beste ikuspegi bat ematen dizu. Uste dut AEKri eta euskalgintzari bestelako ekarpen bat egiten ahal diodala.
Alde horretatik, zure izendapenak badu sinbolikotik ezer? Euskal Herriko periferiari zentralitatea aitortzeko nahi bat?
Ez. Nik, behintzat, ez nuke horrela esanen. Erriberan berezitasun batzuk ditugu, bai, baina Lodosa aldeko, Zangozako, Arabako edota Zuberoako egoerak ere bereziak dira. AEK beti saiatu da periferia hori erdigunera eramaten, baina ezin gara burbuila batean bizi: egoera eta premia horiek ez dira gure errealitate orokor eta bakarra. AEKren jardun osoa ez da aldatuko ni koordinatzaile nagusi izendatu nautelako. Tuteran bizi naiz, eta ezagutzen dut euskarak han duen egoera; errealitate hori buruan izanen dut beti, baina ez dut erakundea behartuko nire ikuspegia lehenetsi dezan.
Berdintasun plana ondu duzue AEKn. Hori ere nabarituko da zure jardunean?
Bai. Aurreko ikasturtean aritu ginen horretan buru-belarri. Niretzat, garrantzi handia du AEKren gisako erakunde batean berdintasun plan bat ontzeak, eta ikuspegi feminista txertatu nahiko nuke arloz arlo. Izan ere, gizartea eratua dagoen bezala, inertziak eramaten gaitu gauzak era jakin batean egitera, eta, ohartu gabe ere, eredu maskulinoak erreproduzitzen ditugu. Etxe barruan ere halako batzuk antzeman ostean, pentsatu genuen garaia zela aldaketak egiteko, eta, diagnostiko baten ostean, plana prestatzen hasi ginen. Ikasturte honetan hasiko gara plana ezartzen.
Gobernu berria eratu da Nafarroan. Zer espero duzu?
Nafarroako Gobernuarekin izan dugun lehen harremana izan da helduen euskalduntzea sustatzeko kanpaina, eta horretan ez dute atzera egin: eutsi egin diote elkarlanari. Aurreko legealdian, lauko gobernuak urratsak egin zituen —ez guk nahi bezain ausartak, baina urratsak—; eta, PSN agintera igota, beldur ginen atzera eginen ote zuten. Momentuz, gobernu akordioa irakurrita, badirudi gauzak dauden bezala utziko dituztela: atzerako pausorik ez, baina aurrerakorik ere ez. Eta hori larria da berez, aurreko legealdian lortutakoa ez baitzen nahikoa izan.
Euskararen lege berri bat idazteko konpromisoa, adibidez, ezerezean gelditu zen.
Adibidez. Guk segituko dugu lege aldaketa baten alde lan egiten: gure aldarri nagusia da euskarak ofiziala izan behar duela Nafarroa osoan, eta horretarako legea aldatu behar dela. Aurreko legealdian baldintza hobeak zeuden horretarako, baina ez zen posible izan. Orain, baldintzak okertu egin dira: PSNk betidanik erabili du euskara konfrontazio politikorako tresna gisa, baina ikusiko dugu zer-nolako jarrera hartzen duen gobernu bazkide berriekin.
Erakundeen jarreraz harago, euskararen aldeko «herri gogoa» nabarmendu zuen Mertxe Mugikak. Bat zatoz?
Bai. Urtetik urtera, Euskal Herri osoan handitzen da euskaltegian izena ematen dutenen kopurua, eta aurten ere bide beretik goaz. Bestalde, azken urteetako Korrikak inoizko jendetsuenak izan dira, iazko Euskaraldian ere jende askok parte hartu zuen... Erakustaldi erraldoi horiek agerian utzi dute badagoela euskaraz bizitzeko herri gogo bat, gero eta indartsuagoa dena, eta hori dela euskalgintzan eragiteko bidea. Izan ere, jendartearen bultzadatik etorriko dira aldaketa guztiak.