astekaria 2019/09/13
arrowItzuli

kirola

MAITE MAIORA

«Chamonixen sartzea izugarria izan zen; ez nuen nahi hura amaitzerik»

Unai Ugartemendia

«Chamonixen sartzea izugarria izan zen; ez nuen nahi hura amaitzerik»

Eskuko telefonoari begira ari da Mendaroko plazan (Gipuzkoa). Denek zoriondu nahi dute Maite Maiora (Mendaro, Gipuzkoa, 1980), telefonoz edota aurrez aurre. Chamonixen (Frantzia) lortutakoak oihartzun handia izan du jaioterrian ere.

Astebete pasatu da Mont Blanceko Ultratraileko (170 kilometro, +10.000 metro) helmuga zeharkatu zenuenetik. Nolakoa izaten ari da ondorengo ajea?

Gaztetako gaupasen antzekoa [barreak]. Gorputza oso nekatuta sentitzen dut, baina burua, berriz, oso argi. Gustuko ajea da.

25 orduan 170 kilometro egin eta gero, lorik egin al zenuen?

Larunbat gauean, etxera heldu, eta gauza guztiak antolatzen hasi nintzen, dena bere lekuan edukitzea gustatzen baitzait: zaborra bildu, arropa... Ingurukoak ohera joan zirenean, gauzak antolatzen gelditu nintzen. Halako batean, 02:00etan, ohera joan nintzen. Segituan ordu eta erdi lo egin nuen, baina berriro esnatu nintzen, eta sakelakoarekin ibili. Beste bi aldiz ere lo hartu nuen. Loaldi laburrak izan ziren. 10:00etan esnatu nintzen, hedabide batekin geldituta nengoelako.

Zenbat mezu zenituen sakelakoan lasterketa amaitu zenean?

890 mezu nituen Whatsappean.

Faboritoen zerrenda luzea zen aurtengo UTMBn, baina ez zinen lasterketa irabazteko hautagai zuzenen artean. Horrek presiorik ez izatera eraman zintuen?

Alde batetik, bai, baina gehienbat neure burua ez nuelako irabazle gisa ikusten. Ez nituen faboritoetako asko ezagutu ere egiten. Egia da azkeneko egunetan zerrenda ikusi nuela, eta banekien UTMBko historian egon den mailarik handiena egongo zela. Lasterketa luzeak egin ohi dituen jende asko zegoen, eta banekien erritmo bizia jarriko zutela. Baina, beste alde batetik, banekien nire gisako jendea ere bazela. Lasterketa eroen modura hasi zuten, eta, konturatzerako, oso atzean geunden. Lehen kontrolgunean, lehen emakumea, txinatarra, sailkapen orokorreko lehen hamarren azpitik igaro zen. Hori ez da ohikoena.

Lasterketa erritmo izugarrian hasi zen. Zein zen zure planteamendua? Zenbateko denbora zenuen aurreikusita?

Nire kalkuluen arabera eta tarteko partzialak kontuan hartuta, 26 orduan [25.41.30 egin zuen]. Baina lasterketa barruan jakin nuen beti ez dela ibilbide berdina, eta aurten, eguraldia aintzat hartuta, inoizko luzeena egin behar genuela. Argi neukan bihotz maiztasunaren arabera joan behar nuela. Bihotz maiztasuna oso apala zen, baina banekien lasterketa oso luzea zela eta nire lasterketa egin behar nuela.

Gaueko ordu asko pasatu zenituen Uxue Frailerekin. Berak ere aitortu zuen esku balazta jarrita joan zinetela une askotan.

Bai, kasualitatea izan zen Uxuerekin elkartzea, baina banekien berarekin joanda termometro on batekin nindoala. Bikotekidearekin ere askotan aipatzen nuen, Uxuek inoiz ez duela hutsik egiten. Hala ere, niri iruditzen zitzaidan Uxue ni baino gehiago zela. Igoeratan aurreratu egiten ninduen, eta jaitsieretan agian ni azkarrago joaten nintzen. Erreferentzia gisa nindoan bere ondoan. Courmayeurretik irten nintzenean [80. kilometroa] konturatu nintzen oso ondo nindoala, nahiz eta aurretik beste 100 kilometro falta. Hurrengo igoeran, Uxue atzean gelditu zen, eta, gutxinaka, jendea aurreratzen hasi nintzen. Izugarrizko hilotzak ikusten hasi nintzen, latzak, eta horrek indarra ematen zidan. Horrelakoetan, askotan, aurrera joateko grina sartzen da, baina banekien burua hotz izan behar nuela.

Besteen erreferentziarik ba al zenuen lasterketan zehar?

Ez, bikotekidearen estrategia izan zen ezer ez esatea. Galdetzen nion ea zenbatgarren nindoan, baina ez zidan ezer esaten. Animoak besterik ez zizkidan ematen. Egia da Bonattiko aterpetxera [91. kilometroa] igotzen ari nintzela, korrikalari ezagun batzuk esan zidatela aurrekoak txikituta zihoazela. Orduan hasi nintzen konturatzen esfortzu izugarririk gabe jendea aurreratzen ari nintzela.

Noiz jabetu zinen lehen postuetan zindoazela?

124. kilometroan, Champex-Lacera iritsi nintzenean. Kilometro batzuk atzerago, bikotekideak jada esan zidan oso azkar nindoala, besteekin alderatuta oso ondo nindoala. Orduan, seigarrena nintzen. Bosgarrena begien aurrean nuen, eta hor konturatu nintzen zerbait egiteko aukera nuela. Hurrengo zatian emakume guztien artean azkarrena izan nintzen, oso gustura nindoan, solte. La Giete [135. kilometroa] igotzen bosgarren jarri nintzen, eta Trienten [140. kilometroa] Mimmi Kotka suediarra aurreratu nuen. Lasaitasun guztiak joan zitzaizkidan, jada borrokan sartuta nengoen. Hogei kilometro falta direla dagoen anoagunean gelditu ere ez nuen egin nahi, ez nuen denborarik alferrik galdu nahi, korrika jarraitu nahi nuen. Azkenean, gel bat hartu, kopeteko argia jarri, eta abiada batean abiatu nintzen. Izugarrizko sentsazioa neraman. Orduan konturatu nintzen huraxe zela eguna, zerbait handia lor nezakeela. Hirugarren nintzen handik ateratzerako.

Zer pasatu zitzaizun burutik hirugarren jarri zinenean?

Bikotekideak esaten zidan bigarrenari ere puska handia jaten ari nintzaiola, baina azken igoera oso ona egin zuen. Egia da azken jaitsieran bost minutu jan nizkiola, baina ordurako alde handia ateratzen zidan. Azkar jaitsi nintzen, baina gehiegi betetzeko beldurra ere banuen, eta ez nuen galdu nahi inondik inora ere hirugarren postua galdua. 18. postutik hirugarrenera pasatu nintzen, podiumean sartzera nindoan... Halako lana egin eta gero, ez zuen merezi gehiago arriskatzeak. Egia da orain bi urte CCC lasterketan bigarren postua lortu nuela, baina oraingoan UTMB zen. Beste gauza bat zen.

Nola bizi izan zenituen azken kilometroak?

Ez nuen erreferentzia handirik, baina oso azkar jaitsi nintzen La Flegeretik [160. kilometroa] Chamonixera. Hirugarren postua eskuratu nahi nuen, eta ez nuen nahi ezerk huts egiterik. Hamar kilometroko jaitsiera da, baina konturatzerako herrian nintzen. Herrian sartzea izugarria izan zen. Ez nuen hura amaitzerik nahi.

Zeinetaz gogoratu zinen?

Bikotekideaz. Askotan hitz egin genuen UTMBri buruz, baita askotan eztabaidatu ere. Aspalditik esaten zidan bertan egon behar nuela; nik, berriz, ezetz. Une haietaz gogoratzen nintzen, hainbestetan hitz egindako lasterketan nengoen, eta gainera podiumean. Arrazoia ematea besterik ez zitzaidan gelditzen [barrezka]. Helmugan UTMB hizkiak hitz larritan ikusi nituenean izugarria izan zen. Ezin da munduko beste edozein lasterketarekin alderatu!

Helmuga zeharkatzean ametsetan bezala sentitu omen zinen.

Bai, etxekoez ere asko gogoratu nintzen. Lasterketa eguneko bazkalorduan aitarekin izandako solasaldiaz, bikotekideaz...

Ia hogeita sei orduko lasterketa baten ondoren, bigarrena zazpi minutura soilik izan zenuen. Orain, hotzean, amorrurik sentitzen al duzu?

Ezta batere, bakean gelditu naiz, batez ere egin dudan denbora ikusita. Norbaitek esan zidan irabazleak ordubete atera zidala, baina niri ez zait batere axola. Egindakoarekin oso gustura gelditu naiz.

Lasterketa amaitzean aipatu zenuen, Zegama-Aizkorriko garaipenaren ostean, zure kirol ibilbideko emaitzarik onena izan zela.

Bai, agian emaitza baino gehiago, lorpena izan da, zalantzarik gabe.

Lehen aipatu duzu UTMB gauza berezi bat dela. Zer dauka lasterketa horrek denak bertan egon nahi izateko?

Hasteko, ibilbidea logikoa da: Mont Blanceko mendigunea zeharkatzen du, hori bai, bide luzea eginda. Egia da agian negozio handi bihurtu dela, baina bertako boluntarioak, antolakuntzako jendea, denak emozioz gainezka ikustean konturatzen zara ez direla disimulatzen ari, benetan bizitzen dutela. Haiek ere ez diote lasterketa deitzen, bidaia baizik. Hori ere asko gustatu zitzaidan.

Ultra distantzian askotan gertatzen den bezala, zuk ere urdaileko arazoak izan dituzu. Ekainean izan zen, Lavaredoko ultratrailean. Ez al zenuen beldurrik Chamonixerako?

Bai, zalantzak banituen. Hala ere, lasterketa honetarako digestiorako entzima batzuk hartzen aritu naiz, eta jateko momentuan ere gauzak askoz ere lasaiago hartu ditut. Janaldiak eroso egiten saiatzen nintzen, presarik gabe. Ez dut batere arazorik izan.

Joan aurretik, aipatzen zenuen distantziak ematen zizula beldur handien. Probatu eta gero, zer duzu esateko?

Oraingo honetan, behintzat, oso ondo joan zaidala. Konturatu naiz egin daitekeen zerbait dela. Esaterako, Champex-Lacen, bikotekideak 45 kilometro gelditzen zitzaizkidala esan zidanean zera erantzun nion: «45 bakarrik?».

Ibilbide handia daramazu Chamonixen. Orain bi urte, bigarren izan zinen CCC lasterketan (101 kilometro, +6.100 metro). Orain, berriz, hirugarren UTMBn. Zer esan nahi du?

Ibilbidea ona da, baina orain bi urteko CCC lasterketa beste lasterketa baten antzerakoa izan zen. Hura ez nuen hau bezala bizitu. Orduan, bigarren izan nintzen, eta, aurten, berriz, hirugarren; baina bi lasterketek ez dute zer ikusirik, eta, gainera, orduan ez zegoen hainbesteko mailarik. Mundu guztian egin ditut lasterketak, baina zerbaitegatik egon nahi dugu denok UTMBn.

Urteko egutegia UTMBra bideratuta egin zenuen urte hasieran. Tartean, triatloi bat ere egin duzu, Alpe D'Huezekoa. Berriro ere UTMB egin beharko bazenu, egutegi bera egingo al zenuke?

Datorren urtean berriro ere UTMBn egoten saiatuko naiz, baina lan kontuak begiratu behar ditut lehenik. Hala ere, berriro ere triatloia egingo dut, ez UTMB prestatzeagatik, ikaragarri gustatu zaidalako baizik. Beste bi lasterketa ere egin nituen, MIUT [Madeira, Portugal] eta Lavaredo [Italia], eta ez dakit haietara itzuliko naizen. Beste bietara, ziur.

2020an berriro ere Chamonixen ikusiko zaitugu?

Ikaragarri gustatuko litzaidake, baina ikusteko dago. Dakidan gauza bakarra da egunen batean itzuliko naizela. Datorren urtean baldin bada hobe.

Urtea amaitzeko beste ezer egiteko asmorik ba al duzu?

Egia esan, UTMB eta gero ez nuen ezer pentsatuta, hemen amaitzen zen denboraldia. Egun gutxi pasatu dira, baina agian Eurafrica [4 etapa, 120 kilometro] lasterketa egingo dut urriaren amaieran. Espainiako, Marokoko eta Gibraltarko lurretan jokatzen da eta nire babesleak, Raidlight-ek, antolatzen du. Gauza ezberdinak probatu nahi ditut. 40 kilometro arteko lasterketak alde batera uzteko garaia iritsi zaidala uste dut. Oso gogorra da ia astero-astero maletak egitea eta desegitea. Urte asko izan dira bizimodu hori eramaten, eta bikotekidea ere hor dago. Berak ere bere zaletasunak ditu, eta hori ere errespetatu behar dut.

Bikotekidea askotan aipatzen duzu. Ezinbestekoa izan da zure ibilbidean.

Zalantzarik gabe. Beti esaten dut ez dudala nik bakarrik irabazten, bion garaipena dela. Ultra distantziak hori du ona, taldean prestatu beharreko lasterketak direla. Alde horretatik, UTMB prestatzeko bidea oso polita izan da.

Goi mendiekin ere amesten omen duzu. Hala al da?

Nire ametsetako bat da. Ez dut esaten zortzimilako bat igotzea, uste baitut ez nukeela gaitasunik izango, baizik eta agian zazpimilako batekin saiatzea. 10 urte nituenetik hori izan dela benetako ametsa. Gogoan dut 13 urte nituela Iñurrategi anaiak herrira etorri zirenekoa. Baina aukera izan behar da, dirua... Amesten jarraitu beharko dugu.

BERRIAn argitaratua (2019/09/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA