gizartea
Adarretatik heldu ezinik
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
Asier Gonzalez Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotzia da, eta nabarmendu du «agerian» dagoela zezenketek «nabarmen» egin dutela behera: «Urteetan egon den egitaraurik onena iragarri zuten antolatzaileek, baina zezen plaza erdi hutsik egon zen». 60.000 lagun inguru batu dira Aste Nagusiko bederatzi egunetan. Iazko datuen aldean, %8 murriztu da ikusle kopurua. Azken 61 urteetan bezalaxe, Chopera enpresak izan du aurten ere zezenketak antolatzeko ardura. Gogoan izatekoa da Bilboko Udalak ere dirua jartzen duela.
Hala, Gonzalezek, diru publikoaren erabilera salatzeaz gain, azaldu du balantze ekonomikoa negatiboa dela: «Gutxi gorabehera, 800.000 euroko galera egon da 2014tik 2018ra bitartean ». Nabarmendu du aurten ere galerak egongo direla; Bilboko EH Bilduren arabera, 360.000 euro galduko dira. Egoera hori ikusita, koalizioak uste du gaiari heldu beharra dagoela, eta hitza hiritarrei eman behar zaiela. «Herri kontsulta baten alde egiten dugu, udalak eta elkarteek elkarlanean antolatutako kontsulta baten alde; herritarrei eman behar zaie aukera zezen plazaren arazoari konponbidea emateko».
Aldarri hori bera dute Iruñeko talde batzuek ere. Txaro Buñuel Iruñea Antitaurina kolektiboko kidea da, eta hark ere gogoan izan du herritarren erabakitzeko eskubidea: «Iruñean eztabaidatu beharra dago; finean, erabaki behar da animalien aurkako indarkeria dagoen jaiak nahi ditugun ala ez». Eta gaineratu du eztabaida horrek «irekia» ez ezik «parte hartzailea» ere behar duela izan. Izan ere, Buñuelen esanetan, zezenketetara joaten direnen kopurua asko jaitsi ez bada ere, zabaltzen ari da zezenei buruzko eztabaida; esaterako, peñen artean.
Peñak dira San Fermin festetako gatza eta piperra, eta hori izan du gogoan ekintzaileak: «Peñetako hainbat kide joaten dira zezen plazara, eta sekulako giroa sortzen dute. Gakoa hor dago: giro hori ez balego, zezenketen egoera gainontzeko hiriburuetako berbera litzateke». Ohartarazi du peña batzuk jada hasiak direla egoeraz gogoeta egiten eta zezen plazara joateko aukera baztertzen. Hala ere, Jesus Cia Iruñeko zezen plazako zuzendariak ez du Buñuelek esandakoarekin bat egiten: «Ikusle kopuruak, behera egin ordez, gora egin du; egun, geroz eta jende gehiago dator zezenak ikustera». Eta gaineratu du udalarentzat ere «protokolozko ekitaldia» dela zezen plazakoa.
Izan ere, ekaineko azken udal hauteskundeen ostean, egoera aldatu egin da Iruñean. Iaz, Joseba Asiron alkate ohiak esan zuen zezenketei buruz «hitz egin» beharra zegoela. Ekainaz geroztik, ordea, bestelakoa da udal gobernuaren iritzia. Ciak azaldu du Enrique Maia alkatea ez ezik hainbat zinegotzi ere joaten direla zezenak ikustera. Buñuelen esanetan, udalak «onartu» egiten ditu zezenketak: «Egun, Iruñeko Udalak zezenketak babesten eta sustatzen ditu, baina, udalean alderdi bat edo beste egon, iritzia ezberdina izango da; beraz, ezin daiteke haren esku egon plaza hustea».
Emandako aurrerapausoak
Donostian, 2013an eta 2014an, Juan Karlos Izagirre (EH Bildu) alkatea zenean, ez zuten zezenketarik egin hiriburuan. Urtebete geroago, ordea, 2015ean, gobernu ituna sinatu zuten EAJk eta PSE-EEk, eta zezenketak itzuli egin ziren Illunbera. Herri kontsulta egitearen alde, 10.000 sinadura baino gehiago bildu zituen Donostia Antitaurina Orain plataformak. Orduko hartan, Eneko Goia alkateak azaldu zuen galdeketa egingo zuela, baina Espainiako Auzitegi Gorenak debekatu egin zuen. Aitor Garin Donostia Antitaurina Orain taldeko kideak azaldu du kontsulta egiteko debekua «tauromakia ondare immateriala den aitzakiapean» ezarri zutela.
Egun, enpresa pribatu bat da Donostiako zezenketen antolatzailea. Udalak azaldu du ez dela zezenketen «sustatzailea, ezta babeslea ere». Garinek, berriz, bi gauza «positibo» azpimarratu ditu: «Debekuaren ostean, udalak bilkura batean esan zuen bilatuko zuela beste bide bat hiritarren iritzia jasotzeko; bestetik, plan estrategiko baten barruan, herritarren pertzepzioaren gaineko inkestan zezenketen inguruan galdetu zuten». Inkesta hartan herritarrei galdetu zieten diru eta leku publikoak zezenketetarako erabiltzeari buruz, eta %71k zezenketen aurka egin zuten. Hala, emaitza horiek oinarri, ekintzaileek udalaren esku hartzea izan dute gogoan: «Udalari eskakizun bat egiten diogu: aurki dezala hiritarren iritzia jasotzeko legezko bide bat».
Gasteizen, berriz, debekatuta ez dauden arren, jada hiru urte dira Iradier Arenan zezenketarik egin ez dutela. Hain zuzen ere, Gasteizko Udalak baztertu egin zuen zezenketak diru publikoz laguntzea, 2016an. Arrazoia izan zen geroz eta ikusle gutxiago zituztela ikuskizun horiek. Ordura arte, Gasteizko Udalak urtean 30.000 euro bideratzen zituen zezenketetara, eta Coso de Badajoz enpresa zen plazaren kudeatzailea. Gaur egun, bigantxak soilik izaten dituzte jaietan; aurretik, berriz, errekortariak. Azken urteko datuen arabera, nolanahi ere, geroz eta ikusle gutxiago dituzte bigantxek ere.
Bien bitartean, eta ohitura zaharrari jarraikiz, Gasteizko jaietako blusen eta nesken kuadrillek badute zezen plazara kalejiran joateko ohitura. Izan ere, garai zaharragoetan, helburua zen hiriaren erdigunea eta zezen plaza lotzea. Egun, ordea, eraikinetik metro batzuetara gelditzen dira, eta kale girorako aprobetxatzen dute tarte hori. Urtean zehar hainbat egitasmo izaten dira Iradier Arenan; besteak beste, erakustazokak, kontzertuak eta kirol lehiaketak. Beraz, zezen plazak ematen ditu zezenketez aparteko beste aukera batzuk ere.
Baionan, zezenak tradizio
Bost zezenketa, zaldi gaineko zezenketa bat, hiru zekorketa eta zaldiak. Horiek denak izango dira aurten Baionako zezen plazan. Olivier Baratchart zezen plazako zuzendaria da, eta azaldu du «gustu guztietarako ikuskizunak» antolatu dituztela. Haren arabera, gainontzeko hiriburuetan ez bezala, Baionan zezenketara joaten den ikusle kopuruak ez du beherakadarik izan: «Ez dut beherakadarik antzematen; agian, eguraldi txarra eginez gero jende gutxiago etortzen da zezenketetara, baina, oro har, onarpen handia duten ikuskizunak dira».
Gainera, nabarmendu du ikusleek ez ezik instituzioek ere zezenketak babesten dituztela; izan ere, haren hitzetan, euskal tradizioaren parte dira. «Zezenketak gure nortasunaren parte dira; beraz, herriko etxeak, onartzeaz gain, antolatu ere egiten ditu». Gaineratu du Baionako Herriko Etxeko kide batzuk ez ezik Frantziako ministro bi ere egon zirela abuztuan zezenketak ikusten —Jacqueline Gourault Frantziako Lurralde Kohesiorako ministroa eta Didier Guillaume Nekazaritza ministroa—. Hautsak harrotu zituzten sare sozialetan. Baratchartek, ordea, ez du ulertzen zergatik iruditzen zaien gaizki ministroen erabakia: «Ezin dugu askatasunaren alde egon eta ondoren zezenketak ikustera joaten direnen aurka egin».
Baionan bakarrik ez, Bilbon eta Iruñean ere egon dira udaleko kideak zezenketetan. Gonzalezek azaldu du aurten Bilboko udal gobernuko bi kide «behintzat» joan direla zezenketak ikustera, eta nabarmendu du hori ez dela «protokolozko ekitaldien» barnean sartzen. Gaineratu du haien presentzia hutsarekin legitimitatea ematen dietela halako ikuskizunei. Eta gogoan izan du Alfontso Gil PSE-EEeko zinegotziak —zezen plazaren administratzaile berria da— udal gobernuan sartu bezain laster esandako hitzak ere: «Azaldu zuen bera gobernuan dagoen artean zezenketak izango direla. Baina ezin ditu bere nahiak herritarren gainetik jarri».