gizartea
Mugarriak zimenduak behar ditu
Arantxa Iraola
Zinetan mugarriz betetako bidea izan da Jaizkibelena, eragozpen askoren kontra egindakoa, eta ikusi egin beharko da zenbateko aldaketa dakarren aurtengo desfilearen edertasun horrek. Esperantzarako motibo dira aurreko hilabeteetan auziaren inguruan izan diren mugimenduak: abuztuaren hasieran, esaterako, urte askotako inkomunikazio erabatekoa apurtu, eta mahai baten bueltan esertzekotan egon ziren gatazkaren alde nagusiak. Ozendu egin da auziaren inguruko hizpide guztietan elkarrizketaren garrantzia, eta horretan adostasun bat nagusitu dela dirudi. Pozgarritzat har daiteke; baina adi ibili behar elkarrizketa eta haren gisako hitz maiztuekin: hutsalduta daude usuegi.
Eta, auzi hau onbideratuko bada, ezinbestekoa da hitz horiek esanahiz betetzea. Zeren inguruan hitz egiteko behar da elkarrizketa? Galdera horren erantzunean sakondu ezean, oso zaila izango da benetako mugarri baterako zimenduak ipintzea. Eta galdera horren erantzunean adostasun falta agerikoa da. Jaiaren atarian Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk desfileen ordutegiak aldatzeko egin duen proposamenak, esaterako, argi utzi du, ororen gainetik, liskar giroa baretzean duela jarrita gogoa: helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteotan gaiari eman dion trataerak ere lehenetsi du bizikidetza auzi bat dela alardearena, eta, ondorioz, bizikidetza hori hobetzean egin behar dela ahalegina. Ikuskera horietan, aldiz, jai parekideen aldarriaren defentsarik ez dago, eta beren herriko jairik esanguratsuenean nor izateko sortu zuten hainbat emakumek Jaizkibel, xede horrexekin sendotu dute ordutik beste ehunka herritarrekin batera, eta guztiz babestu eta hauspotu beharreko helburua da: elkarrizketatik baztertu ezina.
Kale Nagusia beteta, alardeko kide izateko gogoa agertu dute aurten berriro ehunka gizon eta emakumek, harro erakutsi ere. Haien nahia nola egikaritu daitekeen aztertzea izan behar du elkarrizketak helburu, antzua izango ez bada. Eta bide horretan, zenbait politikariren hitz eta keinu oraindik neurtuegiak ugaritzea komeni da: parekidetasunaren alde beti. Baita alardean ere, salbuespenik gabe. Ulertzekoa izan daiteke, bere mingarrian, jarrera baztertzaileen kontra irmoegi jardun nahi ez izana, milaka herritarrek hautu horiekin bat egiten baitute; Hondarribian eta Irunen baztertzaileak dira oraindik desfile jendetsuenak. Ulertzen eta onartzen zaila da, ordea, zergatik ez dioten babes argi eta irmoagoa erakusten hautu parekideari: zergatik ez duten esaten ozen eta argi, lau haizeetara, haiekin daudela.