astekaria 2019/09/13
arrowItzuli

kultura

Gernikako zauria zeruz jostea

Iñigo Astiz

Gernikako zauria zeruz jostea

Errekontziliazioa. Hitz hori nabarmendu du Michael Klant artista alemaniarrak gainontzeko hitz guztien artean. Errekontziliazio poetikoa, nahi bada. 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zuen Condor legioko kide izan zuen aita, eta denbora luzez sentitu du iragan horren zama bizkarrean. Horregatik bururatu zitzaion zeru trukaketa bat egitea. Gernikako zerua irudikatzen zuen 100 metro koadroko margolan bat jarri zuen hegan Berlingo zeruan, apirilaren 26an bonbardaketaren urteurrenean, eta Berlingo zeru zati bat aireratuko du orain irailaren 21ean, Gernika eta inguruko herrien gainean hegan Bakearen Nazioarteko Egunean. Gernikako Astra gunean aritu da horretarako lanean asteotan, Damaris Pan artistarekin elkarlanean, eta Gernikako Lobak elkarteko, Astra guneko eta Gernika Gogoratuz taldeko hainbat ordezkariren laguntzarekin; prest dute dena jadanik aireratzeko. «Hau da nire lanik pertsonal eta politikoena», aitortu du Klantek.

Baina bihurria izan da Gernikarainoko bidea. «Ez dakit nola kostatu zaidan hainbeste lan honetara iristea», adierazi du lehenik, eta azalpena eman du gero: «Pentsatzen dut lotsa moduko bat sentitzen nuelako izango zela». Aspaldi zuen aitaren historiaren berri, eta hamarkadak dira zeruekin lanean hasi zela, baina orain arte sekula ez zaio bururatu bi muturrak elkarrekin lotzea.

Behartutako soldadu

Grabagailua martxan jarri, eta ia-ia jarraian eman du bere istorioaren berri artistak.

«Aitak asko hitz egiten zuen 1936ko gerrari buruz; Condor legioko kidea zen. 22 urte zituen, eta behartuta joan zen armadara. Soldaduska derrigortuta egin behar izan zuten lehenetariko bat izan zen, nahiz eta familiaren dendan saltzaile izatekoa zen, berez. Gaztelera ere ikasi zuen, eta horregatik hautatuko zuten derrigorrezko soldaduska egin ostean. Uniformerik gabe egin zuten bidaia St Louis luxuzko itsasontzian, inork ezin zuelako jakin Hitler tropak bidaltzen ari zenik, eta, aitak esaten zuenez, eurek ere ez zekiten nora bidaltzen zituzten. Ongi eman zieten jaten, ordain handiak jasoko zituztela esan zieten. Alemaniatik abiatu, Frantzia eta Ingalaterra hegoaldea zeharkatu, Portugal pasatu, eta Cadizera heldu ziren (Espainia). Aitak autobiografia bat utzi zuen idatzita, eta hogei orri inguru eskaini zizkion 1936ko gerrari. Bigarren Mundu Gerran ere parte hartu behar izan zuen horren ostean; Errusian ere egon zen, baina gerra hark eragin zion zirrararik handiena».

Patxadaz mintzo da Klant. Ia-ia etenik egin beharrik gabe aletzen du etxeko historia; atsegina da haren jarioa, eta igartzen da Astran eroso sentitzen dela. Pablo Picassoren Gernika koadroaren bariazioak hormetan, bonbardatutako hiriaren irudi bat zutabe batean, eta kideen isiltasuna aretoan. Jarraitzen du artistak.

«Aitak maiz hitz egiten zigun horri buruz guri ere, baina nik ez nion sinesten; boluntario joango zela esaten nion, inork ezin zuela behartu, baina azken bi urteotan hainbat historialarik baieztatu didate ziurrenik egia izango zela, eta behartuta joango zela. Eta lasaitua izan da hori niretzat. Gaztetan, noski, kontrako bandoan nengoen. Nazioarteko Brigaden aldean nengoen ni politikoki, eta oraindik ere hala nago; soldaduska egiteko txanda iritsi zitzaidanean, uko egin, eta zerbitzu sozial batzuk eginez libratu nintzen. Aitari ez zion grazia handirik egin horrek. Berak ere ez zuen gerrara joan nahi izan, eta beti zebilen egoera horretan nola bukatu ote zuen bueltaka, baina ez zuen ezer egin horren aurka. II. Mundu Gerraren amaiera aldera soilik hasi zen aginduak betetzeari uko egiten. Ofiziala zen ordurako, eta hainbat ikasle zituen bere kargu. Errusia aldean ibili ziren. Agindurik jaso gabe erabaki zuen handik erretiratzea. Idatzita utzi zuen hori ere aitak, baina sekula ez nion sinetsi, harik eta 2000. urte inguruan ikasle izan zuen mutil haietako batek etxera deitu zuen arte, eskerrak emateko. Ikasle ohi horrek kontatu zuenez, urtero biltzen ziren han ibilitako guztiak, eta urtero egiten zuten topa gure aitaren ohoretan, bizitza salbatu zielako. Oso pozgarria izan zen hori entzutea niretzat, zeren eta, aitak idatzita utzi zuenez, bere seme Michaelentzat idatzi zuen autobiografia hura; niretzat, alegia, ez niolako sinesten».

Baina urteak behar izan ditu puntu horretara heltzeko.

Plazer estetiko hutsak eraman zuen lehen zeru trukea egitera, 1999an, eta denbora behar izan du proiektua Gernikaraino ekartzeko. Klantek lehen trukea du gogoan. «Floridan nengoen (AEB), talde erakusketa batean parte hartzen, eta hondartzara joan ginen irekiera ekitaldiaren ostean. Han ikusi nuen publizitate hegazkin horietako bat hanburgesa batzuen publizitatea egiten, eta pentsatu nuen mezu horrek ez zuela merezimendurik hor egoteko, eta arteak egon behar lukeela hor zerua zeharkatzen. Zeru truke bat planteatu nuen AEBetako eta Alemaniako artisten artean».

Gero heldu zen korapiloa.

Zeru etsaituak

«Lehen lan hura egin nuen, eta polita izan zen, baina AEB eta Alemania herrialde lagunak dira, eta iruditu zitzaidan lana ez zela aski politikoa». Eta orduan sortu zitzaion galdera. «Zergatik ez trukatu etsaituta dauden herrialdeen zeruak?». Kubako eta AEBetako zeruekin egin zuen saiakera, baina kale egin zuen asmoak, Iraken gerra hasi, eta horrek ezinezko bilakatu baitzion beharrezko zituen baimenak lortzea.

Eta etsi egin zuen orduan.

Tarte batez.

Sasoi batez, utzi egin zituen hegaldiak, eta, alaba izan ostean, hasi zen pixkanaka bueltatzen: testuak aireratuz, lehenik, eta bide hori amaitutzat eman zuenean etorri zitzaion Gernika burura. Duela bi urte, Portugalen zegoela. Eta geroztik dena izan da email, solasaldi eta telefono dei, artistak garrantzi handia ematen baitio elkarlanari.

Hala sartu zen Damaris Pan artista eta EHUko pintura irakasle bizkaitarra proiektuan. «Michaelek [Klantek] emaila idatzi zidan bere proiektua azalduz, eta Berlinera zerua pintatzen laguntzera joateko gonbita egin zidan. Margotu beharreko zeruak itxura piktorikoa izan dezan lortzea izan da nire erronka hasieratik». Panen hitzetan, nagusiki «teknikoa» izan da bere lana. Hala izan zen Alemanian apirilean, eta hala izan da orain Gernikan ere. «Berak garrantzi handia ematen dio talde lanari, baina piezarekin inpresio estetiko bat ere sortu nahi du». Errealista da margolanarekin bilatzen duten efektua, eta akrilikoa erabili dute horretarako, Astrako aretoan. Helduleku luzeko brotxak han-hemenka, pintura urdin eta zuriz betetako potoak, eta margolariak hodeiak zapaltzen.

Maitane Azurmendik eta Angela Lopezek ere Berlinerako gonbidapena jaso zuten, eta Astran aritu dira orain ere laguntzaile. Lobak elkarteko eta Astrako guneko kide dira, hurrenez hurrez, eta pozarren daude Klanten proiektuari esker bizitzen ari diren esperientziarekin. «Bonbardaketaren oroimena bizirik mantentzea da Lobak elkartearen asmoa», azaldu du Azurmendik, «eta Klanten proposamenak erabat egiten du bat ideia horrekin. Bonbardaketaren ilobak gara gu, eta sekulakoa da Condor legioko soldadu baten semearekin egon ahal izatea elkarlanean, non, eta Astran, suntsipenetik libratu zuten eraikin bakarretako bat den honetan».

Gernikarren harrera beroa

Klantek beldurra sentitu zuen Euskal Herrira lehen bisita egin baino lehen. «Kontzientzia ez nuen lasai, eta ez nekien nola hartuko ninduten hemen; azken finean, Condor legioko soldadu baten semea naiz, eta ez nekien zer erreakzio izango ote zuen hemen jendeak. Eta etorri nintzenean sekulako lasaitua sentitu nuen! Oso ongi hartu ninduten!». Ume zela bonbardaketaren lekuko izan zen Luis Iriondo ere ezagutu zuen, Gernika Gogoratuz elkartearen bidez. «Gogoratzen zuen guztia kontatu zidan, eta oso ongi hartu ninduen».

Alemanian lagun izan zituen, esate baterako, Gernika Deustch-Baskische-Kulturverein elkarteko kideak, eta bidelagun izan ditu hasieratik Gernika Gogoratuz elkartekoak ere. «Proiektua guztiz bat dator gure lan ardatzekin», onartu du Andreas Schäfterrek. Hamarkada bete baino gehiago darama Gernikako elkartean lanean, eta, bera ere alemaniarra izanik, maiz aritzen da nazioarteko harremanak lantzen; oraingoan, baimenak lortzea eta ekitaldirako pilotua lotzea izan ditu egiteko nagusi, gernikar doinuko euskara perfektuan azaldu duenez. «Artibismoa aipatzen dugu guk maiz, eta Klanten proiektua horren adibide argia da. Artelan bat da, eta aldi berean ekintza bat ere bada. Gure ustez, sormena eta sorkuntza baliatuz soilik heldu ahal izango gara bakera, eta bakea izango da gizakiaren artelan erraldoia, eta izango da beti artelan amaigabea».

Bakea. Errekontziliazioa. Artea. Eta, halere, asmo handi horien artean, Klantek umore puntu bati ere uzten dio zirrikitua. «Lanak badu bere puntu absurdoa ere, noski. Zeru puska bat jarriko dugu zeruan hegan! Gustatzen zait puntu absurdo hori ere. Lanak ez du zertan etengabe politikoa izan. Ederra da zeru puska bat zeruan jartzea, berez, eta gozatu daiteke proiektuak atzean daukan istorioa ezagutu gabe ere. Ongi dago hori ere. Horregatik nahi dut margolana ongi eginda egotea ere».

Eta, hilaren 21a heldu artean, oraingoz, Astra guneko bigarren solairuko zoruan ikus daitezke Berlingo hodeiak, zabal eta eder, erabat zamagabe, baina soilik itxuraz.

BERRIAn argitaratua (2019/09/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA