ekonomia
VESTAGER, MAMUA GOOGLERENTZAT
Xabier Martin
Europako Batzordea orain ikertzen ari da Google arauak hausten ari ote den erabiltzaileek enplegu bilaketak egiten dituztenean atari ezagunaren bidez. Margrethe Vestagerren sailak jakin nahi du Google for Jobs lehenesten ari ote den lehiakideak oztopatuz eta merkatuan duen posizioa baliatuz abusua egiteko. Komisarioak berak azaldu du Google erraldoiarentzat laugarren isun handia izan daitekeenaren auzia. Google Shoping prezioak alderatzeko zerbitzuarengatik ere zigorra jaso zuen, abusua zela eta; «begiratzen ari gara negozioaren beste adar batzuetan ere gauza bera gertatzen ari ote den; adibidez, Google for Jobsen».
Alegia, Europako Batzordeak bost urteko bere agintaldia amaitu aurretik Vestagerrek azkeneko aldiz altxatu du besoa zartailua Googleren aurka berriro zuzenduko duelako mehatxu eginez. Azken ikerketa hori, gainera, iritsi da gerra komertzialaren harira Donald Trumpek esandako (eta egindako) fanfarroikerien ostean, Batasunaren subiranotasuna berretsiz edo. Jakina da AEBetako presidentea oso haserre dagoela Europak AEBetako konpainia teknologikoei ematen dien tratua dela eta; «aprobetxatzen ari dira, esan nizuen; baina egoerak ez du luzaro iraungo», esan zuen bere ohiko tonu oldarkorrean Googleren azken isuna iritsi zenean.
Jokalari eta epaile
Baina egoera luze joaten ari da, eta ez da Vestagerrek joan aurretik azken tiro bat bota nahi izan duelako, baizik eta komisarioak enpresa digital handien boterea neurrian jartzeko borondate irmoa duelako, orain eta gero; izan ere, politikari daniarra karguan jarraitzeko hautagai da Ursula von der Leyen presidente izango duen batzorde berrituan. «Lehiaren alorrean dauzkagun arauak ahal bezain irmo aplikatzen jarraitu behar dugu», esan berri du.
Trumpen muga zergen beldurrak merkatuak astintzen dituen honetan, Vestagerrek ondo baino hobeto daki AEBetako teknologia konpainien aurkako isunek badutela eragina gerra komertzialean, baina lehia zorrotz zaintzeko hitza eman du, eta Googleren azken ikerketak berretsi du komisarioaren konpromisoa. «Kontua da zuzena iruditzen ote zaigun Googlek eta beste konpainia batzuek hainbesteko kontrola edukitzea beste enpresa batzuek arrakasta edo porrota izan dezaten». Ahaltsuak ala ez, estatubatuarrak ala ez, Googlek, Amazonek, Facebookek eta Batasuneko merkatuan aritzen den edonork arauak bete behar dituela ozen esaten du aldiro Margrethe Vestagerrek. «Begien bistakoa da Google gisako enpresek tentazioa izan dezaketela jokalari eta epaile izateko aldi berean».
Denentzat dira lehiaren arauak, baina Googlerentzat dira isunik handienak. 8.257 milioi euroren zigorrak jaso ditu hiru isunen bidez, 2017an, 2018an eta 2019an. Eta Interneteko bilatzaile nagusiko zuzendaritzak badaki Batasunean gauzak asko oker daitezkeela aurrerantzean, bai Googlerentzat bai beste teknologia konpainia batzuentzat ere, dagozkien zergei izkin egiten badiete.
'Google tasa'
Frantziak Gafa tasa onartu du udan (Google tasa ere esaten zaiona), eta G7koek Miarritzen egindako goi bileran zerga horrek aurrera egiteko hauspo handia jaso du. Izan ere, konpainia handiek jarduera duten herrialdeetan zergak pagatzeari dagokionez, Frantziak egin duen urratsa estreinakoa da Europako Batasunean, eta ikusteko zegoen Etxe Zuriak nola hartuko zuen.
Frantziako ardoei muga zergak jartzeko mehatxu egin zuen Trumpek Miarritzen oinak jarri bezain laster; haren administrazioak Gafa tasaren inguruko ikerketa zabalduta dauka, gainera, baina Emmanuel Macron Frantziako presidenteak behin-behineko garaipen bat lortu du auzi horretan, akordioa egin duelako Trumpekin 2020. urtera arte zerga aplika dadin.
Itunak dio OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen barruan negoziatuko dela nazioarteko zerga sistema erreformatzea. Zerga berri bat legoke teknologia konpainiek beren jarduera egiten duten herrialdeetan ordain dezaten, eta ez paradisu fiskaletan. Parisek hitza eman du OCDE barruan zerga sistema adostea lortzen bada eta hura Parisek onartutakoa baino bigunagoa bada, aldea itzuliko diela Gafa tasa ordainduko duten konpaniei. Alegia, Gafa tasa kentzeko konpromisoa hartu du, baldin eta nazioartean ados jartzen badira haren ordezkoan.
Praktikan, ordea, itun horrek nazioarteko oniritzia ematen dio Macroni Gafa tasa aplikatzeko, Atlantikoaren beste aldetik iristen zen mehatxua gainditu eta aplikatzen hasiko delako, eta OCDEn ezer adostea lortuko den ikusteko dagoelako. Dena den, hain zuzen, Paris eta Washington dira OCDEren aterkian negoziazioa gidatzen ari direnak tasa berriaren inguruan.
Hau da, bien arteko negoziazio bihurtu da auzia, baina OCDEko kideei eragingo dien jokalekuan. Erakunde horretako idazkari nagusi Angel Gurriak esan du urte amaierako proposamen zehatza egon daitekeela, 2020ko erdialderako adostua egon dadin kideen artean. Azkarregi doan denborak esango du. Google Trumpek eman ahal dion babesaren zain dago, bidean dagoen isunaren zain egoteaz gain, Google tasa martxan jarria delako jadanik.