astekaria 2019/09/13
arrowItzuli

bizigiro

IZERDIZ ERAIKITAKO IRRIAK

Izaro Zinkunegi Barandiaran

IZERDIZ ERAIKITAKO IRRIAK

Orion (Gipuzkoa) elkartu dira Aiora Zulaika Pirritx eta Iker Galartza Poxpolo umorearen (esku)langileak, Gure Zirkuaren karparen gerizpean. «Elkarrekin ez gara aritu, baina badaukat gogoa», esan dio Zulaikak Galartzari. Laster erantzun dio hark: «Porrotxekin aritu nintzen; uste dut haurdun zeundela orduan». Oporretako azken egunak aprobetxatzen ari da Pirritx; Poxpolo, ostera, zirkuarekin biran dabil, bete-betean. Udako egunak aski ezberdinak dira haientzat; alta, sudur gorriaren babesetik begiratzen diote biek munduari. Pailazoak dira, eta euskara eta umorea dituzte langaiak.

Herri eta irri





Aparretan zabiltzate: Aiora, hogeitaka urte baditu zuen proiektuak; Iker, bi urtean gainezka egin du Gure Zirkuak. Euskarazko umorearen zain al zegoen publikoa?

IKER GALARTZA: Uste dut euskaraz egin daitekeela beste edozein hizkuntzatan egin daitekeen edozer. Gauza batzuk lehen ez zeuden, eta orain badaude; jendeak eskertu egiten du hori. Eta ez euskaldunak garelako, frantsesak ere eurenarekin oso frantsesak dira; eta gu, euskaldunok, oso euskaldunak gurearekin. Horregatik, gurea estimatu eta zaindu egiten dugu.

AIORA ZULAIKA: Badaukagu, kulturalki, serio fama euskaldunok. Baina nik esango nuke badugula umore bat, eta bideak erakutsi digula umorea bizimodu bat dela, mundua ikusteko modu bat. Jendeak oso gustura edaten du hortik.

Euskal umorea badago orduan?

A.Z.: Bai, jakina!

I.G.: Ni ez naiz jartzen pentsatzen euskal umorea egin behar dudala. Edukian pentsatzen dut esketx bat edo trama bat sortzerakoan; eta, batez ere, txisteak non sartu: umeei gustatuko zaizkienak, gurasoengana helduko direnak... Baina euskaraz bizi naiz, euskalduna naiz, eta euskaraz ateratzen zaizkit gauza horiek. Lan egiteko orduan ere euskaraz aritzen gara.

A.Z.: Berezkoa delako gertatzen da hori, ereiten duzunetik ernatzen eta hazten den arte. Berez egiten dugun zerbait da. Esaten da umore ingelesa, umore katalana... euren mundu ikuskeraren arabera, bakoitzak bere umorea dauka. Eta guk ere hala daukagu.

Nolakoa da euskal umorea?

I.G.: Amorrazio pixka bat ematen dit; batzuetan, euskal umoreaz hitz egitean, ematen du txisteak egin behar ditugula harri-jasotzaileekin, aizkolariekin eta herri kirolekin. Egin behar denean egingo da, baina edozein gai jorra daiteke euskaraz eta umorez.

A.Z.: Akaso ez nuke jakingo erantzuten nolakoa den euskal umorea, berezkoa dugulako. «Nolakoa zara zu?», galderari erantzutea bezala da. Esango nuke umore sanoa dela, eta nahi nuke izatea inklusiboa eta eraikitzailea.

I.G.: Eta minik egiten ez duena; ondokoa eta aurrekoa errespetatuko duena. Besteaz barrerik egin gabe sortzen duzuna.

Inklusioa eta errespetua aipatu dituzue. Ba al du marra gorririk zuen umoreak?

I.G.: Ni saiatzen naiz errespetua zaintzen. Nik, lanean ari naizenean, ez dut pentsatzen pedagogian, ezta heziketan ere. Horretarako gaude gurasoak. Esketx bat prestatzeko garaian, nik pentsatzen dudan gauza bakarra da barrea nola eragin; nik jendea barrez, txaloka eta ondo pasatzen ikusi nahi dut. Baina zaindu behar dira gauzak: ezin da bestearen fisikoaz barre egin, edo neska edo mutila delako.

A.Z.: Umorea barre eginaraztea da nagusiki; baina, momentu batean, izan liteke negar eginaraztea ere. Emozioak lantzea da umorea. Ni sentitzen naiz pixka bat hezitzaile, akaso, bide horretatik jo dugulako. Baina ez dut ikusten kontrapuntua denik, baizik eta lana bideratzeko beste modu bat. Muga gorria datza, batez ere, errespetuan, zentzu guztietan.

I.G.: Sentimenduak dantzan jartzea da umorea. Nahiago dut nik honako hau entzutea, zirkutik atera den bati: «Pozik atera naiz, hunkitu egin naiz; barrenak mugitu dizkidazue», hau baino: «Barre pila bat egin dut».

Heziketaren ardura





Haurrak dira, besteak beste, zuen publiko nagusia. Zein dira, egun, haien erreferenteak?

A.Z: Egun, oso eskura dituzte gailuak, gurasoonak eta eurenak. Milaka kate dituzte telebistan. Esango nuke mundua ikusteko eta ulertzeko duten modua zabalagoa izan daitekeela. Erreferente euskaldunak, berriz, telebistan aterako liratekeenak dira; hor dauzkagu ETBk egindako azkeneko produkzioak, eta umeek jarraitzen dituzte.

I.G.: Umeak Peppa Pig ikusten duenean pentsatzen dut: «Guk ere ikusten genituen halakoak». Baina, gero, bat-batean, Argentinako telesail bat ikusten ari dira, neskak minigonetan. Aztoratu egiten gara. Ni horrek asko kezkatzen nau, dena dute eskura. Eta indarrik handiena jartzen dut haurrak bideo jokoetan ez erortzen. Umeak inozotu egiten ditu; egunean bizpahiru ordu horretan galtzeak ez du ezertarako balio, ez dute lantzen irudimena.

Eta nola sortu bestelako erreferenteak?

A.Z.: Lan handia dago egiteko. Zeintzuk dira umeen erreferenteak? Zeintzuk nahi dugu izatea? Benetan sinetsiko bagenu euskaraz haurrentzat erreferenteak eraiki behar direla, estrategia bat landu eta garatu beharko genuke telebista publikoan, erakundeetan eta hezkuntzan. Horretan ez da nahikoa pentsatzen, eta kanpotik datorkigun inbasioa oso handia da; hor gaude batzuk, gehiago edo gutxiago ohartuta, batzuetan erreferenteak garenak, baina gurekin batera SpongeBob SquarePants, Peppa Pig eta beste hainbat adibide daude. Horiekin bizi behar dugu.

I.G.: Lanean segitzea geratzen zaigu, eta horren jakitun izatea. Umeek musika eskolara doazenean, inauterietan txarangan atera nahi dute, gurasoekin eta lehengusu-lehengusinekin jo nahi dutelako. Horretara bideratu behar da: umeak jolastu egin behar du, musikarekin jolastu. Umeak ez du eman nahi kontzertu bat; gero, ona bada, egingo du.

A.Z.: Kultura da gure nortasun indibidual eta kolektiboa lantzen duen zerbait; gu euskaldunak gara, eta euskaradunak izateaz gain, mundu ikuskera bat daukagu. Eta hori mimatzen, zaintzen eta lantzen ez badugu, garatzen ez badugu, gure nortasuna oso azaleko zerbait izango da.

Zuek ere bazarete erreferente. Zer da zuentzat pailazo izatea?

I.G.: Jarrera bat da bizitzaren aurrean: nik sudur gorria janzten dut jende aurrean ateratzeko, baina ni positibo ikusten naiz, indarrarekin eta energiarekin. Triste egoten ere badakit, eta ez daukat beldurrik triste egoteko, negar egiteko eta onartzeko negar egiten dudala.

A.Z.: Bizimodu bat da pailazoa izatea; mundua ikusteko modu bat eta zure haurrarekin kontaktuan egoteko modu bat. Iruditzen zait, bizi garen bezala eta urteek aurrera egin ahala, gure haurraz ahazten garela, eta hori akats handi bat da. Gero, egin behar ditugu yoga, terapiak eta beste mila gauza gure ume hori topatzeko. Hori baino errazagoa izan beharko luke.

I.G.: Pailazo katalan batek esaten zuen batzuei barruan duten ume hori 15 urterekin hiltzen zaiela, beste batzuei 25ekin eta zenbaiti 50ekin. Zorionekoak gu, ez zaigu-eta hil oraindik. Badakigu hor dagoela, eta heldutasun batekin jabetu gara horretaz; beraz, ez diogu hiltzen utziko.

Ez zarete ohiko pailazoak, ezta ohiko zirkua ere. Zein dira zuen bereizgarriak?

A.Z.: Euskaldunak, txikiak eta oso gertukoak izatea. Eta oso arruntak.

I.G.: Euskal Herria txikia da, eta ez da beste herrialdeetan bezala. Espainian, esaterako, artista bat ikusi duzu emanaldi batean, eta ez duzu gehiago ikusiko zure bizitzan. Gu, berriz, emanaldietan ikusten gaituzte, eta, gero, zerbait hartzen, edo erosketak egiten larunbat goizetan merkatuan. Normalak gara, eta hori ere iristen da.

A.Z.: Umorearen eskulangileak gara. Artistak gara, sormenean gabiltza, eta umorearen artea lantzen dugu; baina hori baino gehiago, eskulangileak gara. Autogestioa eta auzolana, horiek dira beste bi ezaugarri. Horiek mendiak ere mugi ditzakete. Euskaldunok hori ere badaukagu, eta horri esker egin ditzakegu egiten ditugunak.

I.G.: Denok dakigu beste edozein lanetan baino inplikazio handiagoa behar dela gurean. Hemen, goizeko lauretan haizeak jotzen badu, denok atera behar dugu karpa tenkatzera. Hori ez doa soldatan; gurea bokazioa da.

Zein balio lantzen dituzue zuen proiektuetan?

A.Z.: Izan daitezkeen balio guztiak, inguratzen gaituzten guztiak. Umorez edozein gauza landu dezakezu. Gu, adibidez, herrigintzan ere aritzen gara; mundu hobe baten alde lan egiten dugu, eta umoreak horretarako aukera ematen du. Umorea justizia lantzeko modu bat da, inklusioa lantzeko modu bat, ezberdin-berdinak garela erakusteko modu bat eta sentimendu eragile bat.

I.G.: Berdin da zuk zer ikuskizun egiten duzun. Berdin da hemen hamabi fokurekin edo birekin egiten duzun, bihotzez egiten den guztia iristen da. Nik ikasi egin dut maitatzen, ez naiz pentsatzen jartzen zer balio transmititzen ari naizen. Dakidana da, bihotzez ari naizela. Horrek, era berean, pertsona hobea egiten nau, eta, beraz, nire lana ere hobea izango da.

A.Z.: Mundu justuago baten ikuskera horretan, oholtzan urtero mundua konpontzetik harago, handik jaitsi eta bestelako proiektuetan ere ibiltzen gara; Bizipoza-n, esaterako, gaixotasunak, familia eredu desberdinak, genero identitateak, kultur aniztasuna eta abar lantzen dituzten elkarteekin. Edo Oinherri-n, herri hezitzaile eta pertsona parte hartzaileak bultzatzen.

Sormena, lokatzetan





Euskal kulturak badu beste alderdi bat ere. Ikerketen arabera, euskal kultura ez da kontsumitzen.

A.Z.: Euskal kultura badago, eta dagoena kontsumitzen dela esango nuke. Baina hor estrategia bat markatu behar da: zer daukagu, zer eduki nahi dugu, nora iritsi nahi dugu... Erakundeek inbertsio handiak egin behar dituzte. Auzolana eta autogestioa oso gureak dira, eta oso ondo daude, baina horri laguntza eta baliabideak eman behar zaizkio. Kulturarik gabeko herria bihotzik gabeko herria da. Esaterako, zinemagintzan frogatu dute; euskarazko ekoizpenek nazioartean sekulako onespena dute, sariak eman dizkiete. Hor autogestiotik abiatutako egitasmo iraultzaileak daude, eta horri laguntza eman behar zaio. Baina estrategia ez da dirua ematea bakarrik, estrategia da herrietan proiektuak bultzatzea. Herritarrek abiatzen dituzte halakoak, behar bat ikusi dutelako; baina erakundeek ere ikusi beharko lukete behar hori, ezin dugu prekaritatean erortzen utzi.

I.G.: Erakundeek, gutxienez, hasten ari diren proiektuei hazten utzi beharko liekete, eta garatzen. Baina dena ez da dirua. Apustua egin behar dugu sortzaileok ere; guk eskatzen baditugu gauza horiek, arriskatu ere egin behar da, zain egon gabe.

Sortzaileon lana ofizio modura ulertzen al da?

A.Z.: Ez, eta hor dago koxka. Askotan, geuk ere ez dakigu kontratuetan zer jarri, nola egin eta nola bideratu. Oso prekario gaude. Frantzian badute beste estatus bat sortzaileek eta aktoreek. Hor ere berdinera goaz, apustua egin behar da.

I.G.: Errusian, trapezista lanetan aritu bazara zirku batean 20-25 urtez, erretira zaitezke; herriagatik egindako lan hori eskertzen dizute. Sortzaile izatea ez da sator zuloan egotea; jarrera bat da, ingurua, jendea eta bizitza ikustea. Baina inork ez dizu ordaintzen horrela egoteagatik.

Iker, zuk esandakoa da: «Batzuetan, asebetetzen ez zaituen lan bat eskaintzen dizutenean, ez duzu jakiten onartu ala ez; gero damutu egiten zara, askotan hobe izaten delako oso gustukoa ez duzun lan bat egin, eta ogia etxera ekartzea». Bizi izaten dituzue horrelako egoerak?

I.G.: Batzuek esaten dizute: «Zuri ez zaizu inoiz lanik faltako». Bai, baina zer lan? Gustuko lana egiteko nago; baina, batzuetan, ez hain gustukoari heldu behar zaio. Ez dut beldurrik beste lan batzuk egiteko: Madrilera filmatzera joateko edo okindegi batean aritzeko. Denboraldi honetan, Egunak egin du programa aurkeztu behar nuen ETB1en; eta, azkenean, Klaudio Landak aurkeztuko du. Uda guztian pentsatu irailetik aurrera lan bat duzula, eta, orain, erori egiten zaizu. Atzo, autoa hartu, Madrilera joan, eta casting bat egin nuen. Badakit moldatuko naizela, pailazoa naizelako.

Aiora, zuk, berriz, hogeitaka urteko ibilbidea egin duzu pailazo jardunean. Profesionalki, egoera egonkorra duzuela esan daiteke?

A.Z.: Bai, nahiz eta gure gorabeherak izan urtetan. Herrigintzatik gatoz, eta erabaki batzuk hartu ditugunean bazterkeria eta boikota jasan ditugu, erabaki horiek gure lan profesionalarekin zerikusirik ez zuten arren. Ez da erraza izan, baina jakin dugu proiektu egonkor bat muntatzen, eta horri eusten. Ez dugu erakundeen laguntzarik izan, eta baztertuak izan gara batzuetan, baina herria hor eduki dugu. Badaukagu nolabaiteko egonkortasun bat, baina gaurtik biharrera alda daiteke.

Zentsura ere jasan duzue zuen ibilbidean.

A.Z.: Euskal Herrian, ekintzaile eta konprometitua izatea eta zure ideiak argi adieraztea zaila izan da, eta hala da oraindik ere. Emakume izateak ere ez du laguntzen. Nik ikasi dut hauskor izate horretatik maitasun asko sortu dela; esango nuke gorrotoa baino maitasun askoz gehiago jaso dugula norbanako eta talde gisa.

Iker, esan izan duzu Gure Zirkua arte eszeniko gisa ez dutela ulertzen erakundeek, txurreria eta barraka gisa baizik.

I.G.: Zirkuak hori ere erakutsi dit. Lehen, esaten genuen: «Gu ez gara ferianteak, hau arte eszeniko bat da; arte guztiak daude: musika, antzerkia, akrobazia...». Legeak esan dit feriante bat naizela, eta horren aurka borrokatu naiz. Azkenean, nazkatu eta feriante egin naiz. Aurten, Mungian egon gara barraketakoekin batera; eurekin nago, euretako bat naiz, eta harro sentitzen naiz feriante izateaz.

Telebistaren (h)egiak





Galartza, ETBn askotan aritu izan zara: Goenkale-n, Vaya Semanita-n, 3txulo-n... Nolakoa da telebista?

I.G.: Gustura aritu naiz, baina telebista hotza da. «Honengatik ez digute saririk emango; baina ez dago denborarik, eta hurrengoa grabatu behar da», esaten dizute. Zirkuan, jendeak txalo jotzen du, barre egiten du, negar egiten du... eta zuk beraiekin batera bizitzen duzu; denok bizipen bat partekatzen dugu. Aktoreentzat ez dago irtenbide handirik; orain, pilotu bat egiten da, eta, ondo ateratzen bada, gero sei egiten dira. Eta zure bizitza horren arabera antolatu behar duzu. Ez dago egonkortasunik, ez dago apusturik hamahiru kapituluko serie bat egiteko; lehen egiten ziren.

Espainiako telebistan ere aritu zara. Zer alde dago?

I.G.: Hizkuntzari dagokionez, zailtasun handiagoa izaten dut gidoiak gaztelaniaz ikasteko orduan. Euskaraz, paperean dagoen bezala etortzen ez bazaizu ere, zuzen esango duzu. Gainerakoan, esperientzia ona izan da, eta zortea eduki dut, han ibili naizenetan euskaldunekin egon bainaiz. Babestua sentitu izan naiz. Baina demostratu behar izan dugu euskaldunok profesionalak garela. Entzun izan dut, hasieran: «Etor daitezela aktoreak, eta baita euskaldunak ere». Gero, grabatzeko orduan, harritu egiten dira.

A.Z.: Txikitasunagatik, askotan, euskaldunok frogatu behar dugu eurak adina bagarela. Eta gainera, sarritan, geuk sentitzen dugu zuek bezain ona naiz frogatu beharra. Motxila handia da.

Aiora, zuek, berriz, oso gutxitan agertu ohi zarete. Nolakoa da harremana?

A.Z.: Talde gisa badaukagu harremana, baina ez da bilatzen dugun zerbait. Noizbait, saiatu izan gara, baina ez dute nahi izan. Eta ez gara tematuko nahi ez gaituzten tokietan egoten. Aurten, esaterako, Musua ikuskizuna eman dute ETB3n. Eta Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia proiektuarekin ere ari gara Katxiporreta, Elkar, Lotura Films eta ETB elkarlanean. Marrazki bizidunen film luze bat ekoizten ari gara datorren udaberrirako.

Nolakoa da gaur egun euskarazko telebistaren egoera?

A.Z.: Inbertitu beharra dago. Diru gutxi dago, baina zergatik gastatu behar dugu Conquis bat egiten ez dakit nongo puntan? Eta gero, zer dago ETB1en, euskarazko produkzioan? Zergatik ematen zaio euskarazkoari hain garrantzi txikia? ETB1 da izan beharko lukeena baino askoz txikiagoa.

Eta haurrentzako euskarazko telebista?

I.G.: Izan beharko luke haragi eta hezurrezko telebista bat. Marrazki bizidunak ematen dituena, baina haragi eta hezurrezkoa. Eta ez ordenagailu batean programatutako bateria bat, eta kito.

A.Z.: Negargura ematen du. Nik poza hartu dut, esaterako, Ene Kantak ETBn lanean hasiko dela jakin dudanean. Euskara, alaitasuna eta jende jatorra, seguru zerbait polita egingo dutela.

I.G.: Ez dut oso altu esan nahi, baina Ene Kantak-ekoek kezkatzen naute ni. Telebista beste mundu bat da, batere eskrupulurik gabekoa; zuk gauza batzuk egiten dituzu asko pentsatuta: zergatik, nola, nondik jo, balio batzuk nola transmititu eta abar. Bihar arratsaldean bat etorriko zaizu eta esango dizu: «Hori ez da horrela, eta beste era batera egin behar duzu».

Etorkizunaren argi-ilunak





Osasuntsu al dago pailazogintza Euskal Herrian?

A.Z.: Bai, denontzat dago. Gu, esaterako, ikasturtearen egutegiarekin aritzen gara. Arlo hezitzaileagoa lantzen dugu, eta kiroldegi, antzoki, ospitaleko gela eta gainontzekoetarako irekiak gaude. Gure Zirkua ferianteagoa da, eta beste izaera bat du; karparen inguruko magia hori dauka. Beste batzuk kale animazioan dabiltza, baita antzerkian ere. Denentzat dago, ez dago lehiarik gure artean, osagarriak gara.

I.G.: Hala da. Mungiakoa horren adibide bat da: Gure Zirkua hara joatekoa zen, eta, azken orduan, ohartu ziren Katxiporretakoak zeudela asteburu berean. Hamabost egun atzeratu ote genezakeen galdetu ziguten, eta halaxe egin genuen.

Sudur gorriekin jarraituko duzue, beraz?

A.Z.: Nire ardatza Pirritx eta Katxiporreta dira oraintxe bertan. Sudur gorria aldean dudala ikusten naiz betiko. Katxiporreta noiz arte izango den, denborak esango du; ez dut neure burua hamar urte barru irudikatzeko joera hori. Dakidana da zenbat eman didan umoreak, sudur gorriak eta Katxiporretak.

I.G.: Zirkua, pixkanaka, egia bihurtzen ari da, eta horrekin jarraitu nahi dut. Duela hiru urte, karpa ekarri genuenean, buruan geneukan zirku eskolaren proiektua ere. Europako beste toki askotan bezala, karpa finko bat eduki nahiko nuke, gure gazteek trapezio batean zintzilik jarri nahi badute, horretarako aukera edukitzeko.

Iker, zirku eskola aipatu duzu. Ba al dute etorkizunik pailazogintzak eta zirkuak?

I.G.: Haurrak gogotsu, daude. Batzuetan pentsatzen duzu: «Dirua izango banu, inori baimenik eskatu gabe karpa finko bat jarri eta eskola bat martxan jartzeko...». Esperimentuak egin ditugu eta frogatu dugu umeek nahi dutela, eta soldatak atera daitezkeela. Horretan sinetsiko duen jendea behar dugu erakundeetan, eta konfiantza emango diguna.

A.Z.: Erakundeek, herritarrek, hezitzaileek eta familiek, denok sinetsi behar dugu horretan. Txiki-txikitatik, umea zerbait bada, sormena da. Eta zuk umeari zirikatze lan hori egin behar diozu, horretan hezi behar duzu. Baina antzerki tailerrik ez badago herri batean, edo eskuak zikintzeko aukerarik ez badauka, nola garatuko du ume horrek bere sormenerako gogoa? Edo euskal kantuak entzuten ez baditu, zer erreferentzia edukiko ditu? Dena batera dator. Hezkuntzan bidelagun eta zirikatzaile izan behar da, haurrari ekintzailetza pizteko.

BERRIAn argitaratua (2019/09/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA